13 AGO. 2022 Ezkerretara ala eskuinetara egingo du haserreak? Ramon Sola Ikasturteko sekuentzia erraz iragartzekoa da: mozkorraldia, ajea eta biharamuna. Mozkorraldia, lehenik: horretan gabiltza buru-belarri, taxuz eta zentzuz, dena ematen. «Bizi behar da», hori dugu uda honetako kantuaren leloa. Ministro bati entzun diot, harrituta, inflazioaren tasa ikaragarria ez dela gure gastua biderkatzeko inolako oztopo izaten ari. Eta ibilgailuen sektoreko ordezkari bati, kexu, tabernetan tailerretan baino lau aldiz gehiago gastatzen ari garela, inoiz ikusi gabekoa. Ajea, bigarrenik: iraileko aldapa laster etorriko da, eta berarekin batera kontu korronteetako hotzikarak, eta bai, tailerrera joan beharrak ere bai. Ez da elikagai edo erregaien salneurriak goxatuko diren zantzurik sumatzen, ez eta Ukrainako gerra laster bukatuko den itxaropenik ere. Mozkorraldiaren ajearen biharamuna, azkenik: hurrengo lau urteotan krisiz beteriko agertoki hau nork eta nola kudeatuko duen erabakitzeko hauteskunde zikloa abiatuko da udaberrian. Ibilbide honetan, noizbait piztu beharko da haserrea, sumindura, amorrua beharbada. Izan ere, horretarako arrazoiak pilatzen joan dira (gazteen artean zeresanik ez) eta mozkorraldi-aje jardun honetan barrena norberak barneratutako «bajoia» erantsiko zaie. Ez dakigu, ordea, politikoki zein norabide hartuko duen balizko eztanda horrek: ezkerretara egingo duen ala eskuinetara. Aldagai objektiboak mahai gainean jarrita, ezkerrekoa beharko litzatekeela ukaezina da: aberastasunaren banaketan lapurreta modu berriak ageri dira, klima aldaketaren aurkako borrokak jada ez du atzerapenik onartzen, Ukrainakoak konponbide baketsu eta demokratikoak indartu beharko lituzke… Aldagai subjektiboei erreparatuta, berriz, oso deigarria da egungo nahasmena. Uda honetan bertan azaleratzen diren portaerek udazkena aurreikusi eta udaberriarekin kezkatzeko soberako motiboak ematen dituzte. Troiako zaldian bezala ari da sartzen eskuineko zenbait tresna (argudio eta joera) ezkerraren eremuan. Zergen aurkako diskurtsoa, esaterako, asko hedatzen ari da, baina fiskalitatea izan behar litzateke gaur eta hemen diru banaketa justuago baterako bide nagusia. Autoritarismoak ez ditu aspaldi hainbeste zale izan espaloi honetan. Askatasunaren kontzeptua guztiz desitxuratu du eskuinak, baina zenbaitek erosi egin dute matxuratutako produktua. Eskubideak ezinbestekoak dira, baina betebeharrak dituzte txanpon beraren beste aldean. Ezkerraren helburuak ongizate orokorra behar du izan, ez hainbeste ongizate pertsonala. Indibidualismoa aurrera eta aurrera ari da, teknologia berrien bultzadaz. Labur esateko, garai hauetan badirudi haserreak errazago hartzen duela eskuineko bidea. Euskal Herria «is different»? Bere gabezia eta gorabehera guztiekin, oraindik bai. Udako lehortearen erdian bi ekimen politiko potente erditu direla jar daiteke adibidetzat: erabakitzearen alde Pirinioetako tontorrak argiztatu ditu eta Ipar Euskal Herria blokeatu du presoen giza eskubideak aldarrikatzeko. Auzolanean egin ditu biak, elkarlanean, lan jardunaz kanpo, bigarren kasuan arrisku pertsonalak hartuz, benetako askatasuna helburu hartuta. Ezkerretik. P.D: Gerta liteke haserrerik ez piztea ere, jakina. Egia eta gezurra nahasten diren aro honetan, elkarren ondo-ondoan dabiltza tragediak eta txantxak, malkoak eta barreak, kezka larrienak eta jarrera arinenak… dena anabasa batean, ezkerra eta eskuina bezalaxe. • Por supuesto, podría no encender ningún enfado. En una era en la que la verdad y la falsedad se mezclan, el drama y la farsa están juntos, lo mismo que la izquierda y la derecha