Amagoia Mujika Telleria
IKUSMIRA

TXINAK JAIOTZAK BEHAR DITU

Noel CELIS | AFP
Noel CELIS | AFP

Munduko herrialderik populatuenak krisi demografikoa du aurrez aurre. Zahartzen ari den lan indarrak, desazelerazioan dagoen ekonomiak eta hamarkadetako hazkunde demografiko txikienak ertz arriskutsura eraman dute herrialdea. 2025. urterako biztanleria behera egiten hastea espero da, eta panorama beltz horren aurrean, Txinak neurri berriak iragarri ditu familiak seme-alaba gehiago izatera bultzatzeko. Agintariek 2016an seme-alaba bakarreko politika zorrotzari amaiera eman zioten eta ondoren bikote bakoitzeko hiru seme-alaba izateko aukera eman zuten. Baina, hala ere, jaiotzek behera egiten jarraitu dute azken bost urteetan. Jaiotza tasa 1.000 biztanleko 7,52 jaiotzara jaitsi zen iaz, 1949an erregistroak hasi zirenetik izan den txikiena. Egoera horren aurrean, aste honetan Osasun Ministerioak gobernu zentralari eta tokiko erakundeei ugaltze osasunean diru gehiago gastatzeko eta haurrak zaintzeko zerbitzuak hobetzeko eskatu die. Hartara, tokiko agintariek ugalkortasunari laguntzeko neurri aktiboak jarri behar dituzte abian, subsidioen, kenkari fiskalen eta osasun aseguru hobeen bidez, baita familientzako hezkuntzarako, etxebizitzarako eta enplegurako laguntzen bidez ere. Era berean, probintziek bi eta hiru urte bitarteko haurrentzat haurtzaindegi kopuru nahikoa dutela ziurtatu behar dute urte amaierarako.

Hiri aberatsenek dagoeneko martxan jarri dituzte jaiotza tasa pizteko zenbait neurri; etxebizitzetarako maileguak, zerga salbuespenak, hezkuntza laguntzak eta baita dirulaguntzak ere. Badirudi aste honetan argitaratutako zuzentarauek lurralde osora zabaldu nahi dutela politika hori.