05 NOV. 2022 IKUSMIRA PARETEK OIHU ETA BESARKADA, ATXONDON (MURALES LIAN) Amagoia Mujika Atxondo Harrera Herria 2018an sortu zen. Herritarrek jositako sarea Euskal Herrira iristen diren pertsona migratzaileei harrera egiteko, herria emateko. Lo egiteko tokia ez ezik, duintasunez bizitzeko laguntza ematen diete; laguntza juridikoa, osasunerako eskubidea, formakuntzarako aukera, inklusioa, kultura aniztasunaren hariak. Izan ere, lotarako tokiak bakarrik ez du pertsona pertsona egiten. Orain Atxondo Harrera Herrikoak Udalaren parean jarrita daude, migratzaileek orain arte lotarako leku zuten Axpe aterpetxea itxi egin duelako Udalak, hainbeste pertsona kale gorrian utzita. Kaleak hotzak dira, paretak ere izan daitezke hotzak. Edo ez. Murales Lianek Euskal Herriko toki askotan jarri ditu paretak sutan, builaka, injustizia sozialek sortzen duten minetik oihuka. Atxondoko Apatamonasterioko pilotalekuko pareta ere oihuka jarri du Murales Lianek. Baina oihuaz gain, besarkada eskaintzen du pareta horrek, harrera eskaintzen duelako, herria ematen duelako. Egunotan kalean lotan ari diren herritarrek garbi daukate; Atxondon ez dute lotarako tokia bakarrik topatu, bizitzeko tokia topatu dute. Horregatik, kalean lo egin behar badute ere, Atxondon nahi dute herria izan.