Birus batek hinduismoarentzat sakratuak diren behiak mehatxatzen ditu Indian
Behi-aziendetan larruazaleko gaixotasun bat sortzen duen birusa hedatu egin da Indian eta 150.000 behi baino gehiago hil ditu jada. Hinduismoak sakratutzat jotzen duen animalia hau gaixotzeak kezka eta haserrea eragin du, batez ere erlijioari lotutako nazionalismoak gora egin duen estatuetan.
Birus baten hedapenak 150.000 behi baino gehiago hil ditu Indian eta kezka ere zabaldu egin da. Birusak larruazaleko gaixotasun bat sortzen du eta, tratamendu espezifikorik ez dagoenez hinduismoarentzat animalia sakratu hori nola mehatxatzen duen ikustean, askoren haserrea piztu da, batez ere nazionalismo erlijiosoa gora doan garai hauetan.
Irailean milaka hindu ortodoxo kalera atera ziren Rajastan estatuan, behien bizia salbatzeko premiazko ekintzak eskatzeko, hiltegietan milaka behi hilda erakusten dituzten irudiak zabaldu ondoren.
Hinduisten iruditerian izaki amatiarra da behia eta barruan 330 milioi jainko dituela uste dute.
Protesta neurri handi batean Bharatiya Janata Party (BJP) alderdi nazionalista hinduko militanteek egin zuten; Narendra Modi Indiako lehen ministroaren alderdikoek, alegia.
Eta poliziarekin liskarretan bukatu zen manifestazioa.
Dermatosi nodular kutsakorraren agerraldi bat izan da erruduna, eta 2 milioi behi baino gehiago kutsatu eta 150.000 baino gehiago hil ditu jada, Indiako Animalien eta Esnekien Hazkuntza Departamentuko komisario laguntzaileak, Sujit Nayakek, Eferi baieztatu zionez.
Gaixotasun horrek probirus bat eragiten du, eta endemikotzat jotzen da Afrikako hainbat eremutan. Behi-azienden heriotza eragin dezake, baina eragin handiena ugalkortasunaren eta esne ekoizpenaren murrizketarekin lotuta dago.
Gaixotasuna nodulu gisa agertzen da aberearen azalean, batez ere buruan, gorputz adarretan, errapetan eta genitaletan. Gerora, endekatu eta zauri sakonak eragiten ditu. Beste bektore batzuen artean, eltxoek kutsatzen dituzte behiak, eurite garaian. Abeltzainentzako ondorioak larriak dira, batez ere ugalkortasuna eta esne ekoizpena gutxitzen delako, eta horixe da, hain zuzen, milaka familiaren ekonomiaren oinarria.
Birusaren hedapena geldiarazteko txertorik ez dagoenez, osasun agintariek ahuntz txertoa eman zuten behin-behinean. Ahuntzei eta ardiei jartzen zaien txerto horren eraginkortasuna %80koa da, K. P. Singh Albaitaritza Ikerketako Institutuko (IVRI) zuzendari laguntzaileak azaldu zuenez.
Hala, «txertatutako behiak infektatzen badira, sintoma arinak besterik ez dute izango», eta denbora irabaziko da serum autoktono espezifiko bat garatu arte. Hori hiru edo sei hilabeteren buruan egongo litzateke prest, adituaren esanetan.
Singhek ohartarazi zuenez, «gaixotasun horri buruzko azterketa zehatza behar da»; izan ere, orain arte dakitenarekin «ez da nahikoa» gizakiak edo beste animalia batzuk kutsa ditzakeen zehazteko, baina tratamendu egokia ematen bada eta behiei txertoa jartzen bazaie, heriotza tasa %5-10 artekoa dela ziurtatu zuen.
Behien babeslekuak
Gaitz honek beste behin ere agerian utzi du behiak hinduismoarentzat sakratuak izan arren, ez dituztela ondo zaintzen. Ohikoa da hezurra eta azala besterik ez duten behiak ikustea kalean edo errepideetako ibilgailuen artean, edo zaborretan bazkatzen.
Gizartea «ez da betetzen ari gure behi-ama babestu behar den moduan babesteko betebeharra», eta behiak «noraezean eta janari bila dabiltza zaborrontzietan» azpimarratu zuen Prem Panditek, gaushala edo behien babesleku baten erdian dagoen tenplu hindu bateko apaiz nagusiak.
New Delhi hegoaldeko babeslekuak egunero jaten ematen die kaletik erreskatatutako edo erdialdetik hartutako 1.500 behiri baino gehiagori.
Izan ere, behiak sakrifikatzea debekatuta dagoenez, esnea ekoizteari uzten diotenean familia indiarrek sarritan abandonatu egiten dituzte.
Aterpe horretako ia behi guztiek jaso dute ahuntz-txertoa, eta oraingoz ez dute dermatosi nodular kutsakorraren agerraldirik izan, baina badakite oso larria dela zentroan agerraldi bat piztea, infektatuak isolatzeko azpiegiturarik ez baitute.
Gutxik ulertzen dute Indiako animalia sakratuenaren bizitza zaintzeko bere gain hartu duen «ardura», «gainerakoak axolagabeak diren bitartean», deitoratu zuen apaizak.