Berastegiko biztanleak Zuloagaren Kamera parean
Irudi bitxia ospakizun egun sonatu baterako. Berastegiko biztanleak argazkilariarentzat jarrita daude. Argazkiaren behealdean sartzen ez direnak horman dagoen eskailera batean eta balkoietan jarriak daude. Balkoi horietako batean kartel bat ikusten da: "Estanco nacional. Compañía arrendataria de tabacos. Expendeduria”. Argazkiaren buruan, "Berastegui" izena duen kartel handi bat dago. Argazkiaren data zehatzik ez dago, baina egilea Martin Zuloaga donostiarra da. Zuloaga 1863tik agertzen da Donostian argazkilari, Gipuzkoako hiriburuan harresiak eraisten hasi zirenetik. 1907ra arte San Martin kaleko 24. zenbakiko galerietan izan zuen estudioaren erreferentzia dago, Darroux, Marie eta Clement frantsesen galeriekin batera. Gaur egun arte iritsi zaizkigun Martin Zuloagaren argazki gehienak erretratuak dira, eta ezagunena II. Karlistaldian Donostiako alkate izan zen Nicolas Soraluzeri egindakoa da.