30 JUL. 2022 EUSKAL HERRIKO ERRETRATUAREN ARTEA IKUSGAI DONIBANE LOHIZUNEN «Siluetak, buruak eta aurpegiak: erretratuaren artea Euskal Herrian» erakusketak XIX. mendeko artistak, garaikideak eta berri-berrienak elkartzen ditu Donibane Lohizuneko Dukontenia eta Rotonda geletan. Agorrilaren 21era arte ikusgai izanen diren margoak, marrazkiak, argazkiak eta eskulturak bilduma pribatu eta publikoetatik heldu dira. Idoia Eraso Sasoi desberdinetako erretratuaren adibideak biltzen dituen erakusketa anitza da garaiari eta formari begira. Aniztasun hori baldintza hain berezietan denen eskura egotearen arrazoia erakusketaren komisarioei zor zaie, Ines eta Michel de Jaureguiberryri. «Ez gara adituak, baina pasionatuak bai, jada liburuak idatzi ditugu horri buruz, eta bildumagileak gara. Aspaldi egin nahi genuen erakusketa bat Euskal Herriko erretratuaren arteari buruz, Iparralde eta Hegoaldeko artistak elkartuz», baieztatu du bigarrenak. Erakustaldi honetan aldi baterako elkartzen diren obren parte handi bat bestela ikusteko zaila edo ezinezkoa da kasu anitzetan. Bilduma osatzen duten 90 lanen parte handi bat hamabost bildumagilek komisarioengan «konfiantza» dutelako ikusgai dira, eta beste batzuk erakunde publikoetatik heldu dira. Ramiro Arruerenak Donibane Lohizuneko herriko etxeko paretak dekoratzen egoten dira, publikoari irekiak ez diren geletan, eta Baionako Euskal Museoak bi obra utzi ditu. Ia bi urte dira hitzordu berezi hau prestatzen hasi zirela, Michel de Jaureguiberryk zerrenda «amestu» gisara definitzen duen hau lortu ahal izateko: «Aukera oso pertsonala eta subjektiboa da, nahi genuen guk garrantzitsutzat hartzen ditugun obrak sartu. Garaikideen artean Zumeta, Sistiaga edo Oteiza bertan daude, esaterako, zerbaiten adierazle direlako, artista handiak direla uste dugulako, eta denen artean istorio bat kontatu nahi izan dugulako. Leon Bonnat, Pablo Tillac… artista klasiko ezagunen artean. Eta Donibane Lohizuneko Louis Triol etorkizun handiko artista gaztea sartu dugu, esaterako». Argiki adierazi dute obren nahasketa oso subjektiboa izan dela, XIX. mendearen bukaeratik, XX. mende osoan zehar, eta gaur egun arte, erretratuaren arteari buruzko osotasuna aurkeztu nahi izan dute ikuspuntu propiotik. Bide horretan, garaia, estiloa eta teknika elkartzea derrigorrezkoa iruditu zaie. Nahasketa aurkezpenean ere aipatu dute; horrela, kronologikoki antolatu beharrean adierazpide artistikoari begiratu diote: «Obrek elkarri hitz egiten diote, erakusketaren ideia da ibilbidean zehar teknikaren, artisten eta garaien aniztasuna agertzea, eta nahastea gai beraren inguruan». Euskal arteari dagokionez, erakusketaren bitartez erretratuaren garrantzia azpimarratu nahi dute egitasmo hau prestatzen hamar urte zeramaten senar-emazteek. Bisitariari «sentiaraztea» bilatzen dute antolatzaileek, eta helburu horrekin egin dute hautua eta antolaketa. Dukontenia da espazio handiena, bi estaietan banatuta. Bertara sartzean, Ramiro Arrueren autorretratu batek eta Pantxo Egañak Jose Antonio Sistiagari egindako argazki batek egiten dio bisitariari harrera. Ondoren, Zigorren eskultura bat eta Leon Bonnaten obra bat atzeman daitezke, «konfrontatuta». Horrekin potretak era ezberdinetan adierazi daitezkeela erakutsi nahi izan dute. Autorretratuei eskainitako horma oso bat ere bada, baita Gaur taldeari omenaldia egiten dion beste bat ere, non Oteiza, Sistiaga, Zumeta eta Txillida agertzen diren adierazpide ezberdinen bitartez. Goiko partean, aldiz, nahasketa da protagonista nagusia, bertan margo klasikoen eta modernoen elkarketa agertzen da, nola garatu diren agerian utzi nahi duena. Artisten ibilbide osoa izan da, justuki, hautaketa subjektibo horretan kontserbatzaileen irizpide nagusia, artisten errekonozimenduarekin batera. «Kalitatezko ibilbidea izan duten artistak soilik eman ditugu», adierazi du senarrak. Horien artean aurki ditzakegu: Patxi Laskarai, Aitor de Mendizabal, Zoe Bray, Helene Elissague Elizaga, Ainize Txopitea, Marie Garay, Gonzalo Etxebarria, Mauricio Kaperotxipi, François M. Roganeau, Koldobika Jauregi, Amable Arias, Jose Ramon Anda, Gustave Colin, Sandrine Debarbieux, Alberto Arrue, Michel Hacala, Julian de Tellaeche… Bi espaziotan banatua izatea baliatu dute komisarioek erakusketa bera ere zatitzeko, Rotonda gela kostaldearen ondoan dago, eta horri loturik «Itsasoa, marinelak eta kaskarotak» izena jarri diotela jakinarazi du Michel de Jaureguiberryk: «Bertan ere, nahasketa atzematen da, arte garaikidea eta klasikoa elkarturik. Itsasotik hurbil dagoen gunea da, eta aski txikia denez gai bakar bat izatea nahi genuen, borobilduta gelditzeko. Euskal artean itsasoaren gaia oso presente dagoela kontuan hartu behar da». Ekimen arrakastatsua Dukonteniako gunean obrek bisitariari beren sekretuak agerrarazi baino lehen, harrera egiten egoten da beti Sylvie Ravold. Bertara jende anitz hurbiltzen ari dela baieztatu du, baita ateratzean jendea oso pozik egoten dela ere, bildumaren kalitatea dela-eta: «Kontrastea gustatzen zaie, eszenografia ongi pentsatua dagoela erraten didate». Gustuen aniztasunak erakusketaren aberastasunarekin bat egiten duela ere azaldu du, Pablo Tillac anitz gustatzen zaiela, Arrueren “Suzanneren potreta”»… zerrendatzen hasita erakusketako artisten itzulia egiten du Ravoldek. Erakusketan obraren bat daukaten artista bizietako gehienak estreinaldian izan ziren eta Jaureguiberryren iritziz, «guztiek maitatu dute, ia denak izan ziren bertan, eta guretzat oso garrantzitsua izan zen, beraien atxikimendua erakutsi ziotelako horrela». Hautaketa egitean zazpi lurraldeak kontuan hartu dituztela nabarmendu dute antolatzaileek: «Oso garrantzitsua da guretzat Hegoaldeko artistak ezagunak izan daitezen Iparraldean, baita alderantziz ere. Anitzetan konturatzen gara gaur egun ez dela horrela. Guk Euskal Herriari buruz pentsatzen dugularik osotasunean izaten da». Hitzorduari loturik, eta gaiari helduz, hitzaldi bat eskainiko dute erakusketan hautatuak izan diren Louis Triol argazkilariak eta Sandrine Debarbieux margolariak abuztuaren 3an 17.30ean Rotonda gelan. Obrak ikusteko aukera asteazkenetik igandera dago, 15.00etatik 19.30era, eta larunbatetan goizean ere bai, 10.00etatik 12.30era.