17 SET. 2022 «ITSASOAK PIZTEN GAITU» Getariak itsasoarekin duen harremanaz hausnartzen duen dokumentala Getaria historikoki herri arrantzalea izan dela argi dago, baina gaur egun hala izaten jarraitzen al du? Gaur egungo gazteek zer puntutaraino mantentzen dute itsasoarekiko lotura? Galdera horiei erantzuna bilatu nahian, eta bizipen pertsonalek ematen duten inplikazio bereziarekin, bidaia ederra proposatu du Beñat Gerekak. Asier Aiestaran Irailaren 2an aurkeztu zen “Itsasoak pizten gaitu” dokumentala Getariako elizan. Kostaldeko herria Elkanoren mundu biraren 500. urteurreneko ospakizunetan sartuta zegoen bete-betean eta herritarrek ez zuten galdu nahi izan Getariak itsasoarekin historikoki izan duen eta gaur egun duen harremanaz sakon hausnartzen duen ikus-entzunezkoa. Eliza leporaino bete zen eta amaieran jasotako txalo zaparradak argi erakusten du lanak ikusleen artean sortutako zirrara. «Egia esan, ez dakit zenbat jende egongo zen, baina prestatzen hasi ginenean geure buruari galdetzen genion: ‘zenbat aulki jarriko ditugu? 200 bat?’ [Hasieran emanaldia Bista-Onan egitekoa zen, aire librean, baina azkenean elizara lekualdatu zuten euriaren mehatxuagatik]. Eta gero jendea elizan sartu eta sartu ikusten genuenean ez genekien zer egin, apur bat beldurtu ginen gu ere. Ez nuen horrenbestekorik espero. Agian kontestuak ere lagundu zuen: Elkanoren urteurrena, trainerua ere ederki dabil… Azkenaldian beti itsasora begira gaude eta horrek ere lagundu digu», onartu du Beñat Gereka zuzendariak Itsas-Etxe jatetxeko terrazan kafe bat hartzen dugun bitartean. Kafea izotzarekin, arratsaldeko 15.00ak direlako eta 30 gradutik gora egiten dituelako Getariako portuan. “Kantauri” arrantza ontzia ere erdi lotan dagoela dirudi gure parean, ur gainean ia mugitu ere egin gabe. «Etxean jokatzeak bere alde onak eta txarrak ditu; herri txikietako kontua, badakizu. Ez, egia esan, oraingoz iritsi zaidan dena ona da. Eta batzuetan txarrak entzutea ere ongi etortzen da bakoitza bere lekuan jartzeko. Oraingoz gerturatu zaizkidan guztiak gustatu zaiela esateko izan da, emozionatu egin direla esateko, eta horixe zen helburua. Hori entzunda lan horrek guztiak merezi zuen», dio Gerekak jaso dituen iritziez galdetuta. Sustraietara bidaia bat Zarautzen bizi den getariarra da Beñat Gereka, inguruan itsasoko lana betidanik ezagutu duena. «Ni Txoko erretegiko semea naiz. Orain dela hiruzpalau urte jatetxe desberdinetako parrillero familiak bildu ginen parrilla nondik zetorren apur bat aztertzeko. Nik parrilla beti ezagutu dut, baina sakondu egin nahi genuen gaian. Nondik dator ohitura hau? Zergatik Getarian badaude eta beste kostaldeko herri batzuetan ez? Kuriositate horretatik abiatuta herriko parrillero zaharrei elkarrizketak egiten hasi ginen, gure aitona-amonei ere bai, nola hasi ziren jakiteko eta historia hori hobeto ezagutzeko. Eta hor ikusi nuen parrilla gainean jartzen dena ederra dela, baina horren atzetik dagoen historia ere bai. Nolabait emozionatu egin ninduen», azaldu du dokumentalaren ideia nola sortu zen. «Ez nuen espero parrillak itsasoarekin horrelako lotura edukitzea, konturatzea parrilla ere itsasotik ekarritako zerbait zela –jarraitu du Gerekak–. Ikasten ari nintzen heinean pentsatzen nuen bazegoela hor zer kontatua. Eta gauzak kontatzea gustatzen zaidanez, modu desberdinetan izanda ere, horri ekin nion. Askotan esaten da Getaria herri arrantzalea dela. Esaldi ponpoxoa da, baina gero errealitatea arakatzen duzunean dena ez da horren polita, edo behintzat galdera sortzen da: Noiz arte izango da hori horrela? Hori zen barruan nuen galdera. Horri tiraka hasi nintzen». Izan ere, eta familiako tradizio indartsu hori izan arren, pertsonalki itsas mundu horretatik asko urrundu izanaren sentipena berekin zuen aspalditik Gerekak, eta ez zela kasu isolatua, bere ingurukoen artean ere etengabe gertatzen ari den zerbait dela. «Nire aitona arrantzalea zen, amonak arraina saltzen zuen, osaba arrantzalea da, aita parrilleroa… Nire familian itsasoarekin harremana egunerokoa izan da, baina konturatzen nintzen nik ez nekiela benetan bizitza hori nolakoa zen. Orokorrean getariar askoren kasua da: Artzaperaino iristen gara [portu gaineko begiralekua] baina hortik behera ez genuen urratsa ematen. Ez nekien sareak non josten dituzten, edo arrantzaleak itsasora joaten direnean nola egiten duten lo, sareak nola botatzen dituzten… Detaileak dira, baina gauza asko zeuden ezagutzen ez nituenak. Eta kuadrillan ere horrelako deskonexio bat sumatzen nuen. Kuadrillako baten ama arrain saltzailea zen, baina hura jubilatu zen eta arrandegia itxi da; beste lagun bat Kofradiako presidentearen semea da eta hark ere ez dio bide horri jarraitu… Ikusten nuen deskonexio bat orain arte ez zegoena. Eta nolabait harrobian eten hori egoteak baduela eragina itsasoarekin harremana duten lanbideetan, dela sare konpontzen, dela beste hainbatetan». %80tik %20ra Kezka horri erantzun bat aurkitu nahian, eta –aurkezpen ekitaldian onartu zuen moduan– bere buruarekin «zor» txiki hori kitatu nahian, ikus-entzunezko bidaia bati ekin zion getariarrak, egoera ikuspegi desberdinetatik aztertuz eta ikusleari hausnarketarako bide eder bat proposatuz. Dokumentalak egiten du, alde batetik, egoeraren azterketa hotza, eta ematen duen datua benetan argigarria da: getariarren %80 dator itsas lanbideetan aritutako familietatik, baina getariarren %20 bakarrik bizi da gaur egun itsasoarekin harremana duen lan batetik. «Egoera matematika bidez ere aztertu nahi nuen. Aplikazio bat sortu nuen eta herrian zehar galdetegi moduko bat banatu nuen, jakiteko apur bat zenbat jendek zuen harremana familian itsas munduarekin, gaur egun jarraitzen zuten, zer iritzi zuten itsasoko mundu horri buruz… Erantzunak lehen unetik proportzio horretan joan ziren: 80-20. 200 bat inkesta egin nituen eta kopuru hori igota ere ikusten nuen proportzioa ez zela apenas aldatuko. Ez da sekulako lagina, baina uste dut emaitza ez dela gehiegi aldatuko». Bestetik, artearen bidez ere egin nahi izan du Gerekak hurbilpen bat. «Dantzaz elkartearekin asko aritzen naiz lanean. Aurreko dokumentalean ere beraiekin aritu nintzen. Artearen ikuspuntua ere sartu nahi nuen, bestela ematen duelako itsasoa arrantzale kontua bakarrik dela, eta ez. Itsasoak guztioi ematen digu asko, inspirazio iturri bezala adibidez, edo arnasa hartzeko eremu bezala. Arteak hori beste ikuspuntu batetik kontatzeko aukera ematen du eta nahi nuen itsasoaren beste irudi bat ere eman. Apur bat metaforikoagoa, abstraktuagoa. Eta bakoitzak ateratzea bere irakurketak ere. Galdetzen didate: ‘Hi, dantzaria sarean biltze horrek zer esan nahi dik?’. Bada, bakoitzak egin dezala bere irakurketa, lan hori egin dezala ikusleak ere», aldarrikatu du Beñat Gerekak. Irtenbide magikorik ez Baina matematika eta artearekin batera, batez ere elkarrizketa ugari –«eta egin ditudanak eta azkenean sartu ez ditudanak!», gogoratu du Gerekak–. Egoera hobeto ulertzeko testigantza baliotsuak, nahiz eta askotan protagonistenganako hurbilpena erraza ez izan egileentzako. «Moilan kamerarekin azaltzen nintzenean berehala galdetzen zidaten: ‘Zer behar duk?’. Azalpenak eman behar dituzu, eta beraiek ere sarean apur bat sartu. Gero primeran moldatu gara, etxerako arraina eman ere bai, baina hasieran kosta egiten da. Ez da inguru errazena hasieran, beraiek ere mesfidantza puntu bat izaten dutelako askotan, baina behin muga hori mozten duzunean oso gertukoak dira. Lehen kontaktua da zailena, gero erraz joaten da harremana. Eta gero kasualitateak ere izaten dira. Sarea jasotzen zegoen arrantzale baten elkarrizketa, adibidez, ez zegoen programatuta. Galdera bat egin, hitz egiten hasi zen eta kamera jarri nuen. Eta askotan planifikatu gabeko horiek biziagoak izaten dira. Zuk ideia bat daukazu buruan baina gero agian ez da zuk espero bezala ateratzen». Arrantzale askorekin –gazteak, zaharrak, bertan jaiotakoak, kanpotik etorritakoak...–, sare konpontzaileekin, sukaldariekin, zientzialariekin, historialariekin... batzuekin eta besteekin hitz eginda, Gerekak onartzen du egoerari «irtenbide magikorik» ez diola ikusten, baina bidean kontuan hartu beharreko hainbat irakaspen jaso dituela. «Galdera baldin bada ea oraindik herri arrantzale bat garen, edo behintzat itsas herri bat, badirudi baietz. Baina inguruko herrietara begiratzea nahikoa da konturatzeko etorkizunean zer etor daitekeen. Batez ere jarraipen hori ez dagoelako, eta ez delako horretan lagundu ere. Nik beti futboleko adibidea jartzen dut: harrobia zenbat lantzen den gero horrek bere fruituak eman ditzan. Bada, itsasoan berdin: harrobia ez bada lantzen, eta nik ere ez dakit nola egin daitekeen, ikusten da gero oso zaila dela ohitura horiek berreskuratzea. Eta argi dago: itsasoko lan horrek bere orduak eskatzen ditu eta gaur egun beste bide batzuk bilatzen ditugu bizitza erosoago baten esperoan. Berdin gertatzen da nekazaritza munduan eta antzeko beste lanbideetan ere», hausnartu du. Eta etorkizunera begira jarrita halaxe jarraitu du: «Arraina jaten jarraitu beharko dugu. Itsasoak ematen du. Norbaitek arrantzara joan beharko du. Ez dakit formula zein den. Kanpotarrak izango dira? Bada, agian bai, baina honek nolabaiteko jarraipena izan beharko luke. Nik etorkizuna ikusten diot, baina lege aldetik traba asko dituzte gazteek hasteko eta hori ere begiratu beharko litzateke. Eta berdin sare konpontzen. Norbaitek konpondu beharko ditu sareak. Nahi izanez gero jarraipena izango duela iruditzen zait». Ezezagutza, arazo handia Hala ere, Gerekak uste du arazoa ez dela legedia edo lan baldintzak soilik. Herritarrek beren egunerokoan ere babestu dezakete arrantzaleen lana erabaki txiki baina garrantzitsu batzuekin. «Hor badago beste puntu garrantzitsu bat. Hemen aurrean ditugun ontzi hauek eguneroko arrantza egiten dute, hauek ez dute bixigu edo erreboilorik harrapatzen. Askotan Getaria famatzen dugu bixigua edo erreboiloa jateko leku gisara, eta horiek ez dira berez hemen arrantzatutakoak. Hor ere herritarrak badu erabakitzeko ahalmen bat arrandegira joaten denean. Edo jatetxe batera joaten garenean. Noski, hemengo jatetxeetako bixigu eta erreboiloak arrain freskoak dira eta kalitate ezin hobekoak, baina bertako arrantzaleek harrapatutakoa edo sasoiko arraina baloratzen ere ikasi beharko genuke. Hori eginda ere ematen zaio buelta gurpil horri. Azken batean, gazte horrek arrantzale bizitzarekin jarraitu nahi badu etorkizuna izan dezan», eskatu du. Horretarako, ordea, oso garrantzitsua da itsas kultura bat izatea, eta ezezagutzak ez du laguntzen erabaki horiek zuzen hartzen, Gerekak bere burua adibidetzat jarriz aipatzen duenez. «Nik neuk ere arrantzaleekin joan eta ez nekien zer arrain ateratzen zuten, edo mariskoa ere ateratzen zutela, edo potak. Ez nekien. Alde horretatik, ezezagutza handia dago. Edonori galdetu eta famatuko dizu Getariako bixigua edo erreboiloa. Bada, Getariakoak ez dira. Izango dira Tarifakoak bixiguak edo Holandakoak erreboiloak. Edo arrandegira joaten garenean erosotasunagatik legatza garbituta hartzen dugu, edo izokin zati bat, auskalo nongoa. Erabaki horiek badute beren soka eta herritar bezala guk ere egin dezakegu gure saiakera. Ez da itsasora joaten denaren ardura bakarrik. Eta berdin gertatzen da barazkiekin, frutarekin… Kontzientzia apur bat izatea erosterako garaian». Bigarren lan luzea “Itsasoak pizten gaitu” Beñat Gerekak zuzentzen duen bigarren ikus-entzunezko luzea da. Aurrez “Basotik itsasora” dokumentala zuzendu zuen, 2019an estreinatu zena. Lehengo eta oraingo errefuxiatuen errealitatera hurbilpen bat da, non arteak, eta dantzak bereziki, pisu handia duten. «Hori izan zen mota honetako lehen lan luzea. Dantzaz elkarteak harremana egin zuen Gurs-eko errefuxiatu kanpamenduko elkarte batekin eta dantza koreografia bat egin behar zuten kommemorazio baterako. Eta hitz egiten ari ginela, erdi kasualitatez hori ere, ideiak botatzen hasi ginen. Hotz Zarautz elkartearekin harremana egin genuen, Siriako neska bat ezagutu genuen… Eta gidoiari forma ematen hasi ginen. Era berean, arteak eta kulturak egoera zail horietan duten garrantzia ere nabarmendu nahi genuen», nabarmendu du Gerekak. Bilbon Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi zuen getariarrak eta bere lehen lanak Bainetekin egin zituen, pilota eta sukaldaritza saioetan. Bost bat urte egin zituen bertan, eta gerora bakarkako ibilbidea hasi zuen. «Fleischmann’s Cooking Group ostalaritza taldearentzat errezeta batzuen argazkiak behar zituzten. Denbora neukanez beste lan batzuk egiten joan nintzen eta bolumena hartzen joan zenez produktora bat sortu nuen: Txikota Komunikazioa. 2020az geroztik bakarka ari naiz, jende gehiago behar bada kontratatuz. Bideo korporatiboak, argazkiak… sortzen dena egiten. Eta tarteka horrelako proiektuak sortzen direnean, horiek gauzatzen. Azkenean gauzak kontatzea gustatzen zait, bai bideo bidez, bai argazki bidez edo podcast baten bidez. Askotan galdetzen didate ba ote dudan zineman, adibidez, erreferenterik, eta ez daukat halako harreman berezirik. Gehiago da buruan dudana kontatzea, berdin zait zer formatan». Bere lehen dokumentalak izandako ibilbide arrakastatsuarekin oso pozik dago: «Ordubete inguruko lana izan zen, baina gerora dantza eta ikus-entzunezkoa aparte ere joan izan dira. Erakusketa bat ere antolatu zen, hiru formatu desberdin eskaintzeko. Dokumentala ordu erdira ere jaitsi genuen, dantza emanaldiarekin batera eskaintzeko, eta emanaldi hori oraindik ere martxan dabil. Pozik gaude, bere ibilbidea egiten ari da». Eta bere nahia estreinatu berri duen filma ere ahalik eta leku gehienetan erakustea da. «Behin lana eginda dagoela, hustuta geratzen zarela, horri eman behar zaio ikusgarritasun apur bat. Errentabilitate aldetik ere bai, egindako lan horri txispa pixka bat atera nahi diogu. Herriz herriko ibilbide bat egin nahi genuke, lana kostaldean zehar erakusten joateko [kontaktua egin nahi duenak info@txikota.com helbidera idatz dezake]. Ea nola moldatzen garen, promozio lan hori ez dudalako horrenbeste kontrolatzen eta apur bat galduta sentitzen zarelako batzuetan», dio Gerekak, dokumentalean Getariari buruz esaten direnak euskal kostaldeko beste hainbat herritan ere ulergarriak eta aplikagarriak direla jakitun. «Askotan esaten da Getaria herri arrantzalea dela. Esaldi ponpoxoa da, baina gero errealitatea arakatzen duzunean galdera sortzen da: Noiz arte izango da hori horrela?» «Arrandegira joaten garenean erosotasunagatik legatza garbituta hartzen dugu, edo izokin zati bat, auskalo nongoa. Erabaki horiek badute beren soka» «Ikusten nuen deskonexio bat orain arte ez zegoena. Eta nolabait harrobian eten hori egoteak baduela eragina itsasoarekin harremana duten lanbideetan» «Askotan galdetzen didate ba ote dudan zineman erreferenterik, eta ez daukat halako harreman berezirik. Gehiago da buruan dudana kontatzea, berdin zait zer formatan» Datua argigarria da: getariarren %80 dator itsas lanbideetan aritutako familietatik, baina %20 bakarrik bizi da gaur egun itsasoarekin harremana duen lanbide batetik «Galdera bada ea oraindik herri arrantzale bat garen, edo behintzat itsas herri bat, badirudi baietz. Baina ingurura begiratzea nahikoa da konturatzeko etorkizunean zer etor daitekeen»