Garazi Goia
Idazlea
3 BEGIRADA:

Eskola metabertsoan

Metabertsoan negozio eredu ezberdinekin esperimentatzen dabiltza enpresa asko.
Metabertsoan negozio eredu ezberdinekin esperimentatzen dabiltza enpresa asko. (GETTY)

Zazpi urteko alabak Roblox txartel bat eskatu diola esan dit nire lagun batek. «Roblox voucher» deitzen zaio ingelesez eta opari txartel moduan saltzen dute orain Londresko supermerkatu askotan. Gabonetako postalak salgai zeuden sailetik pasatu zirenean, dirudienez zalaparta handia sortzen zenbiltzan lauzpabost nerabe, estreinako aldiz aurkitu zituzten-eta txartel horiek denda batean. Eta, une horretatik aurrera, beste edozein opariren aurretik, hori zen Santa Klausen zerrendan lehenengo zegoen eskaria. Ironikoki, Santa Klausen alegiazko istoriotik ateratzen ari zenean, amaiera oraindik idaztear duen beste istorio batean sartzen ari zen.

Txartel bakoitzak dirutan balio duena robux-ekin -Robloxeko dibisa- trukatzen da eta behin hori egin ostean, horrekin jokoetan gauzak erosi daitezke, norberaren abatarrarentzat apaingarriak edo bestela Roblox-erako harpidetza ere bai.

Metabertsoan negozio eredu ezberdinekin esperimentatzen dabiltzan enpresa askorekin lana egiten dut. Gehienentzat orain artean esperimentazioa izan da; marka handi batzuentzat izan ezik, diru sarrera esanguratsuak ez dira oraindik iritsi. Markaren posizionamendua bilatzen dute batzuek, beharrezkoa da hor egotea, badaezpada, inkestek dioten hori egia bada, une egokian hor egoteko, prest, aurreikusten diren diru iturri horiei guztiei heltzeko; beste batzuek lehenengoak izan nahi dute berrikuntza berriak proposatuz eta arrisku handiagoko inbertsioak proposatuz. Hala ere, hipotesi ezberdinak airean dabiltza eta ez dago aurrera egiteko bide bakar bat. Gaur enpresa batek esan dit formazio programa bat jarri nahi duela martxan metabertsoan eta aktibazioan lagunduko dien norbaiten bila dabiltzala. Eskola metabertsoan.

Eskolan esan digute, metabertsoaren inguruko terminologia berria erakusten hasi beharko zaiela haurrei eta gurasoak ere trebatzen hasi beharko direla gai horretan, etxean galderak egiten badizkigute ere. Oxford hiztegian metabertsoren inguruko hainbat hitz onartu dira azken urtean, eta «Metaverse» hitza bera bozkatuenen artean dago; bigarren postuan, hain zuzen ere. Urtero 300 mila pertsona inguruk bozkatzen dute “urteko hitza” zein izango den. 2013. urtean «selfie» hitzak irabazi zuenetik, azken hamar urteetan gauzak asko aldatu dira.

Duela bi aste nire haurren eskolara joan nintzen hizkuntza gutxituen inguruan hitzaldi bat ematera. 7 eta 8 urteko haurrei zuzendutako ordu erdiko aurkezpena prestatu nuen, Euskal Herriaren historiaren inguruko hainbat gertaeraren berri eman nien eta gero hizkuntzaren biziraupenaren garrantziaz aritu ginen, aniztasunak zituen abantailez eta identitate ezberdinez. Bukatzeko, alabak, harro, denen aurrean irakurri zuen euskarazko liburu bateko pasarte bat.

Inozentziaz eta harriduraz beteta, atentzio osoz jarraitu zuten denek hitzaldia. Mundu errealean, Robloxetik urrun, jakingurazko jarrera bat bazutela ikustea pozgarria izan zen. Oraindik badago itxaropen bat, mundu errealaren eta birtualaren arteko oreka egokia lortuko dutela pentsarazten didana. •