10 SET. 2022 INTIMITATE KOORDINATZAILEA Filmaketa batean sexua koreografiatzeak mesede egiten die aktore eta zuzendariei Intimitate koordinatzailea ofizio berri samarra da zinema munduan, baina geratzeko etorri den lanbidea dela gero eta garbiago ikusten da sektorean. Eszena intimoetan dena neurtzeaz arduratzen den figura da, aktoreen mugak eta zuzendarien nahiak kontuan hartuz, denak eroso eta seguru sentiaraziz, emaitza hobea izan dadin. Amagoia Mujika Azken tangoa Parisen» film frantziar-italiarra 1972an estreinatu zen New Yorken. AEBetako zinema aretoetan 36 milioi dolar bildu zituen eta 1973ko zazpigarren pelikularik arrakastatsuena bihurtu zen. Sexu indarkeriaren irudikapen gordinek eta filmaren asaldura emozionalek eztabaida sortu zuten nazioartean eta zentsura maila desberdinak izan zituen han eta hemen. Bernardo Bertolucci da filmaren zuzendaria eta Marlon Brando eta Maria Schneider aktore nagusiak. Latza da Schneiderrek filmaren grabaketan sufritu zuena. Filmean sexu bortizkeria latza dago eta eszena batean bortxaketa bat irudikatzen da. Bertoluccik eta Brandok ez zizkioten azaldu Maria Schneiderri bortxaketaren eszenaren nondik norakoak, bi gizonezkoek horrela hitz egin eta hitzartu zutelako, eszenari «benetakotasun gehiago» emateko. Gerora jakin denez, Bertoluccik eta Brandok filmaketaren goiz berean adostu zituzten bortxaketaren eszena grabatzeko xehetasunak, tartean gurina erabiltzea sodomizaziorako. Eta zuzenean eraman zuten hitzartutakoa kameraren aurrera. Maria Schneider aktoreak hil bitartean arrastaka eraman zuen min hori. «Eszena filmatu baino minutu batzuk lehenago esan zidaten eta haserre nengoen. Nire agenteari deitu behar nion edo nire abokatua etorrarazi, ezin delako inor behartu gidoian ez dagoen zerbait egitera, baina momentuan, ez nekien hori. Marlonek esan zidan: ‘Maria, ez kezkatu, pelikula bat besterik ez da’, baina eszenan zehar, Marlon egiten ari zena benetakoa ez bazen ere, negar egiten ari nintzen, benetako malkoak ziren. Umiliatuta sentitu nintzen, eta, egia esan, apur bat bortxatuta ere sentitu nintzen, bai Marlonen bai Bertolucciren aldetik. Jainkoari eskerrak, hartualdi bakarra izan zen», kontatu zuen gerora aktore paristarrak. Zinemaren munduan sexu eszenek pisu handia daukate. Schneiderren kasuaren ondotik ere gertatu dira egoera deserosoak. Australian, Geoffrey Rush aktorearen kontrako salaketak izan ziren eszena intimoetan eta ez hain intimoetan zenbait emakumezko aktore deseroso sentiarazi zituelako, marra gorriak gaindituz. Eta #Metoo mugimenduaren harira ere argitara atera ziren zinemaren munduan gertatzen diren gehiegikeriak. Salma Hayek aktoreak ere kontatu du “Desperado” filmean eszena intimo bat filmatzea «traumatikoa» izan zela. Ez Antonio Bandera aktoreak gaizki pasarazi ziolako, berak erraztasunik ez zuelako baizik, ez zegoelako eroso eta eszena ez zegoelako gidoian ondo zehaztuta. Sexua koreografiatzea Horrelakoak ikusita, zinema munduan sexu eszenen inguruko ardura gero eta nabarmenagoa da eta hortik ulertu behar da intimitate koordinatzailearen lana, filmaketetan gero eta ohikoagoa den pieza eta geratzeko etorri den lanbidea. Intimitate koordinatzailearen egitekoa da filmaketa batean sexua koreografiatzea, eszena intimoetan detaile guztiak neurtu eta zaintzea, aktoreak eroso eta gustura senti daitezen eta, ondorioz, azken emaitza hobea izan dadin. Ita O’Brien intimitate zaintzaileetan aitzindaria da, antzerkian, telebistan eta zineman ofizio horretan asko aritua azken urteotan. 2014-2015 urteen bueltan “Intimitate gida” bat argitaratu zuen, sexu eszenen inguruan aintzat hartu beharreko gomendio sortarekin. Berak aitortu duenez, ofizioan eman zituen lehen urratsak ez ziren samurrak izan, lanbide berria zelako eta zuzendari askok ez zutelako horren beharrik ikusten. Azken urteotan zinema munduan izan diren sexu erasoen salaketek erraztu egin dute lanbidearen goratzea. Aktoreei eta zuzendariei konfiantza eta lasaitasuna ematen dien figura da eta gero eta telesail gehiagotan kontratatzen dute intimitate zaintzailea. O’Brienek Netflix eta HBO plataformentzat lan dezente egin du, “Sex Education” eta “Watchmen” telesailetan, besteak beste. Bide beretik, iazko Bafta sari britainiarren banaketan, Michaela Coel “I May Destroy You” filmaren zuzendariak Ita O’Brienen lanaz honakoa esan zuen: «Eskerrik asko, gure industria leku seguru bihurtu dugulako; muga fisiko, emozional eta profesionalak sortu ditugulako guk esplotazioari eta sexu abusuei buruzko obrak sortu ahal izateko, sortze prozesuan horiek jasan gabe». «Dena neurtzen da» «Dantza pieza bat koreografiatuko duen koreografo batengan pentsatzen baduzu, argi dago trebetasun batzuk behar dituela tango bat nola egin jakiteko, aktoreei urratsak nola azaldu jakiteko eta, gainera, zuzendariak nahi duena kontuan hartuta koreografiatu beharko du, ahalik eta dantzarik onena sortuz. Gauza bera gertatzen da aktoreen ordezkoen koordinatzaile batekin. Zuzendaria entzuten dute eta aktoreei erakusten diete une oro jakin dezaten zertan ari diren. Bada, horixe bera egiten dugu sexu eszenekin intimitate koordinatzaile gisa», azaldu izan du bere lana O’Brienek. Eszena intimo bat muntatzeko prozesua intimitate koordinatzailearekin hasten da, filmeko edo telesaileko zuzendariarekin hitz eginez eta zer kontatu nahi duen entzunez. Gero, aktoreekin hitz egiteko unea da; zer muga dituzten, noiz eta nola sentitzen diren deseroso, zer marra gorri dituzten... Biluztasun mailatik hasita, noraino jo eta zer sexu-eszena mota grabatzeko prest dauden erabakitzen da. Dena argi dagoenean, eszena egituratzeko unea iristen da, gorputz dantza bat balitz bezala. Erritmoa dago, urratsak daude eta koreografoak urrats horiek guztiak ikuslearentzat erakargarria izango den moduan josten ditu. Ezer ez da ausaz uzten, eta gorputz atal bakoitza edozein eszenatan noraino kokatu behar den marrazten da. Dena neurtzen da aktoreek une oro zertan ari diren jakin dezaten eta eroso lan egin dezaten eta benetakotasunez. Adibidez, sexu eszenetan aktoreek beren genitalak estalita eramaten dituzte, espresuki horretarako dauden materialak erabilita, plastikozko poltsa modukoak edo haragiaren koloreko barruko arropak. Berez aktoreek ez dute biluzteko arazorik, adibidez dutxatik ateratzen diren eszena batean. Baina kontaktu fisikoa dagoenean, gomendagarriagoa da gorputzak babestea, intimitate koordinatzaileek nabarmentzen dutenez. Aktoreekin baimenak eta mugak ezartzeaz gain, intimitate koordinatzailearen figurak eszena bat grabatu aurretik entseatzeko beharra ekarri du berritasun gisa. Geratzeko etorri da Berri samarra den lanbidea da, baina ez dago zalantzarik geratzeko etorri dela. Aktore asko ari dira eskatzen intimitate koordinatzailea «derrigorrezko figura» izan dadila, bai aktoreen bai zuzendarien lasaitasunerako eta ekoizpenaren mesedetan. [elkarrizketa] MAITANE SAN NICOLAS «Gure lana da aktoreen eta produkzioaren artean komunikazioa arintzea eta dena oso argi uztea sexu sekuentzia filmatu aurretik» Maitane San Nicolas bilbotarra aktorea da, coach lana egiten du eta azkenaldian intimitate koordinatzaile lanetan dabil, telebista eta zinema munduan gero eta indar gehiago daukan ofizioan. Espresuki ari da formakuntza jasotzen, filmaketa batean sexu eszenak grabatzeko baldintza egokienak paratzeko, aktoreak eta zuzendariak eroso eta lasai senti daitezen. «Dantza sekuentzietan edo borrokarako momentuetan koreografoak erabiltzen dira, adituen laguntza izaten da. Baina eszena intimoetan beti izan da ezberdina, inoiz ez da pentsatu sexu eszenak grabatzeko espezialista bat behar zenik. Hori aldatzen ari da». Plataformek, zuzendariek, aktoreek... denek begi onez hartu dute lanbide berri honen etorrera eta San Nicolas buru-belarri ari da, lanean eta formakuntzan aldi berean. Zein da intimitate koordinatzailearen lana? Aktoreen eta produkzioaren arteko lotura gisa jokatzen duen figura da. Zinema eta telebista produkzioan sexu eszenetan edo beste eszena intimo batzuetan parte hartzen duten aktoreen ongizatea ziurtatzen duena. Gure lana da, batez ere, aktoreen eta produkzioaren artean komunikazioa arintzea eta dena oso argi uztea sekuentzia filmatu aurretik. Gidoia ondo aztertu eta gero, zuzendariarekin hitz egin beharra daukat. Nire lana da intimitate eszena horretan zer gertatuko den jakitea, edo zuzendariak buruan zer daukan jakitea. Gero aktoreekin biltzen naiz, beti bakarka, beren mugak ezagutzeko eta ‘adostasun mugak’ zehazten ditugu. Bilera horretan konfiantzan sentitu behar dira. Biluztasunaren mugak, harremanetarako mugak, kontaktua, musuak... Gainera, filmerako garrantzia duten ekintzak ikusten ditugu. Zuzendariarekin bueltan elkartzen naiz berriro eta koreografia edo planteamendua aldatu behar bada, aukera desberdinak aztertzen ditugu, aktoreak erosoago sentitzeko eta bere mugak errespetatzen direla ziurtatzeko. Filmatzen den egunean ere, presente egoten naiz protokoloak zaintzen direla ziurtatzeko. Adibidez, akzioa mozten dutenean, aktoreak biluzik badaude, estalita daudela egiaztatzeko. Eta sexu simulazio eszenak daudenean ‘barrera fisikoak’ jartzen ditugu, eremu intimoetan kontaktua saihesteko. Azkenean, aktoreak lanean ari dira, eta ezin dute inolaz ere genitaletan kontakturik izan. Gogoratu beti sexu simulatua dela, baina badakigu produkzio batzuetan horrelako barrerak ez direla ipini eta horrek frustrazio eta sentimendu nahasiak sor ditzake. Nola hasi zinen lan horretan? Duela urtebete hasi nintzen ‘Objetos’ filmean. Aktore nagusiarekin ari nintzen lanean coach moduan, pertsonaia prestatzen. Eta Cristina Zumarragak, filmaren ekoizleak, intimitate lana egiteko proposatu zidan. Beraz, nire kabuz, ikertzen hasi nintzen eta ikastaro bat egin nuen AEBetako erakunde batekin. Horrela hasi nintzen. Gero bigarren proiektu baterako deitu zidaten, eta orduan formakuntzarekin hasi nintzen, ziurtagiria lortzeko. Eta horrela nabil orain, ikasten eta lanean. Nire ustez, garrantzitsua da formakuntza izatea; intuizioa eta sentsibilitatea oso garrantzitsuak dira, baina gauza asko ikasi egin behar dira lehenengo. Adibidez, nire formakuntza nagusia –aktorea naizenez– mindfulness eta garapen pertsonalaren bidean izan da azken hamar urteotan. Beraz, baditut erremintak urduritasun edo antsietate krisi batean laguntzeko. Normalean, intimitate koordinatzaileak emakumezko aktoreak izan ohi gara. Filmaketa batean ingurunea ezagutzea oso garrantzitsua da. Formakuntza espezifikoa behar da? Bai, noski. Lehen lana onartu baino lehen, ikastaro labur batekin hasi nintzen. Lanbideak zuen ardura handiaz konturatu nintzenean, formakuntza zehatzagoarekin ziurtagiriaren bila hasi nintzen. Orain AEBetako eskola batekin aterako dut titulua, irailean ikastaro presentziala egitera bainoa New Yorkera. AEBetako SAG-AFTRA aktoreen batasunak intimitate koordinatzailearen titulua egiaztatzeko gai diren zazpi erakunde baino ez ditu akreditatu. Beraz, parte presentziala burutzeko atzerrira joan behar dut ikastera. Hurrengo urtean beste hiru bidaia egin beharko ditut. Garrantzitsua da osasun mentaleko lehen sorospenen gaietan ondo trebatuta egotea; baita berdintasunari, aniztasunari eta gatazken konponbideari buruz jakitea ere, edo adingabeekin lan egitea. Uste dut ondo prestatuta egoteko formakuntza garrantzitsua dela. Orain artean non egin duzu lan intimitate koordinatzaile bezala? Kanarietan egon berri zara, ezta? Kanarietan ‘Montecristo’ izeneko telesailean lanean egon naiz. Amazonekin hiru proiektutan egon naiz: lehenengoa ‘Objetos’ izan zen, Tandem Films ekoizlearekin. Uda honetan film batean aritu naiz eta orain Mariano Barroso zuzendariaren azkenengo proiektuan nabil. ‘Cristo y Rey’ telesailean Daniel Ecija ekoizlearekin aritu nintzen eta nire bigarren proiektua ‘La consagración de la Primavera’ izan zen, Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatuko den Fernando Francoren azken filma. Telmo Irureta aktore euskaldunak lan egiten du bertan. Egia esan, azken urtean ez diot lan egiteari utzi. Beste lan batzuk ere baditut hortik, baina badakizu konfidentzialtasun hitzarmenaren ondorioz ezin dugula ezer esan. Aktoreei babesa ematen diezu; zuzendariei lasaitasuna. Azken produktuari, zer? Aktoreak seguru eta lasai badaude, sormen handiagoa izan ohi dute. Era berean, zuzendariekin koreografian laguntzen saiatzen gara behar izanez gero. Denbora faltaren, lan erritmoaren eta komunikazio-tresna faltaren ondorioz sekuentzia bat agerikoegia gerta daiteke. Intimitatearen koordinazioaren figurak eszena sinesgarritasunaren arabera pentsatzera bultzatzen gaituela uste dut, aurki ditzakegun mugak moldatzen saiatzera, denen artean bide sortzaileagoak eta originalagoak bilatzera. Ideia beti gehitzea da. Askatasunik gabe ez dago sormenik eta horretarako ezinbestekoa da alderdi guztiek zelai berean jokatzea eta bakoitzak bere erara ekarpena egin ahal izatea. Sexu eszenak grabatzeko inprobisazio handia izaten al da? Akaso ez dira asko zaindu orain artean. Aldaketa bat gertatzen ari al da? Dagoeneko badakigu alor horretan gorabeherak izan direla eta orain plataformek eta ekoizleek ez dute arazo gehiagorik nahi. Beraz, hobe da produkzio guztian zehar horrelako figura bat edukitzea. Zuzendarien eta aktoreen arteko harremana beti zuzena izango dela pentsatzea arriskutsua izan daiteke. Batzuetan zuzendariak ere ez dira eroso sentitzen intimitateko hitzak erabiltzen edo aktoreei gauzak eskatzen; beraz, komunikazio hori errazten dugu. Hitz neutroen erabilera garrantzitsua da askotan, ez dakigulako nor dugun aurrean. Hezkuntzak, kulturak, bizi ditugun gertaerek... baldintzatu ditzakete komunikazioa eta erosotasuna. Guk komunikazioa argi uzten dugu, beraz, ez dago azken orduko sorpresarik. Hori da asmoa. Eszena hauek filmatu aurretik entseatzea da ideia. Baina denborarik ez badago, ez dago inprobisatu beharrik eta dena aldez aurretik adostu behar da. Zuzendariak inprobisazio bat simulatu nahi badu ere, aktoreen artean adostasun muga batzuk ezartzen dira, bestearekin batera joan daitezen, lankidearekiko edo norberarekiko errespetua galdu gabe. Etorkizunean arrakasta izango duen lanbidea dirudi. Bai. Badakigu Ameriketako Estatu Batuetan gertatzen diren gauzak mundu guztira zabaltzen direla. AEBetan sortutako #Metoo mugimenduarekin hasi zen figura hau orain dela lau urte. Amazon eta Netflix berehala konturatu ziren horren beharraz. Orain, ekoizleak, produkzio konpainiak eta aktoreen ordezkari batzuk ere hasi dira lanbidearen beharra aldarrikatzen. Mundu mailan eskaera asko daude orain. Zu aktorea zara. Beste aldean egotea ere egokitu zaizu. Ohikoa al da sexu eszenen inguruan egoera arraroak, deserosoak egotea? Zorionez, ez dut egoera larri edo traumatikorik bizi izan, baina orain saihestu zitezkeela badakidan egoera deserosoak bizi izan ditut. Aktore moduan lan bat hartzen duzunean eta gaztea zarenean, ez dakizu benetan zer eska dezakezun edo zer ez. Esaterako, lan batean biluzik nengoen nire lankidearekin aurrez aurre, genitalak bistan. Azken produktuan ikusten ez ziren eremuak, beraz, estali zitezkeen. Edo azken unera arte ez jakitea biluzik edo jantzitako ohe eszena bat egingo duzun... Informazio baliotsua da jakitea zer eskubide dituzun, zer eska dezakezun... –aktore ordezko bat, adibidez–, nola estali zaitezkeen... errudun edo beldurrik sentitu gabe. Azkenean, industriaren barruko botere borrokak gure eskaerak baldintzatzen ditu eta askotan uko egiten diogu. Intimitate koordinatzaile batekin askoz errazagoa da. Balio hori dauka.