FAXISMOAREN EDO DENA DELAKOAREN ZIRIMIRIA
Duela mende bat agindu zuen Benito Musolinik azkenean boterearen ateak irekiko zizkion bere fascioen Erromarako Martxa. Ehun urte geroago, Georgia Meloni Italiako Anaiak (Fratelli d' Italia) eskuin muturreko alderdiaren buruzagiak hauteskundeak irabazi ditu Italian. Ziurrenik herrialdearen historian lehen ministro emakumea izango dena, gaztetan faxismoaren nostalgia bere egin zuena, adinarekin eta realpolitikak agintzen dituen konpromisoekin heldu egin dela diote –edo sinistu nahi dute– askok. Ez dituzte faxismoak, eta nazismoak, utzi zizkiguten ikasgaiak barneratu. Mugimendu politiko esentzialista haiek babes edo gutxienez konplizitate asko izan zutelako bere garaian, alde batetik eta bestetik. Askatasunaren aldeko eta autoritarismo ororen aurkako borroka lehentasuna dela, Vladivostoketik Madrileraino, Kievetik Erromaraino edo Stockholmeraino, Pekinetik Washingtoneraino..., barneratzen ez dugun bitartean, dena delakoaren lanbroak (bost axola izena eta izenaren inguruko gerra) benetan berdinduko gaituelako, uholdearen ur azpian. Dabi Lazkanoiturburu