10 DIC. 2022 LETRAGINTZARI ODA Euskaraz idatzitako ehun kanturen letrak jaso ditu «Kantu eskukadak II» lanak Abesten ditugu eta entzuten ditugu, baina irakurtzen al ditugu kantuen letrak? Ba al dugu horretarako aukerarik? Gero eta gutxiago, dudarik ez. Altxor horietan pausatu eta euskaraz idatzitako 100 kanturen letrak bildu ditu «Kantu eskukadak II» lanak. Hori gutxi ez eta bakoitzari ilustrazio bat sortu dio Beñat Rodriguez Olrait Studioko kideak, Gaztezulo eta Badok-ekin elkarlanean. Ezker-eskuin, Gaizka Izagirre, «Gaztezulo» aldizkariko zuzendaria; Beñat Rodriguez, Olrait Studiokoa, eta Raitx abeslari donostiarra, argitalpenaren aurkezpenean. (Andoni CANELLADA | FOKU) Oihane Larretxea Noiz pausatu zinen azken aldiz kantu bat patxadaz aditu eta letra irakurtzeko? Oroitzen al zara metakrilatozko kutxatik diskoaren liburuxka atera zenuen azken aldiaz? Abestiak batez ere plataforma digitalen bidez ailegatzen zaizkigun garaiotan zaila da letragintzaren itsasoan murgiltzea. Bada, justu-justu hortxe eragin nahi izan du Olrait Studiok eta Gaztezulok elkarlanean argitaratu duten lanak, Badok-en babesarekin: “Kantu eskukadak II”. Lehen zenbakia kaleratu zenetik bi urte betetzen diren honetan, eta egitasmo haren arrakasta ikusirik (ale guztiak agortu ziren), bigarren uzta honetan abestien letrei erreparatu nahi izan diete. Guztira, aurrekoan bezala, 100 abesti jaso dituzte, baina oraingoan bakoitzari ilustrazio bana eskaini diote. Diziplina ezberdinak uztartzen ditu, beraz. Gainera, abestien zerrenda osoa biltzen duen QR kodea sortu dute eta hori eskaneatuz abestien zerrenda osoa entzun daiteke. «Iruditzen zait ez dugula nahikoa balioan jartzen gaur egun kulturak duen garrantzia, eta bereziki letragintzak duen garrantzia. Hau izan da omenaldi moduko bat, beste 100 abesti aukeratuz musikariei egin nahi izan zaien omenaldia», azaldu du Beñat Rodriguezek Olrait Studiotik. Bereak dira ilustrazioak eta hautaketaren ardura. Gaztezuloko Gaizka Izagirrek aurreko proiektua sortu zutenean baten batek egin zuen galdera ekarri du gogora, hausnarketa gisa. «Adibideak inozoa dirudi, baina 100 abesti aukeratu genituela esan genuenean, harrituta galdetu zigun ea bazeuden ehun euskal musika talde». Bigarren ale honetarako beste ehun aukeratu dira, eta beste asko eta asko kanpoan gelditu direla nabarmendu dute. «Euskarazko kulturgintza oso ekosistema txikia den ustea dago, badirudi ez dela oparoa, eta segituan jotzen dugu kanpora musika entzutera, baina etxean begiratuta badaude halako izugarrizko perlatxoak, eta horri jaramon egin behar zaio», aldarrikatu dute. Abesti guztiak jasotzen dituen QR kodeari Gartxot Unsain musikariaren hitzaurreak ematen dio segida. «Musika osatzen duten uhin, nota trantsizio, instrumentu, tonu eta bestelako denak maitasunez tartekatzea lortu dute eta lortzen dute askok, eta nahikoa zaie hori entzule askori. Ados. Nik ere izugarri maite dut Sorotan Beleko txirula. Emozionatu egiten nau. Edo akorde zikin batzuen segidak sortzen didan amorruaren euste hori. Maite dut musika instrumentala, instrumentuak maite baititut. Baina hitza sentitzen dut nik instrumentu goren; elkarrekin harremana duten emozio eroale horiek indar berezia dute». Sortzailearen hitzaurreak luze jotzen du, baina hauxe da muina: hitzen balioa eta indarra. Hitzen gaitasuna. Hitzak boterea dira. Abesti bilduma J Martinak irekitzen du, “Su” kantuarekin; eta Betizuk ixten du, “Lokaleko leihotik” izenburuarekin. Tartean, mundu zabal eta oparo bat. Aukeraketa bera izan da lehenengo zailtasuna. «Aurreneko erronka izan zen musika asko entzutea, pila bat. Gustuko ez dudan musika ere bai, zeren uste dut musikari dagokionez euskaldunak oso itxiak garela, edo oso karratuak -uste du Rodriguezek-. Badirudi rocka entzuten duzulako ezin duzula popa entzun, edo ezin zaizula elektronikoa gustatu… Lehen halaxe gertatzen zen flamenkoarekin, adibidez. Oso aurreiritzizaleak izan gara, eta gero eta gutxiago garen arren, oraindik badaude usteak». Aukeraketak irizpide batzuk segitu ditu, adibidez, anitza behar zuen izan lurraldetasunari zegokionez eta horregatik zazpi herrialdeetako taldeak daude, baita generoari dagokionez ere; musika estilo guztiek dute kabida eta sortzailearen generoari dagokionez ere orekatua da proiektua. Finean eta funtsean, euskara da denen haria. Belaunaldiartekoa ere bada, «guztiz». Chill Mafia, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Kai Nakai, Anje Duhalde, Maurizia, Su Ta Gar… eta beste asko topatu daitezke. Hitzak eta irudiak, solasean Behin kantuak aukeratuta, irudietara eramatearen saiakera zetorren. Irudi guztiek dute oinarrian esku bat, izenburuari keinu eginez: "eskukadak". baina denak dira ezberdinak, eta bakoitzak dagokion abestiari egiten dio erreferentzia. Rodriguezek aitortu duenez, badira kanpoan gelditu direnak «agian ezin direlako irudikatu edo ezin izan dudalako transmititu ilustrazio bidez abestiek transmititzen dutena». Edozein kasutan, ilustrazioen abiapuntua izan da hitz bat edo esaldi bat. «Nire arreta bereganatzen duenean ideia batek esaldia eta irudia lotzen ditut, eta horrekin hasten naiz solasean, probatzen». Hortik egiten du tira, eta tiraka segitzen du irudia osatzen duen arte. Prozesua «kuriosoa» dela dio. Liburuaren barrualdea (Andoni CANELLADA / FOKU) «Osinak bere sendabelarra du ondoan» esalditik tiraka sortu zuen Rodriguezek Raitx abeslariaren “Abereek esan ziguten” kantuarentzat ilustrazioa. Pozik dago musikari donostiarra, zeren kasualitatez bere abesti guztien artean «gustukoena» aukeratu dute bilduman sartzeko, musikariak berak aitortu duenez. Rakel Arenaza izen-abizenen atzean ezkutatzen den musikari donostiarrak proiektuaren balioa azpimarratu du. «Nire kasuan nire kantuak letretatik jaiotzen dira»; beraz, hitzek berebiziko garrantzia dute. «Liburu hau edukitzeko moduko liburua da», dio, eta halaxe argudiatzen du: «Berreskuratzen du nola esertzen ginen musika entzutera, eta ez bakarrik kotxeko bideetan egitera, edo kaskoekin sakelakoan. Orain Spotify-n entzuten dugu, eta oso ondo dago… baina letrak non daude?», galdegiten du. Raitxen irudikoz, «letrak irakurtzea garrantzitsua da». Hori da "Kantu eskukadak II"-k berreskuratzen duena: «Oso sentimendu politak azaleratzen dira praktika horretan». Letrei erreparatzeko Badok «oso euskarri interesgarria» dela dio Rodriguezek, baita Badcamp bezalako plataformak ere, bigarren plano batean gelditu ohi direlako kantuen letrak. «Artista askori entzuten diet esaten orain direla ‘fast single’, edo musika bizkorra, eta niri pertsonalki pena ematen dit. Lehenengo liburua atera zen momentu batean non denok jaitsi genuen erritmoa, eta kapazak izan ginen gauzei ondo behatzeko, hausnartzeko… orain gauzak lasaitu direla, azalera itzuli gara. Ondo daude halako egitasmoak gogorarazteko batzuetan gelditu behar dela letrak irakurtzera, musika entzutera». «Orain plataforma digitaletan entzuten da gehienbat musika, eta ondo dago, baina non daude kantuen letrak?», galdegiten dute. Pausatzera gonbidatzen du lan honek Liburua salgai egongo da Durangoko Azokan nahiz Gaztezuloren atarian. Gainera, «Kantu eskukadak I» berrargitaratu egin dute, ale guztiak agortu egin baitziren