26 NOV. 2022 Monterori jazarpena eta Zapateroren irakaspen bat Iñaki Soto Montero espainiar ministroaren aurkako erasoen harira, duela hilabete lagun batek Trans Legearen kontura bidali zidan txio bat berreskuratu dut. Carla Antonellirena zen eta Jose Luis Rodriguez Zapateroren bi minutuko bideoa zekarren. Oro har, auzi honetan bat nator Antonellirekin eta Zapaterorekin, baina mezuak eztabaida hura gainditzen zuela uste dut. Mezua laburbilduko dut. «Trans borroka edo feminismoari buruz dugun eztabaida belaunaldien arteko eztabaida da. Demokrazia eta boterea belaunaldiz belaunaldi azaltzen dira», zioen Zapaterok. Belaunaldi bat zer den ondo definitu beharko litzateke, baina zentzua du. Bere ustez, «eskubide bakoitzarekin eskubide berriei ateak irekitzen zaizkie. Eta eskubide berri horiek, Trans Legeak jasotzen dituenak bezala, belaunaldi berri batek babesten ditu, gurearen ikuspegi desberdina duen belaunaldi batek». Lehenengo ideiak atzealde argia du: eskubide bat galtzen denean, ez da bortxatuko den azkena izaten. Bestalde, munduan gauza gehiago egotea eta horiek desberdinak izatea hobe dela eta, ondorioz, aniztasuna zaintzea garrantzitsua dela hainbat alorretarako balio duen printzipio gidari bat da. Belaunaldien kezkez ari garela, larrialdi klimatikorako, adibidez. «Nik, hasieran, Trans Legearekin, aztertu nuen, hausnartu nuen, jendearekin hitz egin nuen, eta esan nuen, ‘noski, hau ikuspegi desberdina da’. Baina ni ireki egin nintzen, beti egiten saiatzen naizen bezala». Ez da hain zaila, baina ez da arrunta. Ikasi, hausnartu, entzun, hitz egin, enpatizatu. Dogmatismoaren kontrakoa. Alde –edo kontra– egotea ez baita alde egotearen kontra egotearen berdina. Sektarismoa arrisku bizia da. «Eta batzuetan horrek tirabira dirudi, tira, horrelakoak dira historiaren tirabirak. Ziur aski, ia gauza guztietan bezala, demokrazian eztabaida intelektuala izaten saiatu behar gara. Jakina, feminismoak ainguratze onak izan behar ditu, baina benetan ez dut uste Trans Legeak eraginik izango duenik feminismoak demokraziari, ongizateari eta emakumeen eskubideei egiten dien ekarpen handian». «Historiaren tirabirak», «eztabaida intelektuala», «ainguratze onak»… ez dira gauza makalak. Eta tesi nagusi bat: Trans Legeak ez dio eragiten, ez du gutxiesten, eta are gutxiago ez dio erasotzen borroka feministari. Trans Legearen aurka erabili ziren faltsukeria eta bortiztasunetik Irene Montero Espainiako ministroaren aurkako indarkeria mugagabera igaro da, «Bakarrik bai da bai» Legearen kontura. Sistema heteropatriarkalaren eta Espainiako ultranazionalismoaren arteko konbinazioa oso toxikoa da. Berandu bada ere, azkenean nazioarteko elkartasun erreakzioa izan da Monterorekin. EH Bilduko ordezkariak lehendabizikoetakoak izan ziren. Duela hilabete faltsukeria eta indarkeria horiek ezkerretik elikatu zituztenen autokritika falta da orain. Ezkerretik, eta ez soilik ezkerretik. Bestela, ez da izango tranpan erori zirela, baizik eta beraiek tranpatiak direla. Montero eta enparauen ahultasuna bilatu zuten, lehendabizi, eta hortik abiatu da beren aurkako eraso antolatua. «Bortxatzaileen aldeko politika publikoen» markoa duela hilabete finkatu zen, Trans Legearekin. Zenbaiti atzera egitea kosta egin zaie. Hau honela izanda ere, ezkerrak ikasi behar du, beste behin ere, arrazoia eta boterea ez datozela beti bat. Hori bai, arrazoitzeko formula zuzenen bila, Zapateroren mezu horretan badago abiapuntu on bat, nire ustez. • «Con cada derecho se abren las puertas a nuevos derechos. Estos nuevos derechos, al igual que los recogidos por la Ley Trans, están protegidos por una nueva generación»