«Borroka klimatikoarekin bat egin ez izana Latinoamerikako ezkerraren berealdiko akatsa izan da»
Gustavo Petroren ustez, Latinoamerikako ezkerrak berealdiko akatsa egin du klima aldaketari aurre egiteko borroka bandera gisa ez hartzean, lehengaietan oinarritutako eredu ekonomikoaren inertziagatik. Hori aldatzea beste biderik ez dagoela nabarmendu du.
Latinoamerikako ezkerrak berealdiko akatsa egin zuen klima aldaketari aurre egiteko borroka bandera gisa ez hartzean, eta orain eskualde osoan boterea hartzen ari diren indar politiko aurrerakoiek ahalegin hori egin beharko dute, Gustavo Petro Kolonbiako presidenteak adierazi zuenez.
Xarm el-Xeikh Egiptoko hirian, COP27 Klimaren Gailurrean, Nazio Batuek ingurumen krisiari aurre egiteko antolatu duten ekitaldirik handienean, Petrok gogoeta egin eta «eskuinaren zein ezkerraren» inertziak aztertu ditu.
Bere ustez, eskualdeko eskuina zein ezkerra ekonomia eredu «estraktibista eta fosilaren» defendatzaileak bihurtu dira, baina hortik ateratzea da «aukera bakarra».
Amazoniaren defentsan Kolonbiak lidergoa hartu du.
Une honetan ia bakarrik egotea egokitu zaigu defentsa horretan. Brasilgo egungo gobernuak ez du oihana berreskuratzeko interesik izan. Oihana klimaren funtsezko zutabea da, ordea; desagertzen bada, planeta osoarentzako itzulerarik gabeko puntu batean sartuko gara.
Oihana salbatzea funtsezkoa da oreka klimatikoaren politikaren barruan, eta gobernuak gara horren erantzuleak.
Une honetan, Venezuelako Gobernuak erabaki du alor horretan gurekin batera jardutea, eta espero dugu Brasilgo Gobernuak ere beste horrenbeste egitea. Horrela, ardatz erabakigarria izango genuke, gobernuek aurrekontu indarra izan dezagun oihana erreskatatzeko politika eraginkor baterako. Enpresa pribatuen elkartasuna baino ez litzateke faltako, politika publikoek denboran iraun dezaten hori funtsezkoa baita. Bestela, orain egiten duguna denbora gutxian suntsituko da.
Latinoamerika ez da protagonista «Hegoalde Globalaren» gailur honetan.
Egia esan, Latinoamerika gobernatu duten eskuin zein ezkerreko indarrak ez dira abangoardia izateko gai izan krisi klimatikoaren aurrean gizateria defendatzeari dagokionez.
Funtsean, gure eredu ekonomikoa lehengaien, gasaren, mineralen, petrolioaren eta ikatzaren esportazioan oinarritu da, eta horren ondorioz, garrantzi politiko txikia izan dugu ekonomia eredu fosiletik irten eta ekonomia deskarbonizatura igarotzeko bidean.
Latinoamerikan sektore aurrerakoien arazoa izan da ez dutela aintzat hartu krisi klimatikoaren aurkako borroka, eta hori berealdiko arazo bat da. Aitzitik, petrolio, ikatz eta gasaren nazioarteko prezioen defentsan oinarritu dira.
Kontinentean zehar gertatzen ari diren aldaketa politiko hauekin, borroka hori onartzeko ordua dela uste dugu. Hori da gure proposamena, nire gobernu programan dago, eta ez da presiorik gabe sartu. Petrolio eta ikatz esplorazioak itxi egin behar genituela esateak presioa baino ez du eragin; bai pesoa suntsitzearekin eta bai bestelako presio politiko eta ekonomiko zorrotz batzuekin mehatxatu gaituzte, asmo horiek alda genitzan eta petrolio eta ikatz esportazioaren mendeko ekonomia mantentzeko.
Latinoamerikako gobernuei, eta hauteskundeak bata bestearen atzetik irabazten ari diren indar aurrerakoi berriei proposatu diet Latinoamerikako aurrerakoitasunaren agenda aldatzeko eta gure garapenaren ahalegina lehengaietan eta horien nazioarteko prezioan oinarritu beharrean produkzio politika ardatz har dezatela, ezagutzan oinarritutako ekonomia produktibo batera igarotzeko.
Eta eskualdeak onartuko al luke trantsizio hori?
Eztabaida berri bat sortzen ari gara, amerikar elkarrizketa bat ildo horretan eta larrialdi klimatikoa gainditzeko agenda politiko baten ideiarekin. Latinoamerikako gobernuetan pisua hartu behar du agenda horrek. Are gehiago, gainerako herrialdeek munduan ez duten abantaila bat daukagulako; izan ere, energia garbiak garatzeko potentzial izugarria dago: ura, haizea, eguzkia... Oinarri horiek ekonomien deskarbonizazioan eta munduko ekonomian jauzi esanguratsu bat eragin dezakete. Garapen kontzeptu berri baterako abangoardia izan gaitezke.
Aukera bat ikusten dut. Latinoamerika boteretsua izan liteke politikoki eta ekonomikoki, deskarbonizazioaren arauak onartzen baditu bere ekonomientzat.
Duela bost mendetik hona baliabide berriztaezinak esportatzeko ekonomia primarioan ainguratuta egotea ez da eraginkorra izan garapen ekonomikoaren ikuspegitik, ezta pobrezia gainditzearen ikuspegitik ere.
Eta ezker hau prest dago?
Eztabaida bat hasi da. Harritu egin ninduen Venezuelara egin nuen azken bisitak; petrolioan ainguratutako ekonomia da, eta, horregatik, erraz blokeatu zuten. Baina blokeo horrek, paradoxikoki, petroliorik gabeko mundu batean pentsatzera eraman zituen. Bizi duten dramatismo ekonomikoa eta bertan garatzen den polarizazioa gorabehera, Venezuelako gizartean eztabaida bat sortu da petroliorik gabeko Venezuela nolakoa izango zen hausnartzeko. Inoiz ez zen horretan pentsatu.
Gogoeta horri deskarbonizaziorako politika zehatzek jarraituko baliote, eta eztabaida hau Bolivian eta Txile eta Peru bezalako erauzketa ekonomia tipikoetan aurkeztu ahal izango balitz, jauzia egin genezake. Brasil eta Mexikoko egoera berriek ardatz politiko berritzailea sortzea ahalbidetuko lukete, eta agenda aurrerakoiaren funtsezko erdigune bihurtuko litzateke klima krisia gainditzeko agenda bera.
Fedea duzu horretan?
Ez dago alternatibarik... Batzuetan pentsatzen dut ez ote goazen azkarregi Kolonbian, ez ote ditugun gehiegi presionatzen duela hamarkadetatik hona ikatz eta petrolioaren ustiapenari lotu zaion gizarte baten egiturak eta interes ekonomikoak. Kolonbia hori gabe irudikatzea zaila da, eta trantsizio energetikorantz eta deskarbonizaziorantz pausoak eman ez ditzagun presioa izugarria da.
Europako ekonomiak deskarbonizatzeko duen ezintasunak, petrolioa eta gasa bezalako baliabideen mende jarraitzeak, azkenean gerrak garatzen ditu. Deskarbonizaziorako urratsa fikzio bat da, COP hauen erretolika da gehiago, ez baitira gauzatzen sistema ekonomikoaren benetako aldaketa dakarten urrats zehatzak, interes asko desagerraraz ditzaketenak. Hala, hein batean suntsipenerantz goaz.
Baina ez dago beste aukerarik, ekonomiak eta politikak aldatzea beste biderik ez dago; bestela, giza espeziea hil egingo da. Ez dago beste aukerarik.