Ramon Sola
Aktualitateko erredaktore burua / Redactor jefe de actualidad

Hemendik alde eginarazi eta hemendik aldarazi

Orriotan eman dugu honen berri: ETAren borroka armatua bukatu osteko logika guztiak irauliz, hara non guardia zibil eta poliziakide espainiarren kopuruak gora egin duen azkeneko bost urte hauetan Nafarroan, 2011ko zenbakietara itzuliz. Salbuespenekoa omen zen egoera betikotu nahi du Madrilek; ia 1.600 guardia zibil ditugu gotorturik oraindik Amaiurretik Fiteroraino eta bueltan, foruzainak 1.100 inguru.

Bi foruzaineko hiru guardia zibil. EAEn 2.200 guardia zibil dira, 8.000 ertzainen aldean; uniforme berdedun bakoitzeko lau gorri. Bi datuok salbuespeneko tratu bat ezaugarritzen dute, Nafarroari dagokienez; eta irakaspen maltzur bat: 40 urte egin berri duen Foru Hobekuntza betetzeak konplexutasun handiko lan teknikoak eta urteetako negoziazio bukaezinak eskatzen omen ditu, baina kontrako norabidean egitea erraza eta politikoki doakoa da. Trafikoaren eskumena behingoz Nafarroratzea da egoera normaltzeko giltzarri nagusia, baina hori gertatu baino lehen badaezpada beren kabuz urratsa egin dute Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak. Bide batez, Legebiltzarrak onartu zuen Foruzaingorako «pasabidea» delakoan espainiar poliziakide gehiago egongo dira zain orain.

Espainiako Barne ministro izan zen garaian, ETAk eraso egin bitartean errepideen kontrola espainiar polizien esku behar zuela argudiatu zuen Jaime Mayor Orejak; eta orain? Ez al dira akaso Madril aldean Foruzaingoaz edo Iruñeko Udaltzaingoaz fio? Ez da hori, jakina, elkarlanean dira inolako talkarik gabe. Sinpleagoa da zergatia: lurraldearen inguruko jabetasuna ikusaraztea da helburu bakarra. Gauzak horrela, hauekin edo beste hitz samurrago batzuekin, “alde hemendik” aldarrikapenak gaurkotasun osoa du, desmilitarizazioaren parametroetatik nahi bada edo autogobernuaren ikuspegitik nahiago balitz.

Nafarroakoa albiste harrigarria izan bada, EAEn udan honetan zehar garatu nahi izan den kanpaina oraindik harrigarriagoa egin zait; izan ere, gaur eta hemen Ertzaintzako kideak diskriminatuta daudela adierazi nahi izatea lotsagarria bada. Arlo honetan, Mayor Orejaren adierazpenaren aurrean bezala, ETAren jardun armatuaren ostean «tabula rasa» egin genezake eta bakarrik azken hamar urte hauei erreparatu. Eta ariketa hau eginda kontua da, inpunitateaz hitz egin nahi bada, hamarkada honetan ekintza bortitz zuzen batez eta eraso politiko baten ondorioz gertatu den hildako bakarra Ertzaintzak eragin duela: Iñigo Cabacas Lizeranzu. Memoriaz eta autokritikaz mintzo nahi bada, Lakuako Gobernuak berak onetsitako txostenean jasotzen diren 336 tortura kasuen aurrean ez ikusiarena egiten segitzen du, horren aurkezpenetik jada bost urte pasatuta. Eta gardentasunaz hitz egin nahi bada, hamaika pasarte ilun utzi ditu Ertzaintzak, arrazoi gabeko oldartze bortitz ugarietatik (Barakaldo, Bilbo, Donostia, Plentzia, Amurrio…) oraindik azaldu gabeko Urumeako gertaerara. Pandemiak nabarmen okertu zituen inertzia hauek, herritarren zerbitzurako egokia izan litekeen agertokia propaganda eta indar erakustaldietarako erabili dutelako, bai Ertzaintzak bai zenbait polizia erakundek.

Horrela heldu gara hona. Polizia ereduaren inguruko eztabaida egiteko dagoela badakite, eta horregatik ari dira han eta hemen posizioa hartzen; batzuk, alde egiteari uko eginez; besteak, aldatzeari iskin eginez. •