GAUR8 - mila leiho zabalik

Espazioaren ekologia


Paper zati honekin hilabetero dudan enkontrua izerdi patsetan idatzi nuen, eta gaiaren berritasunari heldu nion, pentsatuaz, salbuespen egoera bat izateagatik, gaiak nobedadea zuela. Beroaldiak beste behin harrapatu nau hilabete bat igaro ondoren eta azkenekoz idatzitakoak zentzurik galdu ez duen arren, dagoeneko tenperaturek hizketaldi asko eman dute kale eta sare sozialetan, asperdura sortu arte, hitz jarioek ez baitute termometroa baretuko baina apokalipsi giro bat sortzera iritsi dira. Denboraren igarotzeak argi utzi du ama lurra berotan jarri dugula, haserrealdian.

Eguneroko errutina puskatu edo salbuespen egoerak gure gain etortzen direnean, gizartearen begirada kritikoa espazio eta lurraldera zuzentzea ohitura bilakatzen ari da. Nola iritsi garen honaino galderak bultzaturik, errudunak bilatzean sortzen den etsipenagatik edo bizi garen sostengu fisikoaren izaerak sortzen duen arduragatik, gogoeta egiteko une egokia gertatzen da. Arazoaren erdian gaudenean, arkitekturak eta hirigintzak lehen mailako garrantzia hartzen du, egiturazko gaiak lantzen dituelako: etxeak, kaleak, azpiegiturak, lurzoruen erabilerak orain eta etorkizunean. Istripu bat ezin da aurreikusi, baina lurraldearen errealitate fisikoan eragiteko esparrurik badugu, eta arriskuak ekiditeko politika asko lurraldearen kudeaketarekin harremanean dira. Mendietako suteak, uholde eremuetan diren etxebizitzen egoera, herrien kaleetako itzal gabezia, etxeetako aireztapen sistema bioklimatikoak, eta abar. Lurraldearen gaineko politikek, hirigintza planek eta espazio publikoaren diseinuak ekarri dute hein handi batean egoera kaotikoago bat pandemia eta beroaldia igarotzeko unean, eta gizartea ohartu da espazioak zenbateraino baldintzatzen duen gure bizitza.

Ez dakit zer datorkigun, baina ingurune espazial osasuntsuago eta erresilienteago bat lortzearen helburuak ez luke etorkizunaren bola magikoaren baldintzapean egon behar. Kaleetan asfaltoari eta hormigoiari eman diogun lekua eta horrekin sortu dugun espazio estetika eta kultura beste modu batekoa izatea nahi dugula adostu genezake. Zaharkiturik gelditu dira, ez diete egungo beharrei erantzuten.

Espazioaren eta lurraldearen biraketa hau ez da soilik arkitektoen eskutik etorriko, konplexuagoa da. Espazioaren biraketa ekologikoa deitu dezakegunak ingurunea osatzen duten elementu eta materia ororen arteko lotura eta harremanekin lan egitea suposatuko luke. Horretarako, espazioak eragiten dituen harreman klase guztiak identifikatu beharko genituzke, existitzen direla onartu eta nolakoak diren sakon aztertu: biologikoak, afektiboak, materialak, energetikoak. Eta ondoren, harreman posibleak ahalbidetzeko diseinuak sortu. Pentsatu nahi dut horrelako aldaketa bat ama lurrarekin adiskidetzeko tratua izan litekeela. •