Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
MARI. IXILIK NAHI GAITUZTENEAN

Gaztetxeak zer ziren, zer diren eta zer izango diren josten duen fikzioa Oñatitik

Oñatiko gaztetxe mugimenduak 40 urte betetzen ditu aurten. Herriko Antixena gaztetxeak, hamar. Soka bereko bi historia zati dira, hainbeste istorio eta bizipenen segidako hari. Ospakizun bikoitzari proiektu indartsua eskaini diote: 45 minutuko fikziozko filma. Oñatiarrek borondatez egindako lan ia profesionala.

Aurtengo udan egin dute filmatzeko lanaren parte handiena. Beheko irudian, filmazioaren une bat. (ANTIXENA GAZTETXEA)
Aurtengo udan egin dute filmatzeko lanaren parte handiena. Beheko irudian, filmazioaren une bat. (ANTIXENA GAZTETXEA)

Mari. Ixilik nahi gaituztenean” izeneko filma 2032. urtean kokatutako drama distopikoa da. Hauxe da filmak kontatzen duen korapiloa: Oñatiko Antixena gaztetxeak 20. urteurrena ospatzen du. Asanblada oso makal dago, lau kide bakarrik daude eta gaztetxea ahul dago. Udalak egoera hori baliatu nahi du gaztetxea hutsarazteko. Eskutitz bat helarazten die asanbladakoei bi asteren buruan gaztetxea hustu eta utzi egin behar dutela esanez. Mariri, protagonistari, hainbat arazo eta liskar sortzen zaizkio alde desberdinetan; asanbladan, familian, herrian…

Mariren etxekoak beste garai batzuetan gaztetxearen bueltan ibilitakoak dira, bai amama eta bai aita, eta horiek ere bultza egiten diote gaztetxearen aldeko borrokari lotzeko. Belaunaldi desberdinetan korapilatuta, gaztetxeen biziraupen istorio bat da proiektuak josi duena.

Era horretara, 45 minutuko fikziozko filmaren forman, ospatu nahi izan dute Oñatiko gaztetxean aurten parean tokatu zaien ospakizun bikoitza: Oñatiko gaztetxe mugimenduaren 40. urteurrena eta Oñatiko Antixena gaztetxearen 10. urtea. “Mari. Ixilik nahi gaituztenean” filmak baditu nabarmendu beharreko hainbat ezaugarri. Oso-osorik Antixena gaztetxeak ekoitzia eta finantzatua izan da, borondatez egindako lan oso profesionala da eta herritar ugariren laguntza eta parte hartzea izan du. Gaztetxetik nabarmentzen dutenez, «ez da lau gaztetxeroren artean egindako dokumental tipikoa». Bi urtetan ondutako proiektua da, lana, orduak, nekeak eta ilusioak zakukadaka bildu dituena bidean.

«Ideia orain dela bi urte irten zen asanbladatik. Aurten Oñatiko gaztetxe mugimenduaren 40. urteurrena betetzen da eta Antixena gaztetxearen 10. urteurrena. Bi urteurren horien bueltan ikus-entzunezko bat egiteko ideia sortu zen; gaztetxeen garrantzia aldarrikatzeko eta Oñatiko gaztetxe mugimenduaren historia jasotzeko», hasi da kontatzen Mikel Garai. Proiektuaren zuzendaritza taldean aritu den laukoteko kide da Garai, Jone Markuleta, Xanti Ugarte eta Anjel Lerarekin batera.

Hasieran dokumental baten ideiaren inguruan hasi ziren lanean, Oñatiko gaztetxe mugimenduaren historia kontatuko zuen dokumental bat. «Ez genuen ohiko dokumental bat egin nahi, lauzpabost elkarrizketetan gaztetxe mugimenduaren historia osoa biltzea ez genuen egoki ikusten. Horregatik erabaki genuen fikzioa egitea. Fikzioak aukera ematen digu errealitatea distortsionatu eta istorio bat gure modura kontatzeko. Eta, gainera, jende gehiagorengana iristeko modua ere eskaintzen du».

Asanbladan piztu zen ideia horri eutsi zion lau laguneko taldeak eta laukote hori arduratu da proiektua gidatzeaz. Baina egia da herri oso baten babesa eta bultzada izan dutela, «jo ditugun ate guztietan baiezkoa jaso dugu, musu truk eta gaztetxearekiko maitasunez».

Filmaren trailerra ikusita suma daiteke lan handia dagoela atzean eta profesionaltasun handiarekin egina dagoela. «Ia-ia lan profesionala da. Gehien kostatu zaiguna izan da jendea konbentzitzea lan serioa zela, ia profesionala, ez zela gaztetxero batzuek egindako film labur bat. Film serioa da, drama bat dauka eta hari horretatik tiraka gauza asko kontatzen ditu. Jende asko ibili da horren atzean lanean, buruhauste asko izan ditugu, une askotan erre ere egin gara, beste une askotan sekulako ilusioa izan dugu… lan handia izan da, bi urteko lanaren emaitza da», jarraitu du Garaik.

Herritar askoren laguntza eta parte hartzea izan dute proiektuan. Denak borondatez aritu dira. (ANTIXENA GAZTETXEA)

Lehen lana kontatu beharreko istorioa erabakitzea izan zen. «Bilera mordoa egin genuen istorio hori lotzeko, zehazteko. Gero hortik gidoia sortu genuen, horrek ere lan handia eman zigun. Eta behin hori eginda hasi ginen filmazioarekin. Aurtengo uztailean izan ziren filmazio garrantzitsuenak. Fase horretan laguntza eskatu genuen bai Oñatiko gaztetxeko asanbladan eta baita herrian ere. Herritarren erantzuna sekulakoa izan da, jende pila bat aritu da gurekin lanean eta benetan eskertzen dugu. Denak borondatez aritu dira».

Herritarren borondatezko lanarekin jositako lan ia profesionala izan da, beraz. «Oñati herri txikia da, baina oso bizia. Mugimendu handia dago eta ikus-entzunezko proiektu dezente izaten dira. Herri txikia denez guk ere bagenekien norengana jo laguntza eske. Adibidez, jantziteria eta makillajea atontzeko Iraia Urkiarengana jo dugu. Herrikoa da eta oso ona da alor horretan. Soinuan, Mikel Letamendi, horrelako lanetan aritutakoa da eta baiezkoa eman digu. Dena horrela izan da, ezagutzen genituenengana jo dugu eta denek pozik eman digute baiezkoa».

Aktore gehienak oñatiarrak dira. Salbuespenetako bat Mariren amonaren papera egiten duen Mariasun Pagoaga arrasatearra da, zinema munduan eskarmentua duena eta proiektu handietan aritutakoa. Horregatik jo zuten beregana eta Pagoagak ere baiezkoa.

Antzezleak, figuranteak, zuzendaritza, argazki lantaldea, jantziteria eta makillajea, scripta, kartelaren egileak, trailerra, kredituak, soinua eta musika… filmaren alderdi gehienak oñatiarrek egindakoak dira. «Filmerako musika Eñaut Zubizarreta ‘Trigger’-ek egin digu, propio sortu du filmerako. Aretxabaletarra da. Maila handiko musikaria da eta oso pozik gaude bere ekarpenarekin».

Gaztetxearekiko maitasunez

Gaztetxeen aldeko borroka bat belaunaldi desberdinetan islatua. Hori kontatzen du filmak. Errealitate sinesgarria, edozein etxetan, edozein herritan gerta zitekeena. «Fikzioa da, guk sortu dugun istorio bat da, baina errealitatetik asko dauka. Ez da benetako gertaeratan oinarritua, baina izan zitekeen, bai Oñatin eta bai Euskal Herriko edozein herritan. Mariri bere etxekoek Oñatin gertatutako gauzak kontatzen dizkiote eta horiek badira benetan gertatutakoak. Ez daukate sekulako garrantzia traman, baina hor daude eta ikusleari iritsiko zaizkio».

Datozen egunetan Oñatin eta Durangoko Azokan ikusi ahal izango da filma. Urtarriletik aurrera, Euskal Herriko gaztetxeetan barna bira bat egingo dute. (ANTIXENA GAZTETXEA)

Filmak aurkezten duen 2032. urteko gaztetxeko asanblada makal hori ere fikzioa da, baina errealitatea izan daiteke.

«Herriak ez badu behar, gaztetxea ez da egongo. Hori horrela da zoritxarrez. Hor jokoan sartzen da gure gaitasuna eta gure indarra gaztetxeak ez daitezen desagertu. Gaztetxeak herriarentzat oso espazio garrantzitsuak dira, aukera ugari ematen dituztenak; borrokarako, formakuntzarako, ikasteko, desikasteko… horri buruzko gogoeta bat proposatzen du filmak. Gaztetxeen garrantzia mahai gainean jartzen du eta gaztetxeak isilik nahi dituztenentzat ere bada mezua».

Horrelako proiektu bat aurrera ateratzea bera bada nahikoa bultzada. «Nik uste dut opari eder bat dela. Azken finean eskertza moduko bat egin nahi genuen, gaztetxeari balioa emateko; zer izan zen, zer den eta zer izango den. Eta film hau egiteak ere balio izan digu biltzeko eta konturatzeko gai garela horrelako proiektu bat aurrera eramateko. Nik uste dut Euskal Herrian gaztetxe batek maila honetan egiten duen lehen filma dela eta hori ere zabaldu nahi dugu; gaztetxeak gai garela maila honetako proiektuak egiteko».

Euskal Herriko beste gaztetxeei begira, urtarriletik aurrera bira bat prestatzen ari dira beste gaztetxe batzuetatik barna. «Oñatiarrentzat oso interesgarria da, filmak dituen ezaugarriengatik. Baina Euskal Herrira zabaldu nahi dugu kontatzen den istorioa edozein herritan gertatu daitekeelako. Era berean, Euskal Herriari erakutsi nahi diogu zer-nolako sorkuntzak egin daitezkeen gaztetxe batean», nabarmendu du Garaik.