AFP
ERRUSIAN «IRAULTZA KULTURALA»

Mendebaldetik aldendu duen gerra aprobetxatu du Putinek iraultza kontserbadorea bultzatzeko

«Isolamendua profitatu behar dugu gure tradizioak berpizteko». Ukrainaren aurkako gerraren eraginez Errusia Mendebaldeko mundutik gero eta gehiago aldentzen ari da. Hori dela-eta, erraldoi eurasiarrak «iraultza kulturala» abian jarri du: ildo kontserbadorea du eta «artearen purifikazioa» defendatzera iristen da.

Stalinen garaiko eraikin erraldoi baten azpitik emakume bat pasiatzen.  Kirill KUDRYAVTSEV I AFP
Stalinen garaiko eraikin erraldoi baten azpitik emakume bat pasiatzen. Kirill KUDRYAVTSEV I AFP

Aspalditik aurkeztu du bere burua Vladimir Putin Errusiako presidenteak «balio tradizionalen» zaindari gisa, batik bat Mendebalde «dekadentearen» aurrean. Ukrainaren inbasioak Europarekin eta Ameriketako Estatu Batuekin eragin duen krisiak erabat indartu du erretolika hori.

Atzerako balio horien inguruan sekulako kultua bizi da Errusian, non bere ardatzak fede ortodoxoa, abertzaletasuna eta Kremlinek aldarrikatzen duen «egia historikoa» diren, eta kultura munduari dei egin diote lehen lerroan jartzeko.

«Isolamendua profitatu behar dugu gure tradizioak gaurkotzeko», harro dago Sergei Bezrukov zinema izarra. Europar Batasunarentzat «persona non grata» da Bezrukov, Ukrainaren aurkako parte-hartze militarra babesteagatik. «Azken 30 urteotan amerikarren Marvel unibertsoan bizi izan gara. Gurea sortzeko ordua da», dio 48 urteko aktoreak, berak zuzentzen duen Moskuko Gubernski antzokian. «Sobietar Batasunera itzultzea ezinezkoa da, baina Errusiarengan fedea berpiztu daiteke (...) eta benetako balioak bereganatu», adierazi du. «Hemendik aurrera ‘aberkide’ hitzak ez du zertan iraina izan», gaineratu du.

Bera bezala, hainbat errusiar pertsonaia ezagunek txalotu egin dute Ukrainaren aurkako erasoaldia eta, bide batez, atxikitzen zaion norabide kontserbadorea. «Bizi ditugun gertaera epikoak benetako iraultza kontserbadorea bultzatzen ari dira», bat dator Eduard Bojakov, “Drama Berria” antzerki inkonformistaren festibalaren eratzailea, operazio militarraren defendatzaile sutsua.

Zerrenda beltza eta zuria

Bestaldean, Ukrainaren aurkako erasoaldia salatzen dutenak gero eta baztertuago daude. «Ehundik gora musika kontzertu bertan behera utzi dituzte otsailetik hona», zenbatu ditu Alexei Kozinek, Navigator Records rock errusiarra editatzen duen konpainiarik handienaren zuzendariak.

Bere esanetan, hortik dabilen «zerrenda beltzak 40 bat musikariren izenak ditu, tartean Juri Xevtxuk rockeroarena: maiatzean, kontzertu batean, Kremlini «gazte errusiarrak eta ukrainarrak hiltzea» leporatu zion.

Uztailaren amaieran Errusia Zuzena Kremlinen aldeko Parlamentuko taldearen zuzendaria den Sergei Mironovek dei egin zuen «artista abertzaleen zerrenda zuria» osatzeko, batez ere «jendeak jakin dezan zein den zer egungo arte errusiarrean».

Bitartean, botereak antzerki aretoak ditu jomugan. Ekainaren amaieran, Moskuko alkatetzak amaitutzat jo zituen “Drama Berria”-ren hiru antzerkietako zuzendari artistikoekin sinatu zituen kontratuak, tartean Kirill Serebrennikov Gogol Zentroaren arduradunarekin, gerraren kontra tinko hitz egin duena.

«Kontratuak amaitu egin dira», argudiatu du labur-labur alkatetzak eta joan den martxoan sistema «optimizatzeko» bost antzerkiren fusioa iragarri zuela gogora ekarri du aitzakia moduan.

«Botereak ez du arte probokatzailerik onartzen, eta emanaldi lasaiak nahiago ditu; samurrak eta kritikarik gabeak», azaldu du Gogol Zentroko dramaturgoa den Valeri Petxeikinek. «Ondorioz, antzerkia klasiko handietara itzuliko da, zineman komedia barregarriak bultzatuko dira eta museoek erakusketa orekatuetara joko dute», iragarri du.

Benetako unea

Bitartean, erakusketak bertan behera utzi dituzte. Errusiar-amerikarra den Grisha Bruskinerena, «bere ideologia eta mitoei buruzkoa», apirilean itxi zuten, aurreikusitakoa baino hiru hilabete lehenago, «arazo teknikoen» aitzakiarekin.

«Ukrainan gerra bete-betean dagoen une honetan, Errusian iraultza kulturala martxan da», ohartarazi du era oso kritikoan Marina Davidovak,"Teatr" aldizkariko erredaktoreburuak. Gaur egun erbestean dago.

Aitzitik, Olga Andreeva, "Expert" aldizkari kontserbadorearen arduraduna, pozik dago, 30 urtean «Mendebaldearen aldeko liberalismoa pairatu ondoren, zorionez, Errusian iraultza kontserbadorea martxan delako».

«Mendebaldearen aldekoen eta eslaviarzaleen arteko etengabeko talkan benetako unearen aurrean gaude Errusiaren bidean», gaineratu du, eta borroka hori XIX. mendean hasi zela. Talka hori gidatuz Putin bera da aitzindaria.

Pasa den martxoan, Kremlineko maizterrak dei egin zien errusiarrei, «traidoreengandik» libratzeko: «Hemen dirutza irabazten duten arren han (Mendebaldean) bizi diren horiek; ez agian geografikoki kanpoan bizi direlako, baizik eta gurea ez den kultura baten menpe bizi direlako». Uztailean, Errusiako gazteen mugimendu berria, "Bolxaia Peremena", bataiatu zuen Putinek, Sobietar Batasuneko "Bide urratzaileak" mugimenduaren aitzindaritzari jarraituz.

Norabide horren sinbolotzat, 100 errubloko billete berrian –ekainaren amaieran jarri zuten zirkulazioan– soldadu ezezagunaren monumentuak Apolo arteen jainko grekoa ordezkatu du Bolxoi antzerkiko frontoian.

«Makartismo» errusiarra

Kultura munduan «Errusiaren aurkako ekimenetan parte hartzen dutenak karramarroak bezala zapaltzea». Hori da Moskuko diputatuen eta senatarien talde batek eratu berri duen ikerketa taldearen xedea. Taldeak Bigarren Mundu Gerraren ostean Ameriketako Estatu Batuetan makartismoak komunistei jazarpena egiteko sortu zuen batzordea gogora ekartzen du. «Barrutik gure Estatua suntsitzen duen oro zapaldu egin behar da, karramarroak balira bezala», azaldu zuen Dmitri Pevtsovek, aktore, abeslari eta Dumako (Errusiako Diputatuen Ganberako) presidenteordeak.

Kultura Arloan Errusiaren Aurkako Ekimenak Ikertzeko Taldea izenarekin bataiatu dute batzordea, errusieraz GRAD akronimoarekin, herrialde honetan Ukrainaren aurkako gerran erabiltzen diren misil jaurtigailuentzako erabiltzen den izen berarekin.

Helburua «kanpotarren influentziaren aurka fronte kulturala» eratzea da, batik bat «lagunak ez diren» herrialdeen eraginaren aurkakoa –Europar Batasuna, Ameriketako Estatu Batuak eta bere sateliteak– eta ustez kultura errusiarraren munduan sartu den “bosgarren zutabea” urruntzea.

«Etsaiarengandik ikasi»

«Gure makartismo errusiarra, sobietarra, behar dugu. Etsaiarengandik ikasi beharra dago», aldarrikatu zuen Alexei Volinets publizistak aipatu batzordea Parlamentuan bildu zen lehen egunean.

Makartismoarekin duen alde bakarra zera da, GRAD taldeak ez dituela ustezko komunistak jomugan, «benetako aberkideak» ez omen diren artista eta kultur gestore errusiarrak baizik, hau da, egungo kanpaina militarrarekin bat ez datozenak.

Taldeak kultur munduan aitzindariak diren pertsonalitateen eta funtzionarioen zerrenda osatuko du, Errusiaren aurkako ekimenak frogatzen dituzten ebidentziekin, beren lana egiten jarraitu ez dezaten.

Ekimen honen atzean Zajar Prilepin dago, idazle eta Egiaren Alde izeneko alderdi ultraren diputatua, 2016an Donetskera bizitzera joan zena eta Donbasseko miliziatan sartu zena Ukrainako Armadari aurre egiteko.

«Kanpoko influentziaren aldeko agente» bezala identifikatuak izango direnei barkamena eskainiko zaie, baldin eta Donbassera bidaiatzen badute «zuzenean Errusiaren aldekoen sufrimendua ikusi eta operazio militar berezia babesteari ekiten badiote».

Gainera, artean eta kulturan Estatuaren esku-sartzea debekatzen duten legeak bertan behera utziko dituzte. Era horretan, Estatuaren aldetik laguntzak jasotzen dituztenek «aberriaren interesak eta Errusiaren balio tradizionalak» bere egin beharko dituzte. Pevtsovek marra gorriak non dauden azalduko duten aditu batzordeak eratzea proposatu du, hain zuzen, psikologoz, irakaslez eta Errusiako erlijio nagusien ordezkariz osatuta egon beharko diren batzordeak.

«Pantaila handian, eszenatokian edo erakusketa geletan agertzen den orok Estatuaren kontrolpean egon behar du», aldarrikatu zuen.

GRADen web orrian ageri dira jada «kanpo influentziaren aldeko agenteen lehen izenak. Kultura eta Garapen Digitalerako Ministerioak arduratu beharko dira horiek «purifikatzeaz».

Seinalatuena Ivan Urgant da, Errusiako telebistako elkarrizketa programa ikusienaren aurkezlea. Sarritan politikariei eta goi funtzionarioei egurra ematen zien, harik eta Errusiak Ukrainaren aurkako inbasioa hasi eta hiru egun lehenago bere talk show-ak emititzeari utzi zion arte.

Kremlinen beste iritziak

Diputatuek presio egin diote lehen kate publikoko zuzendariari, Konstantin Ernsti, Urgantekin duen kontratua hautsi dezan. Moda programa baten aurkezlea den Alexandr Vasilievekin duen kontratua ere bertan behera utz dezan exijitu diote, bide batez, baldin eta Kremlinek Ukrainan dituen planekin bat egiten ez badu. Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak Urgant publikoki defendatu zuen, Ramzan Kadirov Txetxeniako agintariaren aldetik irainak jaso zituenean.

Urgantek berak, berezkoa duen ironiarekin, erasoaldiari erantzun egin dio talde makartista izen berri batekin bataiatzea proposatuz: Gure Estatuaren Etsaiak Identifikatzeko Taldea (GOVNO errusiar akronimoan; hizkuntza horretan, «kaka»).

Bide batez, dei egin du nahiko abertzaleak ez diren artistak ez ezik, inguruko senideak ere zigortzeko, eta Paul McCartneyren disko guztiak debekatzeko, "Back in the USSR" (Sobietar Batasunean Bueltan) izan ezik.

«Gerra krimenak»

Bolxoi antzerkiaren zuzendaria den Vladimir Urini ere Alexandr Moloxnikov zuzendariaren burua exijitu diote politikariek, GRADen iritziz Errusiari "gerra krimenak" egozteagatik. Zentsore berriek jomugan dute BI-2 musika taldea ere, Errusiako inbasioaren sinbolo bilakatu den Z zuen eszenatokian kontzertu bat ez ematea erabaki zutelako.

Erbestean ere sorgin ehiza

Sorgin ehiza ez da Errusiara mugatzen eta azken hilabeteetan erbestean babesa aurkitu duten pertsona ezagunengana iritsi da, hala nola: Xulpan Jamatova aktorea, ideologien gainetik errusiar orok maite duena, eta Maxim Galkin umorista ospetsua, gerraren aurkarien artean aurkariena.

Diputatuek fiskaltzara jo dute Errusian zituzten ondasunak saltzerakoan Estatuari zor zizkieten zergak ordaindu ote dituzten ikertu dezan. Asko dira alde egin duten idazleak, aktoreak eta batez ere musikariak. Hori bai, onartu behar da gerra kritikatu duten guztiek ez dutela jazarpena pairatu, ezta ere Errusian geratzea erabaki duten batzuek ere.

Danila Kozlovski aktoreak, "Legend No. 17" edo "Chernobyl" telesailaren protagonistak, mezu bat helarazi zion Putin presidenteari inbasioa hasi eta berehala gerra amaitu zezan, baina oraingoz gobernuzaleen haserretik libratu da.

Ez du zorte bera izan Juri Xevtxuk rockero beteranoak. Moskun eman behar zuen kontzertua bertan behera utzi zuten, artistak ikusleei «presidentearen ipurdiari patxorik ez emateko» dei egin ondoren.

Dagoeneko Kremlinen politikarekin bat ez datozen 37 musika taldek osatzen duten zerrenda beltza dago eta debekatuta dute publikoaren aurrean jotzea.