13 AGO. 2022 BEHATXULOTIK Emakumeak Bilbo defendatzen, «Mujeres» aldizkarian Juantxo EGAÑA 1937ko otsailaren 6an atera zen kalera “Mujeres” astekari grafikoaren lehen alea, Florentina Taxende Sestaoko EAE-ANVko militantea buru zuen Euzkadiko Gerra eta Faxismoaren aurkako Emakumeen Batzordeak argitaratua. Astekaria Maria Luisa de la Presak zuzentzen zuen eta bertan Aurora Perez Ricart (JSU), Maria Sanroma (FAI), Maribel Larrañaga eta Juanita Lefebre aritzen ziren lanean. Erredakzioa Bilboko Astarloa kaleko 7.ean zegoen. “Mujeres” astekariak garrantzi handia eman zien bere azalei, emakume langileen erretratuak aukeratuz, horietako batzuk garai hartako argazki-abangoardiakoak; barnealdekoak klasikoagoak ziren eta ez zeramaten egilearen sinadurarik. Asmo adierazpen batean, astekariak hauxe zioen: «...emakume antifaxistarentzat gaur egun Euzkadiren alde gerraren aurka borrokatzeko modurik onena atzeguardiako lan guztietan murgiltzea da. Gaur inoiz baino gehiago, esaten dugu: beso bat ere ez geldi, indar produktiborik ez erabili gabe. Emakume euskaldunaren esku saiatuak produkzioan laguntzeko prest daude...». 1937ko maiatzaren amaieran, eta Bilbo erortzear zela ikusita, 15. zenbakian editorialak honela zioen: «Dilema barkaezina; gizonek Bilbori bere defentsa ukatzen badiote, emakumeok defendatuko dugu». Zenbaki horretan bertan, azalean emakume batzuk ageri ziren gotorlekuetan lanean, eta barruan egindako elkarrizketa batean, “Osasuna gotorlekuko brigada femeninoei” izenburupean, beren lana aldarrikatzen zuten, eta halaxe eskatzen zieten elkarrizketaren amaieran lankide gizonei: «...utz iezaguzue lanean, lagunak, eta utzi behingoz kritika hutsalak egiteari». Argazkia: Memoria historikoaren dokumentazio zentroa. Salamanca.