Ama eta lurra non?
Orain dela urte gutxi –ditxosozko pandemiaren aurretik– herrietako saltokietan oso erosketa gutxi egiten zirelako (eta direlako) kezkatuta zegoen merkatari elkarte bati proposatu nion Amazon zuzenean jopuntuan jarriko zuen dinamika publiko bat egitea. Merkatari haiek (eta seguruenik guztiek) argi zuten zein zen euren arerio nagusia, baina ez ziren halakorik egiten ausartu.
Pandemiak ezer onik ez digu utzi, nahiz eta une labur batean bazirudien onerako aldatu ahal ginela, baina ez. Izan genuen instant batez lokala, bertakoa, baloratzeko eta bertan erosteko kontzientzia, baina hori oso azkar ahaztu zaigu. Eta kalera gero eta gutxiago irteten garenez, gero eta joera handiagoa daukagu klik bat eginez “betikoei” erosteko. Erosterakoan, bizirik gaudela sentitu eta oraindik ere gauzak gure kabuz egiteko askatasuna dugun uste inozoarekin. Gajoak!
Izan ere, pandemia garaia une ezin hobea izan da jabetzeko hariak –gure hariak– beste nonbait mugitzen direla, gure kontrol eta eskumenetik kanpo eta horien korronteen arabera dantzan gaudela hara eta hona. Hala, burujabe izan nahi badugu –edozein zentzutan– hobe dugu lehenbailehen lokarriak askatu eta gurea –eskura duguna– eraikitzen eta babesten hastea, guretzat, gugatik eta gure ondorengoentzat. Baina, ez, urrezko aukera hori pasatzen utzi dugu.
Hain zuzen ere, bizi ditugun garaien eta gure gizartearen gaitz nagusietako bat hori da: ez dugula epe luze eta ertainean pentsatzen, ez dugu nahi halakorik irudikatu. Guztia nahi dugu orain, momentuan, hori da premisa nagusia; eta, bigarrena, alfer hutsak gara: ohitu gara mugitu gabe klik bakarrean nahi duguna eskuratzen.
Hirugarrena prezioa litzateke. Prezioa, zeren prezioa? Momentuan ordaindutakoarena, edo dirua leku batean edo bestean gastatzeak izan dezakeen eraginaren prezioa? Zertan aberasten gaitu herritar edo norbanako moduan dirua Amazoni emateak? Nora doa gero diru hori? Gure paisaia, gure zerbitzuak, gure herria… hobetuko ditu? Ez! Eta hori soberan dakigu, baina ez digu axola.
Amazonek dirutza irabazten du –begi bistan dago, begiratu zenbat gastatzen duzuen zuetako edozeinek–, baina apenas ordaintzen du zergarik, eta egitekotan, hemendik kanpo, gainera. Aberats egiten duten lurraldeei ez die ezer ematen trukean.
Are gehiago, badago aspaldiko teoria bat, konspiratzailea iruditu arren egunez egun betetzen ari dena, eta zera dio: Amazonek saltzen dituen lehengaien prezioak merkatuz gainontzeko saltokiak –saldu ezinean– itxiarazi eta etorkizunean –agian uste dugun baino lehenago– lehiakide gabe gelditzeko helburua du. Eta behin hori lortuta, dagoeneko monopolio gisa, nahi dituen prezioak eta zerbitzuak eskainiko dituela soilik. Eguneroko errepidean, lantokietan eta etxeetan ikusten den paketeria mugimendu guztia eta gure herrietako saltokien paisaia ikusita ez dut nik teoria hori errealitatetik kanpo ikusten. Eta, egia esan, beldurgarria da!
Ez dago zalantzarik Amazon kudeatzen dutenek jakin dutela lehen mundua deritzon gizakion portaerak ondo aztertzen eta irakurtzen. Are gehiago, gutako ia edozeini bost axola zaigula egiten ditugun ekintzen ondorioa zein den eta horregatik –beranduegi izan arte– gutako askok hala jarraituko dugula. Nahiz eta hau eta beste horrelako informazio asko irakurri eta guztiok horren jakitun izan. •