Mikel Zubimendi
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad
BIZITZA LUZE BAT

Kozo Okamoto, Palestinaren aldeko misio suizidatik bizirik atera zen japoniarra

Okamoto, PAHFko bere kideentzat «Ahmad», txiripaz bizi da. 1972an Tel Aviv-eko Lod aireportuan ekintza suizida egin zuen, eta 26 pertsona hil. Identifikazioa zailtzeko aurpegiak mutilatzeko agindua zuen, baina, larri zaurituta, bizirik atera zen. 50 urte geroago, Libanoko palestinar errefuxiatu kanpamentuetako heroi bihurtuta bizirik jarraitzen du. Txiripaz, sasian, baina bizirik.

Kozo Okamotoren bizitza 1972ko maiatzaren 30ean bukatu behar zen. Hala erabakita zegoen. Beste bi kiderekin ekintza armatu batean parte hartzekoa zen, Palestina askapenaren aldeko ekintza suizida batean.

Beste garai batzuk ziren. 1970eko hamarkadan, borroka armatua zen propaganda modurik onena munduko talde matxino askorentzat. Eztabaida ez zen biolentzia justifikatu zitekeen ala ez, baizik eta zenbat biolentzia zen beharrezkoa eraginkortasun handiena lortzeko. Mundu mailako iraultza bat ikusten zuten hainbatek horizontean, aintzat hartzen zen irtenbide bakarra munduko indar iraultzaileen arteko armetarako dei partekatua eta anaitasun internazionalista ziren. Eta iraultza horrek arrakasta izango luke baldin eta iraultzaileek azken sakrifizioa egiteko prest baleude. Mundu mailan komunismoa ezartzeko bidea hori baitzen haientzat: sakrifizio gorenarena.

Existentziaren bidean geltoki

Ideologia iturri horietatik edandakoa da Kozo Okamoto, Japoniako Armada Gorria (RJA) taldeko kide enblematikoa. Misio suizida Palestina Askatzeko Herri Frontearekin (PAHF) batera prestatu zuten. Misio suizidaren erabaki horretan, ziur aski, zerikusia izan zuen Okamotok berezkoa zuen ikuspuntu budista japoniarrak, hots, bizitza eta heriotza existentziaren bidean zehar aurkitzen diren geltokiak bezala ulertzen dituena. Bizitzak, berarentzat, kontestu sozial batean bakarrik zeukalako zentzua, eta ez norbanako esperientzia bezala.

Okamoto eta bere bi kideen misioa Erroman hasi zen, Israelera joateko Air France konpainiako hegaldia hartu zutenean. Pasaporte faltsuak zeramatzaten, eta, Okamotok, Daisuke Namba izenean faltsifikatutako bat. Ez ziren, ez horixe, izen-abizen kasualak. Izan ere, 1923an Daisuke Namba, artean printzipea zen eta gero enperadore izendatu zuten Hirohito hiltzen saiatu zen ekintzaile komunista zelako, urkatuta hil baino lehen, «gora Japoniako alderdi komunista!» aldarria bota zuena.

Hegazkinak palestinarrei lapurtutako lurretan eraiki zen Tel Aviveko Lod aireportuan –egun Ben Gurion nazioarteko aireportu ultrasegurtatua dena– lur hartu eta gero burutu behar zuten ekintza. Horretarako, biolin estutxeetan gordeta eramango zituzten eraso-fusilak eta esku-granadak erabili behar zituzten.

Hegazkinen bahiketak ohikoak ziren garai hartan; palestinarrek eta beste herri matxinoetako mugimenduek sarritan egiten zituzten, dela beren kausa munduaren aurrean aurkezteko, dela bahituak presoen truke askatzeko, edo dena delakorako. Bidaiarien kontrola orduan hasi zen indartzen baina ez zen egungoa bezain zorrotz eta aurreratua. Eta ekipajearen kontrola are urriagoa zen. Eta gutxiago bidaiariak japoniar «turistak» baziren!

Heriotza zigorra helburu

Kozo Okamoto eta bere bi konplizeak aireportuko immigrazio kontroletik arazo barik pasatu ziren, turista japoniar pila batek egiten zuen bezala. Zinta garraiatzailetik beren ekipajeak eta biolin estutxeak hartu bezain pronto, armak atera eta sarraskia egin zuten aireportuan: tirokatuta 26 hildako, tartean 17 erromes kristau puertorricar, 8 israeldar eta kanadar bat, eta dozenaka zauritu.

Esan bezala, ekintza suizida planifikatu zuten, eta tiroketaren ondoren ekintzaile japoniarrek esku-granadak beren aurpegi aurrean lehertu behar zituzten, Israelgo segurtasun indarrentzat identifikazio lana zailagoa, edo ezinezkoa, izan zedin. Okamotoren bi kideak hil egin ziren, baina bera esku-granada lehertu baino lehen tiroz jota, larriki zauritu eta atxilotu egin zuten, bizirik.

Okamoto, ulergarria denez, Israelgo etsai ezagunetarikoa bilakatu zen. Palestinaren alde ekiten zuen japoniarra izanik, are zalaparta handiagoa sortu zen. Kartzelaldi latza pairatu zuen, muturreko isolamenduan, eskuburdinak bizkarrean loturik etengabe, gogoan helburu bakarra zuela: hiltzea.

Kontatzen dutenez, jeneral israeldar batekin tratua egin omen zuen: berak informazioa emango zion baldin eta bere buruaz beste egiteko arma bat pasatzen bazion. Ziria sartu omen zioten eta ez zuen betetzerik izan bere heriotza desira. Oihartzun handikoa izan zen epaiketan, bere abokatu israeldarren gomendioei jarraitu ordez, fiskalarekin eskuz esku lan egin zuen, helburu ia obsesibo batekin: heriotza zigorrera kondenatzea.

Kontuan hartu behar da Israelgo historian epaiketa batean heriotzara kondenatu duten bakarra egon dela, Mossadek Argentinan bahitu zuen Adolf Eichmann gerra kriminal nazia. Kozo Okamotori ez zioten jaramonik egin exekutatua izateko desira horretan. Azkenean, bizi osorako kartzela zigorra jaso zuen.

Sasian, palestinarrek babesturik

Eta kartzelan hilko zela uste zen. Baina 1985eko maiatzean palestinarrek eta israeldarrek egin zuten preso truke baten ondoren askatu egin zuten. Libiako Tripolin azaldu zen Okamoto libre, osasunez oso patttal, hezur zaku bilakatuta, baina bizirik. Izan ere, ordura arte erabateko isolamenduan eduki baitzuten, eskuburdinez eskuak bizkarraldean lotuta, txakurrak bezala lurrean jartzen zioten plateretik jatera behartuta.

Tripolitik Japoniako Armada Gorriak Libanoko Bekaa bailaran zituen kanpamentuetara jo zuen. 1997an atxilotu zuten berriz, paperen faltsifikazioa egotzita. Tokiok bere burua eskatzen zuen eta JRAko beste lau kide estraditatu zituzten arren, Okamoto askatu eta asilo politikoa eman zioten; Libanon titulu hori daukan pertsona bakarra bilakatu zen.

Orduz geroztik, FPLPk babestua eta zaindua bizi izan da, aitona errespetatua, nolabaiteko «heroi» eginda palestinar errefuxiatuen artean. Hala ere, bere bizitzak arriskuan segitzen du. Eta ez bakarrik Japoniak bere estradizioa behin eta berriz eskatzen segitzen duelako, baita Israelek mendeku ekintza egin eta bizia kendu ahal diolako ere.

Bere adin eta osasun egoera kontuan hartuta, ez dirudi Okamoto Japonia edo Israelentzat benetako arrisku bat izan ahal denik. Baina, badaezpada, sasian bizi da, palestinarrek babestuta. Shatila palestinar errefuxiatu kanpamentuaren ondoan den hilerrian lur hartu zuten bere bi komandokideei –Tsuyoshi Okudaira eta Yasuyuki Yasuda– omenaldia egin eta beren hilobietan lore sorta bana uzteko azaldu da publikoan 50 urte eta gero. Oso pattal, baina bizirik.