Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
NEURTEZINA NEURTZEA

Epai-irizpideak zorrozten eta fintzen joan dira bertsolaritzaren historian zehar

Bertsoa sorkuntza pieza bizia da, bat-batekoa. Hartzailearen begiratuak eta gustuek pisua dute bertsoa jasotzeko eta bizitzeko moduan. Ez dago neurgailu bakarra, ez dagoelako hartzaile bakarra. Entzule bakoitza da epailea. Hortik abiatuta, epaile taldeak ahalik eta lan zorrotzena egiten du, urteen joanean fintzen joan diren epai-irizpideak eskutan.

Bertsoa neurtezina izanagatik, bertsoa eta norgehiagoka elkarren ondoan joan izan dira aspaldidanik. Eta norgehiagokak epaitzea eskatzen du, onena zein izan den erabakitzea. Mordoilo horretan mugitzen da bertso epailea.

Euskal Herriko Txapelketa Nagusiaren lehen edizioa 1935ean izan zen. Ordukoak dira ezagutzen diren lehen epai-irizpideak. Lehenagotik izan ziren lehiak eta Lore Jokoak, baina epaileei eta irizpideei buruzko daturik ez dago. Kontatzen denez, entzuleen txaloek eta oihuek erabakitzen zuten irabazlea. Nork sortu burrundara handiagoa, hura txapeldun.

Gerra aurretik bi txapelketa jokatu ziren, 1935ean eta 1936an. Euskaltzaleak eta Eusko Gaztedi izan ziren antolatzaileak eta ‘Bertsolari Guduak’ deitu zieten. Bi berrikuntza nagusi ekarri zituzten txapelketa horiek: gai-jartzailearen figura sortu zen eta epai-irizpide zenbait adostu ziren. Elkarte antolatzaileen inguruan mugitzen zen jende ikasia izan zen epaile lehen txapelketa horietan; Jose Ariztimuño “Aitzol”, Toribio Altzaga, Jose Olaizola, Txomin Olano, Manuel Lekuona, Joseba Zurimendi eta Leizaola.

Honako irizpide hauek adostu zituzten, hitzez hitz: «Epa-maiekoak beren iritzia agertzeko, kontuan eduki bear izan dituzte bertsolarien sorpena, irudipena, bertsotarako ereztasuna, bertsoen neurkera, puntuak eta oiñen berdintasuna. Baita ere emandako gaiak erabili zituzten edo ez; eta bakoitzari emandako ogibidearen yabe egin zan edo ez».

Irizpide horien gainean, bertsoak puntuatzeko sistema bitxia erabiltzen zuten: “Oso txarrari” 0 puntu; “txar samarrari” 5; “on xamarrari” 10; “onari” 15 eta “oso onari” 20.

Euskaltzaindiaren ardurapean

1936ko gerrak eta diktadurak etena ekarri zuten txapelketen sokan. 1960ko hamarkadan piztu ziren berriz txapelketak, Euskaltzaindiaren eskutik. Hain justu, Euskaltzaindiko kideak eta haien ingurukoak aritu ziren epaile. Ez zen epai-irizpiderik zehaztu espreski, baina gerra aurreko irizpide antzekoak erabili zituztela dirudi.

Sasoi hartan piramide egiturakoak ziren finalak. Goizean zortzi bertsolari hasten ziren eta lau sailkatzen ziren arratsalderako. Lau horietatik batek buruz burukoa jokatzen zuen txapeldunarekin. Eta lehia horretatik ateratzen zen txapeldun berria.

Epaitzeko orduan ere desberdina zen. Epaia eman behar zuten aldiro batzen ziren epaileak. Epaia adosten saiatzen ziren eta adostasunik ez zegoenean, bakoitzak bere epaia idazten zuen paper batean.

1964ko Gipuzkoako Txapelketa, Eibarren. (XENPELAR DOKUMENTAZIO ZENTROA)

Lau txapelketa izan ziren 60ko hamarkadan eta guztietan izan ziren eztabaida sutsuak epaiak zirela medio. Ezaguna da 1967ko finalean piztu zen txistualdia Uztapiderekin buruz burukoa jokatuko zuen bertsolaria Xalbador zela jakin zenean. Bertsozale batzuk ez ziren bat etorri epaileen erabakiarekin eta modu zaratatsuan azaldu zuten haserrea.

Hamahiru urteko etenaren ondoren, 80ko hamarkadan etorri ziren ondorengo txapelketak; horiek ere Euskaltzaindiak antolatuta. Epai-irizpideak prestatu zituzten orduan, lau puntu nagusiren bueltan: gaia, hizkuntza, egitura, eta neurriak eta puntuak.

1980ko eta 1982ko txapelketak epai-irizpide horiekin neurtu ziren eta ez ziren eztabaidatik aparte geratu. Amurizak eraman zituen bi txapelak, moldez eta mamiz erabat berria zen bertsokera propioarekin. Bertsoak egiteko modu berritzaile horrek ez zituen denak kontentatu eta hor ere izan zen zalaparta.

Bertsozale elkartearenak

1986ko txapelketatik gaur egunera arte, Bertsozale Elkartearen egitekoa izan da txapelketak antolatzea eta epaitzeko irizpideak finkatzea. 1986koan hainbat batzorde osatu zituzten txapelketa antolatzeko eta horietako baten egitekoa izan zen epai-irizpideak zehaztea. Bertsoak banan-banan puntuatu ziren eta bertso bakoitzaren puntuazioa erabakitzeko lau atal hartu ziren kontuan. Guztira, 10 puntu izanda, hiru puntu gaiarentzat, hiru puntu hizkerarentzat, hiru metrikarentzat eta puntu bat egiturarentzat.

1986ko txapelketa hartan berrikuntza nabarmenetakoa puntuak jendearen bistara eman izana izan zen. Bertsoak puntuatu ahala, txarteltxo bat jasota erakusten zuen epaile bakoitzak bere erabakia.

Esperimentu hark ez zuen arrakastarik izan. Bertsolariak ez zituen puntuazioak ikusten, baina jende artean sortzen zen marmarra atzematen zuen. Eta epaileek ez zituzten gainerakoen puntuak ikusten, baina entzuleen erreakzioak urduritasuna sortzen zuen oro har. Geroztik ez da gehiagotan probatu modu hori. Baina egia da geroztik puntuazioak beti publikoak izaten direla, behin saioa amaituta argitaratu egiten direlako. Aldaketa hori ekarri zuen txapelketa hark.

1989, 1993 eta 1997ko txapelketetan pauso bat aurrera egin zen epailetzan. Lantalde zabala osatu zuten –1986. urtean epaile aritutakoak eta beste zenbait aditu, tartean– eta txapelketa epaitzeko irizpideak finago zehazten hasi ziren. Baleko bertsoa abiapuntutzat hartuta, figura literarioei garrantzia ematen hasi zitzaizkien.

Aurtengo epaile taldea lan betean, duela aste batzuk, Getxon izandako saioan. (Alberto ELOSEGI)

1999. urtean Joxerra Gartziak tesia kaleratu zuen: “Gaur egungo bertsolarien baliabide poetiko-erretorikoak”. Lan horrek iraultza ekarri zuen epailetzara. Gartziaren tesiaren arabera, bertsoa komunikazio-ekintza da. Teoria horretatik abiatuta, epai-irizpideak berrikusi, zehaztu, zorroztu egin ziren. Hari horretatik tiraka ondu zuen Bertsozale Elkarteak “Bat-bateko bertsoak epaitzeko irizpideak” liburuxka, 2000. urtean argitaratutakoa. Gerora, komunikazio-ikuspegian gehiago sakonduz, bigarren bertsioa kaleratu zuen 2005ean.

Gaur egungo epai-irizpideak aipatutako liburuxka horien gainean zehaztutakoak dira. Bertsoaren komunikazio-ezaugarriak; komunikazio-estrategia horretan bertsolariak hartzen duen bidea; gaiaren koherentzia, egokitasuna, eraikuntza...; testuaz haragoko elementuak... horiek dira gaur egungo bertsolaritza neurtzen ahalegintzen diren neurgailuak, sorkuntza pisuan eta altueran kabiaraztea ezinezkoa dela jakitun.