GAUR8 - mila leiho zabalik

Arraste-arrantzaren aurkako protesta 1907an

(EULALIA ABAITUA. BILBOKO EUSKAL MUSEOAREN BILDUMA.)

1907ko azaroaren 17ko “El Nervion” egunkariaren edizio ilustratuak Kantauriko kostaldeko arrantzaleek arraste-arrantzaren aurka egindako protesta ekitaldi baten berri eman zuen. Ondarroako Arrantzaleen Kofradiak inguruko gainerako kofradiei dei egin zien protesta manifestazio hori babesteko, eta egunkariak zioenez «...milaka arrantzalek babestu zuten manifestazio hori, bai eta udalen, zenbait herritako kleroaren eta arrantzatik eratorritako industrien ordezkari batzuek ere...». Halaber, Bilboko Lux etxearen argazkiekin “El Nervion” egunkariak egindako kronikak jasotzen zuenez, Bizkaiko Aldundia, Merkataritza Ganbera eta Bilboko Udala ordezkatuta egon ziren Euskalduna frontoian egindako ekitaldian. Artikulua ilustratzen duen argazkia Eulalia Abaituak egina da, eta protestaren une bat jasotzen du. Bertan, Bilboko itsasadarraren ezkerraldean dozenaka ontzi ikusten dira, euskal kostaldeko hainbat portutatik etorriak. Era berean, arrantzaleak ere ikusten dira Churrucaren tinglado inguruetan, jendearen laguntza jasotzen.