17 SET. 2022 Entrevista Aitor Iguiñitz Bidaiaria «Nora, norekin eta nola jakin gabe bidaiatzea izan da onena» 2006an hasi zen hara eta hona, bizikleta lagun, munduan barrena. 130.000 kilometro egin ditu hamarkada eta erdian, kontinente guztietatik. Etxera ere itzuli da sarri, indarrak hartzeko. Andoain jaioterrian da orain, baina ametsen makina prest du, bidaiatzen jarraitzeko, «bidaiatzea bizitzeko modu bat delako». Aitor Iguiñitz Andoainen. (Jon URBE | FOKU) Andoni Urbistondo Egun 45 urte ditu Aitor Iguiñitzek. 2006an 29. Eguneroko bizitza erosoa atzean utzi eta bizikletako pedalei eragiten hasi zen 16 urte atzera. Gurpilean jarraitzen du, bidaiatzen jarraitzeko asmoa baitu, bizikleta alboratzeko asmoa izanda ere: «Mundua beste modu batean ezagutzen jarraitu nahi nuke», dio, jaioterriko erosotasunean. Askotan entzungo zenuen galdera: nolatan murgildu zinen tamainako abentura luzean? Ez zen halako inflexio punturik egon. Bidaiazalea izan naiz betidanik. 2006an hartu nuen erabakia. Beti duzu lana, soldataren segurtasuna galtzeko beldurra, baina burugogorra naiz, eta lagunei eta gurasoei asmoa nuela jakinarazi ostean, ez zegoen atzera bueltarik. Gertukoek esango zizuten ea erotu ote zinen. Jendeak ez zuen ulertu. Gure gizartean garrantzitsuena lanpostu on bat edukitzea da. Horrekin bizitza erdia egina duzu, hori ikasten da. Nik gauzak ezagutu, bizitzeko era ezberdinak ezagutu nahi nituela erantzun nien. Bueltatzen nintzenean beste lanen bat bilatuko nuela, zortzi urteko eskarmentua banuelako. Orduko nagusiak, gainera, esan zidan bi urte baino lehenago bueltatzen banintzen lana gordeko zidala, pentsa! Horrek eman zidan abiatzeko azken bultzada. Jendeak bidaia luzeetan murgiltzen zarenean gerraren batera, edo deserosoa den zerbaitetara zoazela pentsatzen du, baina ez da hala. Izango balitz ere, edo etxera bueltatzeko gogoa sortuz gero, klik batean eguneroko bizitzara bueltatu zaitezke: hegazkin txartela hartu eta egun pare batean etxean zaude. Norantz abiatu zinen? Hori ere garbi izan al zenuen? Nepal izan dut betidanik jomugan. Hegazkinean joan nintzen hara, bizikleta hemendik eramanda. Bizpahiru hilabete trekkingak egiten aritu nintzen, oinez. Kontaktuak egin eta bizitza ezberdin batean murgiltzeko. Ingelesa ere ikasi nuen, neska lagun baten laguntzarekin, eta gustura, maila kaskarra baineukan. Ondoren hasi nintzen bizikletan. India aldera mugitu nintzen, errepide lau eta erosoetatik, eskarmentu handiegirik ez neukalako. Chitwan Parke Nazionalean eman nituen Gabonak, bakar-bakarrik, baina gustura. Bidaia luzeetan ondo hastea garrantzitsua izaten da, beldur horiek uxatze aldera. Oso garrantzitsua. Ondo hasten bazara indarra ematen dizu jarraitzeko. Erabakiak hartzen dituzu egunero, konfiantza irabazi. Konfort gune horretatik irtetea, egunero erabakiak hartu behar horrek sendotzen zaitu. Indiatik jauzi handia eman zenuen. Singapur aldera joan nintzen, hegazkinean. Gero Malaysia, Thailandia, Laos, Kanbodia, Vietnam, Txina, Tibet eta Nepal pasatu nituen, Himalaia zeharkatuz. Tibet aldean legeak urratuz, kontrolak gauez pasatuz-eta. Momentu txarrik pasatu al zenuen lehen urte hartan? Momentu txar zeri esaten zaion… Lehen egunetan non lo egin erabakitzea izan zen eguneko unerik zailena, kanpin denda nirekin neramalako. Zalantza hori, ordea, desagertu egiten da berehala, erraz erabakitzen baituzu. Beharrezko ez diren gauzak beharrezko bilakatzen ditugu gure gizartean, eta horien preso gara. Bidaiatzen, eguneroko martxan, 10 eurorekin nahikoa eta gehiegi daukazu eguna egiteko. Varanasin, Indian, gaixotu egin nintzen, birusen bat harrapatu. Lauzpabost egun eman nituen hotelean etzanda, ezinean, baina banekien pasatuko zela. Ezustekoren bat izanda ere, beti iristen zara gure egunerokora hurbiltzen zaituen gune turistikoren batera. Nepalera bueltatu eta Laura Martinez ezagutu zenuen, zure bikote izango zena. Bai. Nepaldik etxeraino bizikletan bueltatzeko asmoa gorpuztua nuen, dagoeneko, baina Bardia Parke Nazionalean Laura Martinez ezagutu nuen, eta bidaia elkarrekin egitea erabaki genuen. Zetaren Bidetik, hain zuzen ere. Hilabete batzuk pasatu ondoren Daisuke bidaiaria ezagutu genuen Uzbekistanen, bizikletan bidaiatzen hamar urte zeramatzan japoniarra. Hark Arabiar penintsulako eta Afrikako mapa handi batzuk erakutsi zizkigun, eta bidaiaren norabidea errotik aldatzea erabaki genuen mapa haiek ikusita. Alegia, aurrez finkatutako bideak azkar alda daitezkeela. Eguneroko martxa egunean bertan erabakitzen genuen. Nepaldik etxera abiatu ginenean lasai-lasai ibiltzen ginen, geltoki edo ordutegi jakinik gabe. Muga bakarra bisaren baimena zen. Niretzat bizikletan bidaiatzea bizitzea da, ez kilometroak egitea. Bizi, hara edo hona zoazen bitartean. Tarteka lana egiten genuen sosak lortzeko, edo jende berezia ezagutzeko. Bizitza bidegurutze bat da, azken finean. Alde batera edo bestera joatea erabaki, bizitza zeharo ezberdina izango da zuretzat. Horrela ibiltzen ginen, bizitzak nora, norekin eta nola eramango gintuen arrastorik eduki gabe. Herritar mordoa ezagutuko zenuten han eta hemen. Tarteka dirua edo baliabideak zituzten herritarrekin elkartu gara, baina ia beti gutxi zeukan jendearekin. Gutxi dutenek, baina, daukaten apurra partekatzeko borondatea dute. Oso ezberdina da soberan eduki eta partekatzea, edo gutxi eduki eta partekatzea. Gutxien dutenek partekatzen dute gehien, eta hori jarrera bikaina da, ispilu izan beharko luke guretzat. Gurean kafe bat ordaintzeko komeriak ditugu sarri, eta bidaiatzen ez duzu halakorik bizitzen. Uzbekistanen geratu gara. Han Afrika aldera joatea erabaki zenuten. Arabiar penintsulan ibili ginen aurrena, eta handik Afrikara joan ontzi batean, Yemen-etik Djibutira Itsaso Gorrian barrena, hain zuzen ere. Bertan bizi izan genuen bidaia osoko pasadizorik gogorrena. Musulman herrietako eskuzabaltasuna ezagutuz pasatu genuen urte oso bat, eta gauzak ontzitik jaitsi bezain pronto dirua eskatzen hasi zitzaizkigun. Eman genien, baina ez zuten ondo hartu, gutxi izango zelakoan edo, eta haserretu ziren. Ura lortzeko ere komeria asko izan genituen, eta ur zikina saldu nahi ziguten. Beldurtu ginen, ez baikinen ohituak. Komeriak izan genituen aste oso batean, eta ia-ia etxerako bidea hartu genuen, Etiopia, Sudan eta Egipton barrena. Azkenerako infernu hura atzean utzi genuen, Etiopian, eta Afrika hegoalderantz jarraitu genuen. Zer bide, zehazki? Etiopiatik Kenyara, handik Tanzania, Malawi, Zambia, Botswana eta Hegoafrikara. Han zazpi hilabete pasatu genituen. Meditazio erretiro batean hiru hilabete, eta beste hiru bat lanean sos batzuk egiteko. Swazilandia eta Lesotho ere bisitatu genituen… Ondoren Afrika Mendebaldeko kostalde guztian barrena iparrera egin genuen: Namibia, Angola, Kongo eta Kamerun. Laura erori egin zen bizikletan, Cabindan, Angola ondoan. Kolpe handi samarra hartu zuen sorbaldan, ez zen osatzen, eta etxera bueltatu zen hegazkinean. Nik nire kabuz jarraitu nuen bizikletan. Urtebeteko epean etxean egongo nintzela banekien, eta Afrikako tarte hori osatu nahi nuen. Ziur aski Afrika da kontinenterik ezezagunena guretzat. Nolakoa da, zure begietatik? Oso interesgarria. Afrikarren irribarrea eta festa gogoa ez dut beste inon topatu, baina oso kontinente basikoa da, zentzu guztietan. Telebistan hemen daukaguna ikusten dute, eta noski, guk daukaguna nahi dute eurek ere. 2010aren amaieran itzuli zinen etxera lehen aldiz, ezta? Bai. Kamerunen giltzurrunetatik gaixotu nintzen. Botikak hartu nituen, baina ez nintzen osatzen, eta mediku batzuek esan zidaten zaintzeko, giltzurrunak izorratzen bazitzaizkidan heriotza arriskuan egon nintekeela. Etxera bueltatu nintzen hegazkinean. Ezusteko kolpea izan al zen zuretzat? Ez. Gauzak etortzen diren bezala hartzen ikasten duzu denborak aurrera egin ahala, eta etxera itzuli nintzenerako ja hurrengo pausoan pentsatzen ari nintzen. Zein izan zen pauso hori? 2011 osoa etxean egin nuen. Furgoneta bat neukan, saldu nuen, eta martxa berriz. Etenak egitea ona da, bidaia kanpotik aztertu eta egindakoaz hausnartzeko, grina pizteko berriz. 2011ko etxeko egonaldia zuen bidaia sare sozialetan erakusten hasteko erabili zenuten, ezta? Bai. Ordura arte posta elektronikoak bakarrik bidaltzen nizkien lagunei. Ez ginen diru irabaziak lortzeko asmoz hasi. ‘Plantate’ izeneko bloga sortu genuen. Afrikan sekulako deforestazioa ikusi genuen, basamortu ikaragarriak, eta eskola edo ikastetxeetan haurrak kontzientziatu eta halako solasaldiak eskaintzea erabaki genuen. Musu truk, noski. Halakoak Europan egitea zaila da, Afrikan edo Asian askoz errazagoa da, ateak parez pare irekitzen dizkizute. Bloga Laurak kudeatzen zuen, nik argazkiak atera baino ez. Bera idazle ona da, ni ez, eta liburua osatu zuen: ‘El mundo es mi casa’ da izenburua. Salgai dago egun ere, nahi duenarentzat, izen bereko webgunean. Youtube-en ere kanal bat ireki genuen. Urtea ere ez zenuen iraun etxean. Ez. 2011ren bukaeran etxetik Mongoliaraino joateko asmoarekin abiatu ginen. Nepaldik bueltan, Uzbekistanen, erdizka utzi genuen Tajikistan eta Pamir Highway, Pamir mendikateko bidea egiteko erronka, eta begiz jota geneukan. Pasatu genuen Pamir lepoa, baina negua sartuta zela iritsi ginen Ox hirira, Kirgizistanen. Zeropeko 20 graduko tenperaturekin ere ibili ginen. Ondoren Txina aldera joan nahi genuen. Mendi garai batzuk pasatu behar ziren, baina ezin, eta Oxen bertan pasatu genuen negua. Webgunea elikatzeko baliatu genuen atsedentxoa, eta gustura egon ginen. Toki ederra da Ox, Asia Erdialdeko azokarik handiena, eta hilabete batzuk ematen dituzun tokietako egunerokoa hobeto ezagutzen duzu. Mongoliara iritsi ostean, ezusteko gehiago Txinan. Bai, bisa ukatu zigutelako. Xinjiang eskualdean astebete baino gehiago pasatu genuen, eta bertako agintariek turistek bertan hainbeste denborarik ez zutela egiten argudiatu zuten bisa ukatzeko. Kuala Lumpur-era joan ginen, Malaysiara, hegazkinez, eta han bidaia luze honetako bitxikeria handiena bizi izan genuen. Bota. Kanbodian geundela Dubaiko xeke batek kontaktatu gintuen, halako bidaia bilkura berezi bat egiten zuela-eta bere herrian (Dubai Travellers Festival). Namibian ezagutu genuen bidaiari alemaniar bati esker jarri zen harremanetan gurekin. Dubaira joatea nahi zuen, gastu guztiak ordainduta, joan-etorriko hegaldi eta guzti. Joan ginen, noski. Trukean egin beharreko lan bakarra gure bidaia kontatzea zen, konferentzia batean. Esperientzia bikaina izan zen, batez ere gure bizipenak beste bidaiariekin partekatzea. Han geratzeko tentaziorik ez al zenuten izan, halako pagotxarekin? Ez pentsa, xekearen lan eskaintza ere jaso baikenuen. Bidaian jarraitu genuen, eta Kalkutara joan, Indiara. Himalaia osoa pasatu genuen berriro, bizikletak han utzi, eta etxera bueltatu Gabonetan, etxekoak bisitatzera. Etxean baserri zahar bat eraberritzen laguntzea eskaini ziguten, eta geratu egin ginen, berriro diru puska bat egiteko. Hiru urte generamatzan etxetik urrun, eta etxean tartetxo bat egiteko gogoa ere sartzen zaizu noizbehinka. Nire eta Lauraren gurasoak nagusiak dira, eta haiek zaintzeko gogoak ere lagundu zuen. Orduan zure eta Lauraren bideak banatu ziren. Bai, bideak toki batera edo bestera eramaten zaituen bezala, norberaren asmoak ere aldatzen dira. Banatu ziren gure bideak. Ondoren berriro abiatu nintzen, Amerika osoa zeharkatzeko, Argentinako Ushuaiatik Alaskaraino. Hilabete eta erdi eskas daramazu orain etxean. Ziur beste asmoren bat buruan daukazula orain ere. Bai, bai. Garbi daukat berriro abiatuko naizela. Akaso bizikletarekin ez, energia asko xahutzen duzulako, baina martxa egingo dudala ziurra da. Nepal aldera joan nahi nuke, eta han trekkingak antolatu bertaratzen diren euskaldunentzat. Hemen nagoen tartean emanaldiak eskaintzen saiatuko naiz nire bidaiekin (kontaktua egiteko Instagram sare soziala, @aitor_iguinitz kontua). Toki mordoa bisitatuko zenuen; hiru aukeratzeko eskatuko dizut. Lehenengo biak garbi ditut: Nepal eta Himalaia mendikatea, eta Namibia, basamortua gustuko duenarentzat. Hirugarrena Ekuador hautatuko dut. Zergatik animatuko zenuke jendea halako abenturetan murgiltzera? Gustatzen zaizkigun gauzak egiten saiatu behar dugulako. Izan liteke bidaiatzea, pianoa jotzea edo edozein aktibitate. Funtsean, ametsak betetzen saiatu behar garelako. Zergatik? Aukera daukagulako, eta munduko herritar askok ez. Ez dezagun egoera hori alferrik galdu. Aberastasuna ez da diru kopuruan neurtzen, ametsak betetzeko dugun aukeran baizik. Eta bidaiatuz asko ikasten delako. «Kanbodian geundela Dubaiko xeke batek kontaktatu gintuen, halako bidaia bilkura berezi bat egiten zuela-eta bere herrian (Dubai Travellers Festival). Bertara joatea nahi zuen, gastu guztiak ordainduta, joan-etorriko hegaldi eta guzti» «Jendeak bidaia luzeetan murgiltzen zarenean gerraren batera, edo deserosoa den zerbaitetara zoazela pentsatzen du, baina ez da hala»