Irailaren 11
Gaur, irailaren 10 da; irailaren 11, bihar. Leninen esaldi ospetsu bat zertxobait moldatuz esan genezake badirela hamarkadak non ez den deus gertatzen eta egunak non hamarkadak igarotzen diren. Irailaren 11 egun horietako bat da. Hemeroteka errepasatuz, irailaren 11n gertaturiko bi gertakari aipatu nahi ditut, gurean eta munduan egun daukaten eraginagatik. Hurrengo baterako utziko ditut 2001eko irailaren 11ko gertakariak eta ondoren Ameriketako Estatu Batuek bultzaturiko “War On Terror” famatuak nazioarteko politikan eta bereziki nazio askapen mugimenduetan izan zuen eragina.
Irailaren 11 batean, 1973an, gauzatu zuen Pinochetek estatu kolpea Txilen. Gerora gertatu zena ezaguna zaigu. Berriki Pinochet diktadoreak ezarritako konstituzioa aldatzeko konstituzio proposamen berria erreferendum bidez bozkatu da eta gehiengoak, nabarmen gainera, testu berriaren kontra egin du. Konstituzio berria erabakitzeko prozesua parte hartzailea izan da hasiera-hasieratik. Egia da erreferendumaren emaitza ez dela izan Txileko sektore progresistak espero zuena, baina prozesua ez da erreferendumarekin amaitu. Testu berria berriz ere sortu eta adosteko prozesua diseinatu eta gauzatu beharko da, jada parte hartzailea zen prozesua parte hartzaileagoa egin, eta horrela herritarren gehiengoaren babesa eskuratu. Pepe Mujikak esan ohi du ez dela “E” egunik existitzen eta garrantzitsuena bidea dela; frustrazioaren gainetik pazientzia estrategikoa eta optimismoa behar dira horrelakoetan. Alvaro Garcia Linerak ederki laburbildu zuen gizartea ezkerretik aldatu nahi duen edozein militanteren bizitza: «Borrokatu, irabazi, erori, altxatu, borrokatu, irabazi, erori, altxatu. Bizitza amaitu arte, hori da gure patua». Ordena ez da beti berak esaten duena, gehituko nioke nik. Ikuspegi objektibo batetik ez dago dudarik egoera hobean dagoela Txile egun duela urte gutxi baino, eta aukera gehiago daudela gaur Txileko etorkizuna norabide progresista batean aldatzeko duela urte batzuk baino. Tristeziaren aurrean garrantzitsua da borroka bidea alaitasunez blaitzea, finean gure bizitza baita.
Irailaren 11 Kataluniako egun nazionala ere bada, Kataluniako Diada. Bost urte igaro dira 2017an erreferenduma gauzatu zutenetik. Erreferendumerako bidea erreferentzia bilakatu da independentziarako bidean dauden estaturik gabeko nazio guztientzat, baita nazio askapen mugimenduentzat ere. Lezio handia. Batasuna eta norabide argirik ez dagoenean zaila da aurrera egitea. Baina ez naiz ni inor, kanpotik eta publikoki, egin beharko zutena esan edo iradokitzeko. Hori beste modu batean egiten da, pribatuan. Uruguaira bueltatuz, bada esaera polit bat, han maiz erabiltzen dena, zera dioena: «Lagunari laudorioa publikoki eta kritika pribatuan beti».
Hala ere, azkenaldian iruditzen zait Irlanda eta Eskoziatik datorkiguna, eta maiz aipatu izan dudana, izan daitekeela gure zalantzak argitzen lagundu gaitzakeen itsasargia. Irlandak erabakitzeko eskubidea onartua dauka, modu ofizialean, nazioarteko akordioa den Ostiral Santuko Akordioan. Eskoziak ez dauka erabakitzeko eskubidea onartua. Hala ere, biek egingo dute independentzia (edo batasun) erreferenduma datozen urteetan. Eskubidearen onarpenaren gainetik zein izan da faktore determinanteena? Independentismoaren indarra. Sinn Feinek nahikoa indar duenean bozkatuko da Irlandako hego eta iparraldean. SNPk indar nahikoa duenean bozkatuko da Eskozian. Horrek erakusten digu aldebakartasuna edo aldeaskotariko eztabaida antzua dela, biak ala biak jorratu behar direla, hau da, norbere burua prestatu eta aldi berean parean daukazunarekin zure eskubideen onarpena negoziatzen saiatu. Ez dago beste biderik.
Baten batek esango du, eta arrazoia dauka, ez dela berdina parean Erresuma Batua edo Espainia izatea. Egia da, baina gure kasuan, ondorioz are garrantzi handiagoa dauka bi bideak aldi berean jorratzea, eta ez kontrakoa. •