GAUR8 - mila leiho zabalik
3 BEGIRADA:

Sehaska huts bat

Jesus haurtxoa, Donostiako jaiotzan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Olentzero joan zaigu mendira lanera, eta Jesus haurtxoa berriz Betleemera. Eta auskalo, Ama Birjina edo Espiritu Santua edo dena delakoaren bedeinkapenez jaio zen estalpetik entzuten ote den tiro hotsik, soldadu israeldarren larderiarik edo bide ertzean tirokatutako gazte palestinarraren negarrik. Edo isiltasuna besterik ez den entzuten, hemen bezala; dena biltzen duen isiltasun zaratatsu bat, armiarma-sare baten gisan biltzen gaituen isiltasun likatsu bat. Fededunenari ere zein gertu geratzen zaion orain dela bi mila urteko Betleem hura, eta zein urrun gaur egungoa. Zenbat sehaska huts, zenbat umezurtz, miraririk gabeko lur aukeratu hartan.

Desagertu egin da Jesus haurtxoa, ordea. Gipuzkoako egunkari salduenaren arabera, bere sehaskan utzi omen zuten gauean, lasai-lasai. Egunsentian botila hautsiak eta plastikozko edalontziak agertu omen ziren Gipuzkoa Plazako Betleemgo estalpean. Eta sehaska huts bat. Goizaldeko botila-festara batuko zen, nonbait, Jesus txikia, eta etxetik urrun harrapatuko zuen kalimotxo koloreko egunsentiak. Astoren bat ere batu omen zen festara. Eta berehala iritsi ziren herritar zintzoen kexak eta eskandaluak: “basakeria”, “bandalismoa”, “txikizioa”. Horixe gertatzen da gure sinboloak ukitzen dizkigutenean. Geroni ere irainduta sentitzen garela, alegia. Orain, gure Euskal Herri ateo, libre eta aurrerakoi honetan, Qatarreko eta Irango gizarte “itxi” eta “atzerakoiak” gutxiesten ditugun garaiotan, mindu egiten gaitu sinbolo kristauak beren lekutik kendu nahi izateak. Elizak hustu diren arren, Bibliak mesanotxeetatik desagertu zaizkigun arren, intsentsu usaina darie gure kaleei. Arratsaldeak laburtzen hasi orduko Gabonetako argiak zintzilikatu dizkigute gure hirietako kale nagusietan.

Eta baten batek esango du paganoak garela, neguko solstizioa dela gurtzen ari garena. Baina nik jaiotzak ikusten ditut bazter guztietan; Ama Birjinak eta izarrak zeruan; aingeruak astoaren eta idiaren aldamenean. Gurea ez omen da erlijioa, kultura baizik. Baina denon diruz ordaintzen dira batzuenak soilik diren sinboloak. Gabonetatik Aste Santura jauzi egiten du erlijioarekin loturarik ez omen duen gure egutegiak. Eta gure oporraldi bareetan urruneko lurraldeetako irudiak iristen zaizkigunean berehala egingo dugu erlijioaren eta itxikeriaren arteko lotura. Errazagoa baita itxikeria besteengan ikustea, norberarengan baino.

Botilak hustutakoan Jesus txikia Gipuzkoa Plazara itzuliko da akaso, asto gainean. Berriz ere bere sehaskan sartu eta herritar presatuak ikusiko dituzte, eskuak poltsaz karga-karga eginda. Eta pentsatuko du baten bati parranda eskuetatik joan zaiola. •