GAUR8 - mila leiho zabalik

Euritan dantzan


Euritan dantzan, horixe da aurtengo EITBko tele-maratoiaren leloa, zoritxarraren aurrean aldarte onari eusteko gonbita. Urtero bezala, gabonen ataria probestuko dute hiritarren kontzientziari dei egin eta bidezko kausa baten aldeko dirulaguntza eskatzeko, eta aurten esklerosi anizkoitzaren aurkako ikerkuntzara bideratuko omen dute bildutakoa. Ezer baino lehen, bihoakie nire besarkadarik beroena zorigaiztoko gaitz horrek erasandako pertsonei eta euren ingurukoei, baina sinistuta nago gaixotasun horri aurre egiteko hain beharrezkoa den ikerketa lana karitatearen esku uztea arduragabekeria dela, areago herritarren borondate ona galdegiten dutenak aurrekontu publikoetako dirua osasun arloko ikerkuntzarako bideratu beharko luketen berberak direnean!

Euskal Autonomia Erkidegoko Osasun Sistema Publikoa, behinola eredugarria izan zena, koman dago, azken hatsetan. Ikusi besterik ez dago erakundearen barnean bata bestearen atzetik pizten diren gatazkak, hala nola medikuntza espezialitaterako lan eskaintzarako oposizioetan egindako iruzur sistematikoak, baliabideak optimizatzeko aitzakian ixten diren ospitale-zerbitzuak, edota, azkena, Donostiako erietxeko zerbitzu buruen plantoa eta ondorengo kaleratzeak. Sendagile matxinatuek salatu zuten komunikatu batean lehenago beste profesional askok salatu zutena, osasun erakundearen antolakuntza eta kudeaketa bertikala dela, ardura postuak mesede kate baten arabera esleitzen direla eta irizpide politikoak hobesten direla irizpide medikoen aurrean.

Garai batean ezagutu genuen osasun sistema publikoa azkenetan dago, bai, baina ez da berezko heriotza, akabatzen ari dira, estrategia politiko deliberatu eta orokor baten emaitza baita zerbitzu publikoak finikitatzea enpresa pribatuaren mesedera. Hurrengo batean, larrialdietako itxaron gelan zazpi ordu zain emandakoan, euriteari irribarre batez aurre egin diezaiogun eskatzen digutenean, gogora dezagun txiza dela, eta ez euria, zaparradaka jaurtitzen ari zaizkiguna. •