Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad

Osatzen

Zortzi ordu lotarako, zortzi ordu lanerako eta zortzi ordu bizitzeko, horrela banatu zuten eguna industrializazioan, lana bizia ez balitz bezala, eta bizia lana, eta loa bizia. Haurtzaroa eta gaztaroa enplegurako prestatzeko, helduaroa ordaindutako lanerako, eta hirugarren adina erretirorako... orain arte behintzat. Erdian beti enplegua –enplegu batzuk– eta honen inguruan, denbora soberakinetan, gainontzeko guztia. «Hemen, haratxe-honatxe». Hitz horiekin deskribatzen zuen amatxik bere eguneroko martxa: sukaldatu, etxekoak zaindu, beren emozioak sostengatu, garbitu, eta hori dena kudeatu. Lanok izozmendi batean irudikatuko bagenitu, urpean kokatuko genituzke denak.

Mundu mailako pandemia bat igaro dugu eta pasatu ez balitz bezala egiten saiatzen gara. «Elkartuago aterako gara, garrantzitsua zer den ohartu gara». Horixe uste genuen, baina osasun zerbitzuetan murrizketak bertzerik ez da ikusten, eta jendearen arteko harremanetan, topaketa hunkigarri bat, besta handi bat irudikatua nuena hoztua aurkitu dut. Denak topera, kafe baterako astirik gabe. 

«Gauza inportanteak mantso doaz», bota zuen partaide batek Emaginen (ez) amatasunen jardunaldietan, eta iltzatuta daukat ideia. Haurrek, eta baita gure gorputzek ere, denbora lasaiagoak eskatzen dituzte, eta tiraka eramaten ditugu. Titia emateak, zortzi-zortzi-zortzi zatiketa hori 24 bihurtu duen bezala, bere neke guztiarekin –hau ere lan bat baita– osatu egiten nauela sentitzen dut. •