GAUR8 - mila leiho zabalik
CABO DELGADORI BEGIRA

Mozambikeko iparraldeko probintzia honek krisi humanitario latza bizi du

Milioi bat inguru pertsonak ihes egin behar izan dute Mozambikeko iparraldean azken bost urteetako biolentziaren ondorioz. Mugarik Gabeko Medikuak gobernuz kanpoko erakundeak egoeraren larritasunaz ohartarazi du, bost urteko gatazka armatuaren ostean, herritarren osasun fisiko eta psikologikoa jokoan baitago.

MSFk banatzen duen uraren zain Muedan. (Igor BARBERO | MSF)

Orain bost urte, 2017ko urrian, Mozambikeko ipar-ekialdeko Cabo Delgado probintzian hasi zen gatazka armatuaren ondorioz ia milioi bat pertsonak beren bizilekua utzi behar izan dute. Desplazatuen kopuruak %20 egin du gora aurtengo lehen seihilekoan, eta 946.508ra iritsi da.

Aitor Zabalgogeazkoa kazetariak gertutik ezagutzen du hango egoera. Mugarik Gabeko Medikuen (MSF) zuzendari orokorra izan zen, baita misioburua eta erakundeko Larrialdietako Unitateko arduraduna ere behin baino gehiagotan. Eskarmentu handia du Iraken, Afganistanen, Sirian, Hego Sudanen edo Kongoko Errepublika Demokratikoan. Gaur egun, MSFko Larrialdietako Unitateko arduraduna da, eta berriki itzuli da Mozambiketik. GAUR8 berarekin mintzatu da herrialde afrikar honen eta bereziki Cabo Delgadoren egoeraren berri izateko.

Diskriminazioa eta bazterketa

Mocimboa do Praian sortu zen Cabo Delgadoko hainbat herritan erasoak egin dituen talde jihadista. Islama arautzeko Estatuaren erakunde ofizialetatik aldendu egin zen haiekin bat egiten ez zuelako. Gobernuaren kontrako narratiba du eta kopuruz talde txikia bada ere, Estatu Islamikoarekin loturak ditu. Armadari armak eta herritarrei elikagaiak lapurtzetik bizi da. Dena den, azken bost urte hauetan, jihadisten erasoek 4.300 hildako baino gehiago eragin dituzte.

«Gatazka guztiek bezala, jatorri konplexua du. Batetik, diskriminazio eta bazterketa arazo bat dago. Cabo Delgado probintzia hiriburutik, Maputotik, bi mila kilometrora dago. Inbertsio falta eta bazterketa salatzen dute biztanleek. Duela hamar urte gasa aurkitzeko prospekzioak hasi ziren Cabo Delgadon. Baliabide natural honen ustiapena komunitatearen onerako izango zela pentsatu zuten, baina ez da halakorik gertatu», azaldu du Zabalgogeazkoak.

Hiru mila soldadu afrikar baino gehiago, Ruanda eta inguruko herrialdeetakoak, zabaldu ziren iaz Mozambikeko Armadari talde armatu honi aurre egiten laguntzeko. Hala, Estatu Islamikoaren taldeari leial zitzaizkion jihadistak probintziaren hegoaldera bultzatu zituzten, eta ordura arte erasanik izan ez zuten eremuetara iritsi ziren.

«Muturreko biolentziak eragin itzela du herritarrengan. Ia milioi bat pertsonak ihes egin behar izan dute talde armatuen erasoengatik. Hurbilekoen hilketaren lekuko izan dira herritar asko. Senideak eta lagunak nola hiltzen zituzten, burua nola mozten zieten ikusi dute. Bortxaketen biktimak edo lekukoak ere izan dira asko. Haurrak beren borondatearen kontra errekrutatu dituzte. Etxeak eta bestelako azpiegiturak erre egin dizkiete. Gatazkaren ondorioz baliabideak galdu dira, hezkuntza sistema geldirik dago eta gutxieneko osasun zerbitzuak eten egin behar izan dituzte Cabo Delgadon. Pertsona askok beren bizilekua behin baino gehiagotan utzi behar izan dute. Traumatizatuta daude. Nazioarteko komunitateak babestu beharko lituzke», adierazi du Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren bozeramailea den Matthew Saltmarshek.

«Azken eraso horietan desplazatutako pertsonek beldurtuta eta goseak daudela jakinarazi diote Nazio Batuen Goi Mandatariari. Ez dute botikarik, eta pilatuta bizi dira, lauzpabost familia etxe berean. Batzuek kanpoan egiten dute lo, aterperik gabe. Pribatutasunik ezak eta gaueko hotzak eta elementuekiko esposizioak kezka gehigarriak sortzen dituzte segurtasunari eta osasunari dagokienez, bereziki emakumeentzat eta haurrentzat», gaineratu du.

Biktimen lekukotasuna

Berrogei kilometroko ibilaldiaren ondorengo nekeak ez du Maria Lourençoren zirrara arintzen, bi egun lehenago bere herriko bi gizonen buruak urmael batean ebakita ikusi zituelako. Mozambikeko iparraldean den herrixka duela bost urtetik behin eta berriz jo du indarkeriak, eta talde armatu jihadistaren eraso horren ondoren, 60 urteko emakumeak ihes egin du, bere zortzi alaba eta hainbat bilobarekin, gertuko Chiure hirira. «Bi gizoni burua moztu diete», esan dio AFP albiste agentziari helmugara iritsi eta gutxira. «Gero, biktimetako baten emazteari eman zizkioten buruak, agintariei aurkez ziezazkien», gehitu du. «Beraien buruak ikusi ditut», errepikatzen du.

Desplazatu talde bat kamioi bati itxaroten. (Igor BARRERO / MSF)

Elias Mariok, 36 urteko baserritar batek, Katapuatik ihes egin zuen emaztearekin eta bi seme-alabekin. Bizikletaz lagunduta, aitortu du ez dakiela nora jo.

Plazan, AFPko korrespontsal batek 500 desplazatu inguru kontatu zituen. Katapuako landa eremutik iritsi ziren, eta izarren azpian edo dendetako toldoen azpian igaro zuten gaua. Xavier Jamal eskualdeko administrazioburuak aditzera eman zuenez, Katapuako eliza erre eta Montepuezetik gertu errubi meategi bati eraso zion talde berekoak ziren erasotzaileak. Pasa den urriaren 20an, Gemfields Britainia Handiko taldeak Montepuezen ustiatzen duen errubi meatzean jarduera guztiak eten zituen.

Aldi berean, desplazatuetako batzuk beren herrietara itzultzen hasi dira orain seguruagoak direlakoan eta kanpalekuetako bizi baldintzak oso kaskarrak direlako.

Itzuleren segurtasuna

NBEko Goi Mandatariak kezka azaldu du itzulera horiek askotan ez direlako baldintza egokietan egiten. «Baldintzak egonkortu baino lehen jatorrizko eremuetara itzultzen jarraitzen badute, arriskutsua izan daiteke. Lekuz aldatutako familien itzuleren alde nago, baldin eta borondatezkoak, seguruak, informatuak eta duinak badira, eta baldintzak egokiak direnean eta oinarrizko zerbitzuak berrezarri direnean egitekotan. Baina dena galdu duten pertsonak zerbitzuak eta laguntza humanitarioa hein handi batean eskuragarri ez dauden eremuetara itzultzen ari dira», ohartarazi du.

Zabalgogeazkoaren hitzetan, ihes egindakoen bizi baldintzak «oso kaskarrak dira, horregatik, batzuek beraien herrietara itzultzeko hautua hartu dute. Batzuk errefuxiatuentzako eremuetan zeuden, baina beste batzuk azpiegiturarik gabeko behin-behineko kanpalekuetan. Jendeak itzuli egin nahi du, nahiz eta etxea erreta egon. Kanpalekuetan laguntza humanitarioaren mendekoak dira erabat, Estatuak eta gobernuz kanpoko erakundeek banatu diezaieketen janariaren zain egon behar dute, ez baitute lantzeko lursailik, inolako helburu edo jarduera ekonomikorik gabe. Baldintza horietan, nahiago dute itzuli», azaldu du.

Desplazamenduarekin batera, nabarmentzekoa da Cabo Delgadon GIBaren prebalentzia %13koa dela. Mozambikeko beste probintzia batzuetan, %29ra iristen da.

MSFko medikuak botikak banatzen Nasitenge herrian. (Igor BARRERO / MSF)

«Gaixotasuna duen pertsona bati osasun zentroa suntsitzen badiote eta lekuz mugitu behar badu, tratamendua eten behar du eta beste osasun zentro bat bilatu, tratamenduarekin jarraitu ahal izateko», gaineratu du Zabalgogeazkoak.

«Gauza bera gertatzen da beste gaixotasun batzuekin, hala nola tuberkulosiarekin, malariarekin... Desplazatuak iristen ari diren herrietako osasun zentroak ez daude prestatuta normalean artatzen duten biztanle kopurua halako hiru edo lau hartzeko. Sargaiak eta langileak birkokatzea erronka handia da».

Itzultzen ari direnak

Sara Miro MSFko koordinatzailea da Mozambiken. Hamar urteko ibilbide luzea du laguntza humanitarioaren eta garapenaren alorrean. Beste herrialde afrikar batzuetan, Ekialde Hurbilean eta Hego Amerikan ere lan egin du. Mozambiken dela, GAUR8 berarekin mintzatu da bideo dei baten bitartez.

Egungo egoera deskribatzeko zer hitz erabiliko lituzkeen galdetuta, «konplexua eta metagarria dela esango nuke, gatazka duela bost urte hasi baitzen, baina azken hiru urteetan gogortu egin da. Gatazka armatuaz gain, probintzia honek hondamendi natural ziklikoak jasaten ditu. 2018an, ‘Kenneth’ zikloiak kalte masiboak eragin zituen. Hau zerbait berria izan zen, zikloi batek eskualde hau kolpatzen zuen lehen aldia izan zelako, normalean zikloien eraginpeko eremuak herrialdearen hegoalderago daudenak izaten dira. Horrek egoera berri bat eragin zuen Gobernuarentzat, baita osasun zerbitzuentzat ere. Hori guztia pertsonen bizipenetan pilatzen doa».

Eraso jihadistek eragindako desplazamenduei dagokionez, joan-etorriak homogeneoak ez direla azaldu du: «Familiako kide guztiak ez dira elkarrekin joaten. Kasu askotan, familiak banandu egin dira. Helduek leku batera joan behar izan dute lan bila eta haur eta emakumeek beste batera. Gertatu da halaber talde armatuek familia, herri edo eremu oso bat atxiki izana, eta halakoetan, eremu geografiko horretan harrapatuta geratzen dira; atera eta irten ezinik».

Ziurgabetasuna

«Ziurgabetasunez bizi dira, ez dakite zer gertatuko den; izan ere, baliteke astebetean erasorik ez izatea, eta gero indarkeria larriagotzea. Eta lekualdatzen diren tokian, ez dute lanik, ezta lurrik ere lantzeko. Bi milioi pertsonako probintzia bati buruz ari gara, azken bost urteetan biztanleriaren erdia desplazatu den probintzia bati buruz. Bere jatorrizko herriak suntsituta daude. Gobernuak adierazten dien lekura joaten dira, nahiz eta lurrak ez izan beti emankorrak edo ura duten lurrak izan arren ez duten izaten beti osasun zentro bat hurbil».

Nazario Jaime medikua gaixo bat artatzen MSFko klinika mugikor batean. (Tadeu ANDRE / MSF)

Eta nola lan egiten da egoera horretan? «Ahal dugun neurrian eta behar gehien duten komunitateak lehenesten. Beharrak ebaluatzen ditugu, segurtasunaren aldetik sartzerik dugun ala ez. Gatazka hasi zenean, probintziaren hegoaldean geunden gehienbat. Azken hiru urteetan, berriz, iparralderantz mugitu gara, zeren desplazatutako asko itzultzen ari dira, baina itzultzen direnean, ez dute etxea bere horretan aurkitzen, txikituta baizik». Ur horniketan eta saneamendu sarean ari da lanean MSF eta itzultzen ari direnei sukaldeko eltzeak, platerak eta mahai tresnak, mantak... ematen dizkiete, elikadurakoak ez diren elementuak, «hobeto bizi daitezen, ezer gabe itzultzen baitira».

Laguntzaren mende

Osasunaren alorrean, berebiziko garrantzia ematen dio erakundeak buruko osasunari, are gehiago gatazka armatu baten testuinguruan. «Batzuk mutu gelditu dira itzultzean etxea txikituta ikustean. Mozambiken lanean nagoenetik ez dut halakorik ikusi. Malariarekin edo GIBarekin ez bezala, herrialdean ez daude eskuragarri sendagai psikiatrikoak eta ez da nahikoa psikoterapia egitearekin traumari aurre egiteko. Sufritzen ari dira eta haien osasun mentalari eragiten dio».

«Ihesaldiarekin, norberaren arlo sozial eta familiarra aldatu egiten da. Egun batetik bestera ez duzu estatus bera, zure etxea. Bat-batean, leku berri batera joan behar duzu lurrik gabe bizitzera, ezer landatu gabe, zeure burua zaindu gabe, gobernuz kanpoko erakunde bat hilean behin zuri janaria ematera etortzeari muzin egiten diozu. Kontua ez da soilik zure bizilagunak nola hil zituzten edo zure bizitzaren parte izan diren egiturak eta tokiak nola erretzen zituzten ikustea, baizik eta beste batzuen mende zaudela sentitzea, gobernuak eta gobernuz kanpoko erakundeek eskaintzen duten laguntza humanitarioaren mende zaudela, eta ezin duzula zure familia zeure kabuz aurrera atera».

Mirok ohartarazi duenez, «bost urteko muga igaro dugu eta epe laburrean ez da irtenbiderik ikusten. Gatazka kronifikatzeko arriskua dago, baita komunikabideen nahiz agentzien agendan gehiago ez agertzeko arriskua ere».