GAUR8 - mila leiho zabalik
HAURRAK ETA MUGIKORRAK

Gaztetxoei zuzendutako bost aplikazioetatik batek adingabeen datuak biltzen ditu legez kanpo

Amerikako Estatu Batuetan egindako ikerketa baten arabera, doako aplikazio ezagunenen %57k adingabeen pribatutasuna urratzen dute, eta %19k identifikazio pertsonaleko informazioa biltzen du hirugarrenen bidez, araudiak eskatutako babes-mekanismoetara egokitu gabe.


Hamar eta hamabost urte bitarteko hamar adingabetik ia zazpik mugikorra dute, INEk egindako azken inkestaren arabera. Gailu horren bidez, haurrentzako milaka aplikaziotara sar daitezke, bereziki haiengana zuzendutakoak, haiekin entretenitzeko eta ikasteko. Hala ere, aplikazio horiek haurrentzat garatu izanak ez du esan nahi guztiak seguruak direnik pribatutasunari dagokionez: “Won't Somebody Think of the Children? Examining COPPA Compliance at Scale” ikerketaren arabera, Estatu Batuetako doako aplikazio ezagunenen %57k adingabeen pribatutasuna urratzen dute. Izan ere, aztertutako haurrentzako aplikazioen %19k identifikatzaileak edo identifikazio pertsonaleko bestelako informazioa biltzen du hirugarrenen bidez, araudiak eskatutako babes-mekanismoetara egokitu gabe.

«Zorionez, Google Androidekin eta Apple iOSekin zorrotzagoak bihurtu dira aplikazioei eman ahal dizkiegun baimenetan. Hala ere, urraketa handiak daude oraindik. Eta hori arazo bat bada heldu batentzat, are arazo handiagoa da haurrentzat, babes handiagoa izan beharko luketelako», esan du Cesar Corcoles UOC Kataluniako Unibertsitate Irekiko Informatika, Multimedia eta Telekomunikazio Ikasketetako irakasleak.

Gehien jasotzen duten informazioa identifikatzaile bakarra da, xxx@gmail.com edo duzun posta, edo erabiltzailearen izena. «Baina, gainera, aplikazio horietako askok denboran zehar lokalizazioari buruzko informazioa biltzen dute, eta, batzuetan, informazio hori oso zehatza da; beraz, kontu handiz ibili behar da», ohartarazi du irakasleak. Gainera, maiztasun gutxiagorekin, mezularitzako aplikazioetan izan ezik, kontaktuak eskura ditzakete. Eta, mikrofonotik esaten dena grabatzea ere posible den arren, berez aplikazio gehienek ez dute horretarako baimenik.

Legea eta norbere ardura

Pribatutasunaren urraketa horiek gertatzen dira legeak adingabeentzako babes berezia ezartzen duen arren. Espainiar Estatuan, adibidez, Datuak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko Lege Organiko berriak 14 urteko gutxieneko adina ezarri du datu pertsonalak tratatzeko baimena emateko. Hortik behera gurasoen edo legezko tutoreen baimena beharrezkoa da.

Hala ere, baliteke legedia nahikoa ez izatea. «Araudi horien arazoa da ezin diotela ingurune digitalen aldaketa-erritmoari jarraitu. Horregatik, gakoa da arau neutroak izatea eta, batez ere, adingabea babesteko mekanismo onak izatea. Gainera, lehenengo babes-geruzak gurasoen edo tutoreen esku egon behar du», gogoratu du Sergio de Juan-Creix UOCeko Komunikazio Graduko Zuzenbideko irakasle laguntzaileak.

Horregatik, eta arazo konplexua den arren, haurraren mugikorra behar bezala konfiguratzearen garrantzia aipatzen du, beharrezkoak ez diren baimenak kenduz.