GAUR8 - mila leiho zabalik

Memoria kontuak


Bero joan da uztaila. Askotariko suteak izan ditugu. Meteorologiari lotuak eta bestelakoak. Ekonomia eta lan arlokoak bero iragartzen zaizkigu. Politika eta elkarbizitzari dagozkion gaietan suak nonahi dira: espresuki piztuak batzuk, itzalezinak besteak, iraunkorrak eta iragankorrak, atzokoak eta gaurkotuak. Memoria kontuak dira.

Batetik. Miguel Angel Blanco ETAk hil zueneko urteurrena ez da oharkabean igaro. Egun seinalatuaren aurreko eta ondorengo egunetan egin diren ekitaldiak, memoria eta oroitzapenaren ekimenetik harago, karga politiko handiko ekitaldi bilakatu dituzte.

Komunikabideek eta bereziki Euskal Irrati Telebistak eman dion trataera oso esanguratsua izan da. Askok garbi utzi nahi izan digute egun haietako gertakari lazgarri, mingarri eta saminen gainetik, egun haien oroitzapen, irudi eta hitzek badutela erabilera politikorako karga erantsia. Orduko hura oroitu eta berriro gerta ez dadin konpromisoak hartzeko baino gehiago, gaur egungo testuinguru politikoan eragiteko asmoarekin erabiliak izan direla ez dago zalantzarik, okasiorako, indar politiko eta juridiko guztiak berriro martxan jarri baitituzte.

Etekin politikoak nahiago bizikidetzaren izenean. Bizikidetzak eskatzen duen biktima guztien aitormena egitetik urrun gaudela garbi ikusi dugu: biktima batzuen memoriak toki berezia duen bitartean, beste batzuena ahanzturan erortzen utzi nahi da.

Bigarrenik. Komunikabide eta indar politiko horiek talde batek Ertzaintzako kide bat Mutrikuko festetan baztertu izana edo Gasteizko erasoa bizikidetzaren izenean arbuiatu dute. Aukera aproposa epe motzeko erabilera politikorako. Pertsona horiek festetan libreki parte hartzeko duten eskubidea aitortuta, begirada luzeko irakurketa egin beharko lukete agintariek, iraganean eta egun Ertzaintza gazte horiekiko izaten ari den jarrera errepresiboaz memoria egin eta norabidea moldatzeko.

Hirugarrenik. Joan zen asteburuan Parot eta Esnalen bizitza osorako kartzelatzearen aurka egindako blokeo ekintza, gure memoria astintzetik harago, giza eskubideen aldeko borrokan euskal gizartearen sektore zabal batek hartu duen konpromisoren lekuko izan dugu.

Eta gehiago. Bizikidetza desio bat da, baina memoria inklusiboa, osoa, izan ordez herrena baldin bada, errealitate ez baizik disputarako lelo bilakatuko zaigu. •