GAUR8 - mila leiho zabalik

Askatasun partzial eta kokatua


Konpresa eta tanpoi iragarkiek hilekoa ez nabaritzean sentituko dugun askatasuna saldu nahi digute, kontua ez baita hilekoaren odolaren tabua lantzea, askatasuna ematen dizun puntura arte ezkutatzea baizik. Heterosexualak besteoi gure sexualitatea aske bizitzeko baimena emateko prest daude, are gehiago, askatasunera bultzatzen gaituzte “aske maite, aske bizi” bezalakoak abesten dituzten matxiruloen ahotatik, kontua ez baita heterosexualitatea bukatzea, zu zure etxean aske izatea baizik. Madrilgo PPk osasungintzaren pribatizazioa justifikatzen du zerbitzu pribatuen bidez zure medikua hautatzeko aske izango zarela argudiatuz; normalean askatasun hori soilik ordaintzeko dirua baduzu praktikatu daitekeela aipatu gabe uzten dute. Adibide hutsak dira, baina denek berdina iradokitzen dute, hau da, XXI. mendeko testuinguru neoliberalak «askatasun» hitza perbertitu duela.

Perbertsio hauek direla-eta, askatasunaz nekatu naiz, baina dominazioaren aurka borrokatzeko balioko digun terminologia behar izaten jarraitzen dugu. Tentsio horren irtenbidea aurkitu nahian erabaki dut hemendik aurrera «askapenaz» hitz egingo dudala eta ez «askatasunaz».

Askapena askatasunaren forma konkretu, partzial eta kokatu gisa ulertzen dut, jadanik desiragarria ez den askatasun unibertsal eta absolutuarekin kontrajarria. Askatasuna absolututzat ulertzea subjektua eta boterea ulertzeko modu zehatz batzuekin lotzen da. Ulerkera horietan boterea errepresiboa da soilik eta subjektua esentzialki askea. Mundua ez da indibiduo askeen asoziazio bat, ez baitago indibiduo askerik askatasun konkretuak posible egiten dituen gizartea baino lehen. Eta gizarteak beti erregulatzen du indibiduoaren portaera. Goikoetxearen ustez, askatasuna eta berdintasuna ez dira jaiotzezkoak, menderakuntza jakin batzuen bidez lortzen dira. Beraz, ez dauka zentzurik demokratizazioa eta klase azpiratuen askapena mekanismo antidiziplinario eta anti-biopolitikoekin lotzeak (Goikoetxea, 2017).

Askatasuna zentzu absolutuan ez da existitzen, baina baditugu modu kontingentean aske izaten uzten ez diguten baldintzak, egiturak eta estrategiak politizatzeko eta aldatzeko aukera. Partzialtasun hau ez da askatasunarentzako muga bat, askatasuna berbera posible egiten duen gorputzean kokatzeko ariketa bat baizik. Askatasun paradoxikoa marxismoak, liberalismoak, anarkismoak edo kristautasunak errepresentatzen duten perspektiba monoteistarentzat, baina beharrezkoa feminismo materialista politeista batentzat.

Ez dago denentzat balio duen askatasun promesik

Harawayk egindako objektibotasunaren definizioaz baliatzen naiz askapen hau planteatzeko. Beretzat objektibotasuna ezin da kokatu transzendentzia promesten duen ikuskera bakarrean, baizik eta ikuspegi gorpuztu, partikular eta espezifikoan. «Irakaspena sinplea da, ikuspegi partzialak bakarrik ziurtatzen du ikuspegi objektiboa» (Haraway 1995:326). Era berean, guretzat ere askatasuna ezin da irudikatu transzendentzia eta betiereko bakea ekarriko luketen iraultzetan, baizik eta askapen konkretuak sortzen dituzten borroka gorpuztu, partikular eta espezifikoetan.

Askapen prozesuetan leku bat okupatzea, gorputz bat habitatzea, printzipio epistemologikoa da, baina baita praktika politikoa ere. Praktika politiko horrek bestetasunarekiko, subalternoarekiko ardura hartu nahi du, ez bere borroka egitearen ardura, baizik eta, bere diferentzia errespetatzearena, «diferentziarekiko ardura marko material-semiotiko esanahikorretan» (Haraway 1995:329), kontziente izanik diferentzia bera marko horiek sortua dela.

Ez dago denontzako balioko duen askatasun promesik, elkar eta elkarrekin askatu nahi dugu, baina zapalkuntza bakoitzak bere askapena behar du eta denak interkonektatuta daude. Askatasun unibertsalaren aurka eta liberazio partzialen alde. Jakinda askapen oro egiten dela ikuskera kokatutik, ahots mugatutik, gorputz konkretutik eta bere marko historikoetatik; betiereko aldaketa, mutazio, kontraste eta gatazka konstantean. •