Gorka Zozaia - @zotz_
Kimikaria

Informazioa lurruntzen zaigunean

Ez da kezka berria. Lerro hauetan maiz landu dut ezagutzaren transmisioan bizitzen ari garen aldaketa bortitzaren gaia. Transmisio oraletik idatzizkora izan zen jauziaren tamainakoa izan daitekeela eta bere ondorio sakonak usaintzera heltzen ez garela. Dagoeneko irakurketa sakonerako gaitasuna, eta berarekin pentsamendu abstraktua garatzekoa, desagertzen ari direla gizakion ezaugarrietatik. Nago, azken boladan errealitatearen deskribapen harrigarriak (lur laua adibide goren izan daiteke) modan jarri izanak ere edaten duela hemendik; informazioa jada ez da gure eskuetan den zerbait, ezin dugu errealitatea gure kabuz pentsatu, pertsonak ez gara fidagarriak, pantailak bai. Uda honetan berriz, espero ez nuen esparru batean antzeman dut bizi dugun informazioaren aro honen ondorio lazgarria: antolaketa politikoaren esparruan!

Aste Nagusiaren prestaketan buru-belarri aritu gara gure konpartsan ekainaren hondarretik gaur arte. Lehenago hasiak baginen ere, astero bildu izan gara ordutik, halako koordinazio marko batean, “eskola zaharreko” lau kide. Informazioak partekatu, erabakiak hartu eta lana banatzeko formatu presentziala maite dugunak denak, horretan heziak eta urte luzez arituak. Astero bildu izan gara, koadernoak eskuan, bakoitza bere apunteak hartuz, eta bileren artean ere informazio solteak dei bidez edo –falta ezin zen– formatu digitaleko taldean partekatuz. Bada, ez behin, ez bitan, ezta hirutan ere; hamaika bider izan ditugu gaizki-ulertuak! Bilera batean hitz egindakoak ez ditugu gogoratu izan pare bat aste geroago, edo ez gara ados egon hiru aste lehenago bileran adostuaz, edo gauza ezberdinak ulertu ditugu bilera berean. Informazioaren kontrola galdu dugu, ez gara gai izan jakiteko informazio bat noiz jaso dugun, bileran izan den, dei bidez, guatxapean,... edo amestu egin ote dugun! Erabat txundituta gelditu naiz ni, pentsakor... informazio asko trukatu ditugu oso denbora laburrean, bai, baina nola da posible horrenbeste distortsio eman izana soilik lau pertsonaren artean?

Argi dago gaizki-ulertuak ez direla informazio eta komunikazio teknologia berriekin asmatu, baina esango nuke horiek gure gorputzetan sartu zirenetik areagotu egin direla, eta antolatzeko orduan ezagutzen ez genituen arazoak ekartzen ari zaizkigula. Eta ez gaizki ulertu, ez baita hau diskurtso ludita bat. Nire ustez, ez da tresna bakar bat ere baztertu behar, baina bakoitza zertarako eta nola erabili ongi pentsatu eta adostu behar da; modu kontzientean kudeatu behar dugu informazioa.

Garai batean segurtasun arrazoiek eramaten gintuzten informazioa arretaz trukatzera, eta arrazoi hori baztertu gabe, orain antolaketa eraginkor eta osasuntsu batek bultzatu beharko gintuzke berdinera. Bistatik galdu gabe pertsonak garela taldea osatzen dugunak, elkar zaindu behar dugun pertsonak, proiektuak gogo eta indar biziz borrokatzeko! •