GAUR8 - mila leiho zabalik

Anekdotikoa ohiko bihurtzen denean


47 gradu markatzen zizkidan aurreko batean kotxeko termometroak bertara sartu nintzenean. Eguzkitan zegoen, bai, baina auto kanpoan ere ez pentsa tenperatura askoz ere freskoagoa zenik, 43 irakurri bainuen bideko farmazia batean eta hura itzaletan zegoen. Bero sapa pairatu dugu Euskal Herrian egun dexentetan jarraian eta ez zeuden pozik ezta nire kuadrillako batzuk ere, sarri hemengo klima hotz eta euritsuaz kexatzen diren horiek!

Horrelako egunetan beti gogoratzen ditut kubatarrak eta hauen «ahorita mismo, mi amol» edo andaluzen «oju, que calor quillo!». Eta orduan ulertzen dut hauen erritmo pausatua edozer egiteko. Ezin da beste modu batera funtzionatu!

Orain arte, anekdotikoak edo gutxiengoak dira horrelako egun beroak, baina nabari da azken urteotan etxean ere eguraldia ez dela betikoa; ez udan, ez neguan, ez eta beste urtaroetan ere. Gero eta bero egun gehiago ditugu, tenperatura altuagoak, elur eta euri gutxiago egiten du gurean… Maizago entzuten dugu gure herrietan ur mozketak ditugula, urtegiak hutsak daudela, suteak batez ere Nafarroan gero eta sarriago eta bortitzagoak…

Aspalditik dugu abixua klima aldaketa bazetorrela eta etxe atariraino sartu zaigu honezkero. Jada ez da ez dakit nongo glaziarra erori da edo ez dakit nongo lehorteak. Ez, ez, hemen dago eta okerrera egingo du guztiak. Gure lurrak ere aski esan du! Ezin du gehiago jasan!

Berandu goaz oso, baina hala ere, ez dugu ezer egin behar? Askotan, urruti ikusten dugunean afera edo arazoa, ez dugu ezer egiten, baina gu ukitzen gaituenean bai. Ba, momentu hori hau da. Inoiz ez omen da berandu. Bestela, gure belaunaldikoak agian libratuko gara edo anekdotikoa izaten jarraituko du. Baina zuen auzo eta herrietako haurrentzat egunerokoa bilakatuko da. Eta ez dugu hori nahi, ezta? •