08 OCT. 2022 MESOPOTAMIA IDORTUTA Tigris eta Eufrates inguruko lehorteak elikagaien krisi larria eragin du Tigris eta Eufrates ibaien inguruko lur emankorrak itotzen ari dira duela zenbait hamarkadatik lehortearengatik. Emaria jaisteak, elikagai-krisia eragin ez ezik, osasun-krisiak eta gatazka politikoak areagotu ere egin ditu Iraken, Sirian eta Kurdistanen; hainbat gerrak astindutako lurraldeetan, alegia. GAUR8 Nire lurren erdia saldu behar izan dut, beste erdia landu ahal izateko. Lurpeko uraren maila oso baxua da eta horregatik, oso garestia da ura ateratzea», azaldu du Adnanek, Damasko inguruan bizi den 62 urteko nekazari siriarrak. Tigris eta Eufrateseko lurraldea, Mesopotamia, bere lurren emankortasun zabalagatik ezaguna eta historiako lehenengo inperioak sostengatu zituena, lehorterik larriena jasaten ari da duela zenbait hamarkadatik. Krisi horrek elikagaien eskasia larria eragin du Sirian, Iraken, Turkian eta Kurdistanen: elikagaien segurtasunik ezaren krisi sakona da. Hala ere, lehortearen gainetik, gatazkak dira gosearen eragile nagusia eskualde honetan. Siriak hamarkada bat baino gehiago darama gerran, eta, ondorioz, milioika pertsonak etxetik ihes egin behar izan dute. Gainera, herrialdeko nekazaritza-ekoizpenari larri eragin dioten zehapenekin batera, gatazkak elikagaien prezioak izugarri garestitu ditu, eta biztanleriaren %60 gose larrian utzi du. Bestalde, Irakeko ezegonkortasun politikoak, lau hamarkada irauten ari denak, bertako nekazaritza eta ureztatze-sistemak suntsitu ditu, eta kolpe latza eman dio ekonomiaren osasunari. Horri guztiari klima-aldaketa gehitu behar zaio, eremu honetako egoera zaila larriagotzen ari dena eta biztanleentzat eskuragarri dauden elikagaiak eta diru-sarrerak are gehiago murrizten laguntzen duena. 2007tik, eskualdeak azkar galdu ditu lur azpiko ur-baliabideak, elkarren segidako eta muturreko lehorteen ondorioz. 2021ean, Siriak, Irakek eta Turkiak lehorterik okerrenetakoak izan zituzten hamarkadetan; Sirian, adibidez, gariaren ekoizpena %75 jaitsi da lehorteen ondorioz, eta horrek ogi-eskasiaren krisia eragin du herrialde osoan. Al-Hassakeh probintzian, gutxienez, uzten %50 galtzea aurreikusi da Era berean, Turkiako hego-ekialdeko eskualdean %70 eta %90 arteko galerak izan dira zerealen ekoizpenean. Gainera, Tigris eta Eufrates ibaien arroan ur-baliabideak etengabe murriztu dira, neurri handi batean lehorteen maiztasunagatik eta klima-aldaketaren ondorioz prezipitazioak murriztu direlako. 2003 eta 2020 artean, ur gezaren erreserba guztietatik 144 kilometro kubiko galdu ditu eremuak, eta horrek mehatxu larriak planteatu ditu eskualdeko elikagaien segurtasunerako. Era berean, Iraken, Tigris eta Eufrates ibaietako ur-hornidura %50 murriztu zen 2021eko maiatzean. Nekazari txikiak eta sasoikako langileak dira kaltetuenak eskualde honetako nekazaritza-sektorean. Damaskoko landa-inguruetan, nekazari txiki askok lurrak gutxiago ureztatzea erabaki dute, edo ureztatze-sistema garestiak erosi, uztak salbatzen saiatzeko. Herrialdeko erregai-krisi handiak ere izugarri handitu du ur-ponpen funtzionamendu-kostua, eta horregatik, nekazari txiki askok lurrak utzi behar izan dituzte, baita nekazaritza bidezko bizimodua bera ere. Oxfam erakundeak hainbat erkidegotako nekazarien arteko tentsio kasuak ere jaso ditu ur-eskasiaren ondorioz. Tigris ibaia Bagdaden (Delil SOULEIMAN / AFP) Krisi klimatikoak landa-eremuetatik hirigune edo ura eskuratzeko aukera handiagoa duten eremuetarako migrazioa ere bultzatu du. Azken urtebetean bakarrik, 20.000 pertsona inguruk atera behar izan dute Iraketik ur-eskasiaren ondorioz. Emakumeek, lekualdatutako pertsonek eta langile migratzaileek pairatzen dituzte krisi klimatikoaren ondoriorik gordinenak. Kasu askotan, pertsona horiek ez dute bidezko ordainsaririk jasotzen –edo ez dute inolako ordainsaririk jasotzen nekazaritza-lanaren truke–. Egiturazko desberdintasun ekonomiko eta sozialek, sakonki errotuta daudenez, mugatu egiten dute klima-aldaketaren eraginei eta elikagaien prezioen igoerari aurre egiteko eta baliabideak eskuratzeko pertsona horien gaitasuna eta, ondorioz, are gehiago murgiltzen dira pobrezian Eta etorkizuna are latzagoa izan liteke. Izan ere, aurreikuspena da, tenperatura globala 1°C igoko balitz, 2050ean, Irakeko ur geza %20 murriztuko litzatekeela, eta horrek urik gabe utziko luke gaur egun ureztapena jasotzen duten lurren heren bat. Turkian, bestalde, biztanleko ur-baliabideak %40 murriztuko dira 1998. eta 2050. urteen artean. Egon badaude ura kudeatzeko mugaz gaindiko akordioak, baliabide hidrikoak modu jasangarrian kudeatzeko eta ez erauzteko, baina Oxfam erakundearen arabera, hitzarmen horiekin bat egiteko gobernuen konpromiso falta ezegonkortasun politikoaren iturri izan daiteke. Turkiaren «ur-gerra» Eta gatazka politiko horietako bat kurduen lurraldeetan gertatzen ari da iaztik. Ildo horretatik, Rojavako (Siriako iparraldean) autogobernuko agintari kurdu-siriarrek salatu dute Turkia «ur-gerra» egiten ari dela Siriako iparraldeko eta ekialdeko herritarren kontra. Turkiak, hiru operazio militar bidez, Rojavako lurraldeak inbaditu eta okupatu ditu eta kurduen arabera, Eufrateseko ura erabiltzen ari da arma gisa, Irakera eta Siriara doazen urak murriztuz. Eufrates ibaiko ertzetan edo Tishrin presan agerikoa da eremu handiak lehortu direla; bizitza iturri izan zirenak orain eremu idor bihurtu dira. 1987an Turkiak eta Siriak Eufrateseko ura banatzeko hitzarmena sinatu zuten. Horren arabera, Turkiak 500 metro kubiko ur segundoko eman behar dizkio Siriari. Hala ere, kurduek salatu dutenez, gaur egun 200 metro kubiko segundoko ematen ari da. Ondorioz, urtegien maila nabarmen jaitsi da eta elektrizitate ekoizpena ere bai. Gainera, Eufrateseko ertzetan landatzeko lur kopurua gero eta txikiagoa da. Ur edangarria gero eta gutxiago izateak osasun arazoak ere sortzen ditu. Siriako Ipar eta Ekialdeko Administrazioak ohartarazi du Eufrateseko ura gutxitzeak krisi humanitarioak sortuko dituela eta 9 milioi pertsonen bizitza arriskuan jarriko duela. Eufrates ibaia (Delil SOULEIMAN / AFP) Hemud El Hemadin Tishrineko presako arduradunetariko bat da. Hemud El Hemadinek gogorarazi duenez, Siriako iparraldeko eta ekialdeko lurraldeak errefuxiatu askoren bizileku bihurtu dira eta beraz, handitu egin da ur beharra. «Oso arriskutsua da Eufrates ibaiko urak bost metro behera egitea», adierazi du. Administrazioa ur-maila mantendu eta elikadura-segurtasuna bermatzeko lan egiten ari dela esan du Hemadinek. «Ur-maila baxuarengatik, presa itxita egon zen 16 orduz. Egunero kontrolatzen dugu maila. Baina beroagatik ura lurrundu egiten da eta maila ez da igotzen», azaldu du. Hemadinek nabarmendu du Turkiako estatuak baimendutako ur-emaria ez dela nahikoa. «Kasurik onenean, 250 metro kubiko ur askatzen dira segundoko. Gainera, 75 metro kubiko lurruntzen dira. 160 metro kubiko ur nekazaritzarako erabiltzen dira, ureztapenerako, eta 25 metro kubiko inguru baino ez, edateko. Turkiak baimentzen dituen urek ez dituzte oinarrizko beharrak betetzen. Hemen ere erabili behar ditugu lakuak elektrizitatea sortzeko», gaineratu du. Presako arduradunak adierazi duenez, azken urteetan sei turbina ibili dira aktibo, eskualdea 24 orduz energia elektrikoz hornitzeko. Gaur egun, ordea, bi turbina baino ez daude eta zortzi orduz hornitu dezakete elektrizitatea. Arazoa, hala ere, ez da aurten sortu. Iaz ere agintari kurduek Ankararen jarrera salatu zuten. «Turkiako estatua eskualdeko ekonomian kalteak eragiten saiatzen ari da Eufrates ibaiko ura murriztuta. Eufrateseko ura erabiltzen ari da eskualdea ekonomikoki kolapsatzeko arma gisa», salatu du Kobane Kantoiko Kontseiluko presidentekide Mistefa Tok, «Siriako ipar-ekialdearen aurkako etengabeko erasoek ere erakusten dute Turkiak ezin duela onartu Administrazio Autonomoaren proiektua», gaineratu du. Ismet Ibrahim Eufrates Eskualdeko Abokatuen Sindikatuko kidearen arabera, «nazioarteko krimena» da emaria horrela jaistea. Eta testuinguru horretan, gaixotasunak ere agertzen hasi dira. Hasaka probintzian 1.300 biztanle gaixotu dira, ur kutsatua edatera behartuta, ur edangarria lortu ezinik. «Ur hau ez da egokia giza kontsumorako. Jendea pozoitzen ari da», deitoratu du Hasakako Ospitale Nazionaleko zuzendari Faris Hemok. Eta aurten egoerak okerrera egingo du, kolera kasuak agertzen hasi dira eta. Turkiak babestutako milizia jihadistek Alukeko estazioak ematen duen hornidura moztu ohi dute. Inguru horretarako funtsezko baliabide hori dagoeneko oso kaltetuta zegoen Estatu Islamikoaren aurkako borroken ondorioz. Alukeko estazioaren hornidura mozten dutenean, ur-tankeak erosi ezin dituzten biztanleek putzuetatik edaten dute zuzenean, eta horrek gaixotasunak izateko arriskua dakar. Emariaren jaitsiera hegoalderantz ere hedatu da, Raqqa eta Deir Ezzor probintzietara, eta Irakeko lurralderaino iristen ari da. Edateko, elektrizitaterako eta ureztatzeko ibaiaren mende dauden hiru milioi pertsona inguruk arriskuan ikusten dute bizi-hornidura hori. Gainera, energia sortzen duten turbina gehienek funtzionatzeari utzi diote Eufrateseko uraren Turkiaren hargunearen ondorioz, agintari kurduen arabera. ASPALDI DESAGERTUTAKO KOLERA ITZULI DA Izan ere, dagoeneko ur faltak gaixotasunak eragin ditu eta kolera izurritea zabaldu da eskualde honetan. «Aspaldi ez zegoen gaixotasun hori. Izurritea birsortu da Turkiako estatuak ibaietako urak murriztu dituelako eta urtegien maila jaisten ari delako», kritikatu du Hemadinek. Ur geldiek bakterioak, birusak eta epidemiak zabaltzen laguntzen dute. «Urak gutxitu ahala, kutsadura handitu egiten da», adierazi du. «Turkiako estatua estutu egin behar da, ura aska dezan. Horretarako, nazioarteko komunitatearekin eta erakunde humanitarioekin komunikatzen saiatzen ari gara», gaineratu du Hemadinek. koleraz gaixotutako haur bat, tratamendua jasotzen, Al-Kasrah ospitalean, Siriako Deir Ezzor probintzian (Ayman HENNA / AFP) Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) baieztatu duenez, Sirian 23 hildako eragin ditu kolera-agerraldiak eta haurren desnutrizio-arazoa dago. Batez ere, 5 urtetik beherako 20.000 haur baino gehiagori eragiten die. «Gerraren hondamenditik bizirik atera diren siriarrak oraindik ere gaixotasun hilgarrien agerraldien eraginpean daude; kolera, kasu, gaur egun sei probintziatan zabaldu dena eta orain arte 23 pertsona hil eta 253 kutsatu dituena», adierazi du Ahmed al Mandhari OMEko eskualdeko zuzendariak. «Sirian bost urtetik beherako 20.000 haur baino gehiagok ez dute janari nahikorik jasotzen, eta horietatik 1.500ek arazo medikoak izateko arriskua dute», gaineratu du. Sirian, Al-Hassakeh probintzian, gutxienez uzten %50 galtzea aurreikusi da. Turkiako hego-ekialdeak %70 eta %90 arteko galerak izan ditu zerealen ekoizpeneanTenperatura globala 1°C igoko balitz, 2050ean Irakeko ur geza %20 murriztuko litzateke, eta horrek urik gabe utziko luke gaur egun ureztapena jasotzen duten lurren heren bat Rojavako autogobernuko agintari kurdu-siriarrek salatu dute Turkia «ur-gerra» egiten ari dela Siriako iparraldeko eta ekialdeko herritarren kontraEufrateseko ura gutxitzeak krisi humanitarioak sortuko dituela eta 9 milioi pertsonen bizitza arriskuan jarriko duela ohartarazi dute