Faxismoaren aurkako ekaitza inperioaren kanpoaldetik
Ordezkari sozialista hau faxismoaren lehen biktima «famatua» izan zen, 1924. urtean. Italiako lekurik pobreenetako batean jaioa zen eta Benito Mussolinik bere hilketa agindu zuen, parlamentariak salaketa ozena egin eta gero. Aurten, Italian, antzezlan batek Polesineko gizona oroitarazten du.
Giacomo Matteotti Italiako edozein hiritan dago, Aostatik Siziliara edo Trentotik Sardiniara. Plaza eta kale askok faxismoaren aurreneko biktimaren izena daramate.
Legebiltzarkide sozialistaren 39 urteko bizitza laburra baina bizia izan zen, eta bukaerak ere ezaugarri horiek izan zituen. Diktaduraren kontra egin zituen salaketek bere bahiketa eta hilketa eragin zuten, baina aldi berean faxismoaren benetako aurpegia eta izaera erakutsi zituzten.
Bere lurraldeko ordezkaritza harrotasunez zeraman Matteottik: Polesine, Italiako alderik ezezagun eta atzeratuenetako bat. Bertara bisita egitea ezinbestekoa da, dena bertan hasi zelako. Eta bereziki ezinbestekoa aurten, bera oroitzen duen antzezlana ikusteko aukera ematen duelako: “Il mio nome è tempesta” du izenburu (“Nire izena ekaitza da”).
«Urte askotarako, 9 hilketa»
Faxismoak 1922ko urrian eskuratu zuen boterea, orain dela ehun urte alegia. “Marcia su Roma” antolatu eta gero, Benito Mussolini lehen ministro bihurtu zen. Hasiera batean oso jende gutxik uste zuen «alkandora beltz» haiek arriskua ekar zezaketenik. Komunisten kontra borrokatzen ziren eta nolabaiteko egonkortasuna mantentzen zuten, eta horregatik, leku askotan ongietorriak izan ziren, batez ere burgesen artean, jakina.
Bortizkeria –tortura barne– erabiltzen zuten, baina hori ere ez zen arazo, itxuraz. Hilketak edo jipoiak erabili zituzten, Italiako iparraldean esate baterako, betiere «ordenaren» interes gorenaren alde, eta Estatuak beste alde batera begiratzen zuen.
Egoera berarentzat emankorra zela laster ulertu zuen Mussolinik. Erresuma ahula zen, gobernuek ez zuten indarrik eta Lehen Mundu Gerraren ondoren gazteek batez ere zerbait aldatu nahi zuten. «Italiarrak gobernatzea ez da zaila, erabilezina baizik». Esaldi hau apokrifoa da, ez dago konfirmatuta alegia, baina oso «mussolindarra» da.
Hasiera batean faxismoak bere alderik «eskuzabalena» erakutsi zuen, behintzat publikoki. Pribatuan, ordenaren sinonimoa indarkeriaren erabilera zen. Bi urtez benetako diktadurarik ez zen egongo ofizialki: aldaketak tantaka etorri ziren, 1924ko hauteskunde orokorrak heldu arte. Urte hartan mussolinizaleek maskara kendu zuten, nabarmen: sasidemokrazia alboratu zuten totalitarismoari bide emateko.
Egoera horretan jende ausarta behar zen, baina oso gutxi zegoen. Squadracce-k, legez kanpoko talde faxistak alegia, jardun ilun eta ikaragarria abiatu zuen. Helburua, Mussolini pozik izatea, torturaren edo hilketen bidez.
Kide batzuek fama handia eskuratu zuten, esate baterako, Amerigo Duminik. «Urte askotarako, Dumini: 9 hilketa», zioen bere bisita txartelak, besteen aurrean bere burua aurkezten zuenean.
Kontraesan horietan, faxismoak erroak botako zituen. Krimena guztiz onartuta zegoen, ia mesede gisa aurkeztua, erregimena defendatzeko, eta aurkariak guztiz baztertuak eta jazarriak izan ziren. Agertoki honetan ia ahots bakar batek salatu zuen gertatzen ari zena: Giacomo Matteottirenak.
Iparraldeko hegoaldean
Polesine Italiako lurralderik ezezagunenetako bat da. Veneto eskualdean dago, eta etenik gabeko denboraren joan-etorriaren ondorioa da.
Bere espetxea, bere kondena, Po ibai handiaren ondoan egotea da, baita leku askotan uraren mailaren azpian ere. Rovigo probintzian Po ibaiaren delta hasten da, hainbat eta hainbat kanal betetzen, Adriatikoa besarkatu arte. Ilargiko alde ezkutuaren antzerakoa da, non mendi bakar bat ere ez den ikusten: Alpeak eta Apeninoak urrunegi daude.
Edozein trumoi, edozein euri tanta, kezka bilaka daiteke hor. Azken 75 urteotan bi alditan sekulako uholdeak izan dituzte Polesinen, eta kalte handiak jasan. Esaterako, 1951n 101 hildako eragin zituzten.
Hezetasuna eta eltxoak errege-erreginak dira hemen. Intsektuak, iraganean, uholdeak bezain kaltegarriak ziren, gaixotasun piloa ekartzen zutelako; malaria, esate baterako.
Fratta Polesine herritxorik interesgarrienetako bat da, eta Giacomo Matteottiren jaioterria izan zen: 2.000 biztanle, ordutik ordura tren bat Veronatik dator edo Veronara doa, hori baino ez. Beste tokietarako loturak eskasak dira –autobiderik ez dago, errepideak zuloz beteta daude–, horretarako zenbait baliabide behar direlako, Polesinen ez daudenak.
«Gu iparraldeko hegoaldekoak gara, Italia guztiz ahaztu da gutaz. Ez daukagu ez inbertsiorik, ez industriarik, orain dela 50 urte bezala bizi gara», aipatu dit gizon batek, Fratta Polesineko plaza nagusian, taberna baten mahaiaren aurrean eserita dagoela, ardotxo bat edaten. Erritu aldaezina.
Gure atzean, beste kanal bat zeharkatu eta gero, bitxikeria bat: Unescoren munduko ondarearen zerrendan dagoen oroitarri bat, Villa Badoer. Nire buruari esan diot: «Ezin dut sinetsi Unescok Fratta Polesine existitzen dela dakienik». Edozein kasutan, Villa Badoer ustekabeko maisulan bat da, Andrea Palladio artista ikaragarriak egindakoa –estilo berezi baten asmatzailea izan zen, Vicenza hiriburu duena–.
Fratta Polesine bera kale nagusi batek eta kanalek osatzen dute: c'est tout. Baina kale nagusi honetan beste leku interesgarri bat topa dezakegu: Giacomo Matteottiren etxea izandakoa, gaur egun museoa, lorategi lasai batean kokatua.
Hiru euro balio du sarrerak, eta horrekin hiru solairuko jauregia ikus daiteke. Ordezkari sozialistaren familia Trento aldetik lekualdatu zen hona. Ez zen aberatsa baina astiro-astiro, piano piano, burges mailara, herriko burges mailara, iritsiko zen.
Benetan hunkigarria da egiaztatzea nola kontserbatu duten etxea, ia bizitzeko moduan dago-eta. Sukalde erraldoi bat dago sarreran (Matteottik beste sei anai-arreba zituen-eta), baina politena egongela da, oraindik garai hartako diskoak gordetzen dituena. Giacomoren erretratua nabarmentzen da bertan. Albo batean bere liburuak daude, italieraz eta frantsesez, poliglota zelako: politikari eta ekonomiari buruzkoak batez ere.
Matteottiren ezizena Tempesta zen, «ekaitza» alegia. Oldarkorra zen, bere lurraldearen alde egiteko asko zuela benetan uste zuelako. Polesineko egoera orduan, orain dela 100 urte, gaurkoa baino okerragoa zen, noski. Italian uste izan dugu Veneto aldeko guztiak pertsona alaiak direla (Venezia, Verona, Padova, Vicenza eta Dolomitetan zeresanik ez) baina Polesine beste Veneto bat da, askoz umilagoa, isiltasuna nagusi den tokia.
Kanpora joan beharrak gogor astindu zuen lurraldea. Rovigoko probintziatik ehunka familiak itsasontzi bat hartu zuten Brasilerantz, beren jaioterriko lan baldintzak erabat negargarriak zirelako. Haien seme-alabak edo ilobak Italiara itzuliko ziren, adibidez, futbolari gisa: Jose Altafini, Angelo Benedicto Sormani eta Thiago Motta famatuenak dira beharbada.
Matteottik ezin zuen errealitate latz hori onartu, eta lanari ekin zion. Faxismoa indartzen zihoan bitartean, Polesine Italiako alderik «gorriena» bihurtzen ari zen. Hori ere ondo azpimarratua dago ordezkari sozialistaren etxe-museoan.
Diktadura hemen da
1924. urteko hauteskunde orokorretarako faxismoak lege berezi bat prestatu zuen: “Legge Acerbo” delakoa. Makurra zen. Besteak beste, boto gehien jasoko zituen alderdiari Legebiltzarreko bi hereneko gehiengoa emango zion. Eta alderdi hori Mussolinirena zen, jakina; boto gehien jaso zituena, besteak beste, jipoi eta beste bortizkeria mota guztiei esker.
Matteottik bazekien eta salatu egin zuen. Legebiltzarkide sozialista ez zen faxismoaren barrabaskeriak salatzeko beldur. Behin baino gehiagotan, hauteskundeen aurretik eta gero, egin zuen, liburu eta artikuluen bitartez.
Agindu hau ez zen beharbada Mussoliniren ahotik aterako, baina Matteottik «burua makurtu behar zuen». Zeregina prest zuen Amerigo Duminik, 9 hilketen gizonak: hurrengoa Fratta Polesineko gizonarena izango zen.
1924ko ekainaren 10ean Giacomo Matteotti Erromako Legebiltzarrerako bidean zen. Hitzaldi gogorra prestatua zuen, baina inoiz ez zuen emango. Berari egindako azken argazkia, irribarre apal eta triste batekin, testamentu baten antzerakoa da.
Lekuko asko izan zituen ekintzak; askok ikusi zuten Duminiren taldeak Matteotti harrapatu eta indarrez auto batean sartu zuela. Agian bahiketa baino ez zuen izan behar, baina ibilgailu hartan faxistek labankadaz hil zuten parlamentaria eta haren gorpua Erromako kanpoaldeko zelai batean utzi zuten, handik bi hilabetera txakur batek aurkitu zuen arte.
Hasteko prest zegoen diktadura. Testuinguru hartan gogor jokatuko zuen Mussolinik, 1925eko urtarrilaren 3an. Legebiltzarrean Matteottiren hilketaren ardura onartu zuen duce-ak eta parlamentariak probokatu zituen, heroi baten bila-edo. Baina jakina, ordurako inork ez zuen arazorik nahi, eta horrenbestez egun hartan hasi zen benetako diktadura, benetako erregimen krudela.
Matteottiren gorpua Fratta Polesineko hilerrian dago orain. Baina eredugarria izan da haren bidea. Faxismoaren lehen martiri «famatua» izan zen ordezkari sozialista, eta hainbat liburuk bere jardueran sakondu dute.
Aurten Italian antzezlan berezi bat taularatu da, Matteottiren bizitzari buruz: “Il mio nome è tempesta”. Carmen Sepedek idatzi du, eta Emanuele Gamba da zuzendaria. Nahiz eta parlamentari sozialistaren izenak Italiako plazak edo kaleak edo monumentuak betetzen dituen, oraindik ezinbestekoa da gogora ekartzea, zer egin zuen ez ahaztea. Bai Matteotti bai bere jaioterria, Polesine.