GAUR8 - mila leiho zabalik
EZKERRA BAI, BAINA NORA?

Erronka handiei egin beharko die aurre Latinoamerikako bigarren «marea gorriak»

Bigarren aukera dute Latinoamerikako ezkerreko gobernuek eskuinaren eta botere ekonomikoen presioen gainetik politika aurrerakoietan sakontzeko. Erronka handiak dituzte, ordea. Klase herrikoien ongizatea ahaztu gabe, estraktibismoari mugak jarri behar dizkiote. Eta ezkerraren norabidea geopolitikak edo eskubideek markatuko duten, hautu hori ere egin beharko dute.

Lula, garaipenera eramango zuen hauteskunde kanpainako ekitaldi batean, Sao Paulon. (Leo CORREA | AFP)

Kolonbian eta Brasilen ezkerrak lortutako garaipenek 2021ean Latinoamerikan sumatzen zen «marea gorria» -batzuek nahiago «marea arrosa»- baieztatu dute.

Gustavo Petro gerrillari ohi ezkertiarrak nahiko aise irabazi ditu Kolonbiako presidentetzarako hauteskundeak agortzear den urtearen erdialdean.

Luiz Inazio Lula da Silva sindikalista eta presidente ohia bigarren itzulian eta juxtu-juxtuan gailendu zaio urte bukaeran Jair Bolsonaro ultraeskuindar presidenteari. Garaipen horiek iaz ezkerrak Txilen, Perun eta Hondurasen lortu zituenekin bat datoz.

Erdialdeko Amerikako herrialdearen kasuan, esaterako, Xiomara Castrok, duela 13 urte estatu-kolpe instituzional batek boteretik bota zuen Manuel Zelayaren emazteak, senarraren kargua (2006-2009) eskuratu zuen urte hasieran.

Zelayaren presidentetzaren bilakaera eredugarria da, 2000ko hamarkadan Latinoamerikan bizi izan zen lehen «marea gorriaren» azken garaipenetakoa ez ezik, bere amaiera bortitzak 2010eko hamarkadan gobernu ezkertiarren aurka eskuinak bultzatuko zuen kanpaina zikinaren (estatu-kolpe bigunak, botere judizialaren erabilera, barne disidentzien instrumentalizazioa...) aitzindari izan zelako. Kanpaina horrek Latinoamerikako lehen olatu progresistari amaiera eman zion.

Neoliberalismoaren promesak

1970. urtean Pinocheten estatu kolpearen haritik Txilen estreinatu zen neoliberalismoak eta bere promesa gezurtiek -inoiz iritsi ez zen modernizazio ekonomikoa eta kanpo zorraren eta inflazio izugarriaren desagerpena- agortuta utzi zuten kontinentea 90eko hamarkadan.

Izan ere, egoera okerrera eraman zuten politika horiek, eta jendearen haserrea piztu. Ezinegon hark lehen «marea gorria» ekarri zuen, 1999an Venezuelan Hugo Chavezek ireki zuena. Haren atzetik iritsi ziren Lula Brasilen (2002), Nestor Kirchner Argentinan (2003), Tabare Vazquez Uruguain (2005), Evo Morales Bolivian (2005) eta Rafael Correa Ekuadorren (2006).

Ez ziren bakarrak izan, beste herrialde batzuetan ere, Hondurasen kasu, izan zirelako antzerako saiakerak; hori bai, laburragoak. Aipatutako herrialdeetan, ordea, agintari horiek, edo haien ondorengoak, Brasilen Dilma Roussef kasu, 2015. urtera arte egon ziren boterean.

«Bosturteko beltza»

Urte hartan, Mauricio Macri eskuindarrak hauteskundeak irabazi zituen Argentinan. Horren ondotik etorriko ziren ezkerraren gainerako porrotak, batzuk hauteskundeetan, baina betiere elite ekonomikoen eta eskuinaren trikimailu politiko edo judizialen ondoren.

Neoliberalismoa indartuz zihoan, eta Mendebaldeko ezkerrarengan izugarrizko esperantza sortu zuen Latinoamerikako «marea gorriak» atzera egin zuen nabarmen eta «bosturteko beltza» hasi zen.

Aro zahar-berri horren bultzatzaileek gobernu aurrerakoiek lortutako emaitzak zituzten jomugan. Izan ere, aurreko hamarkadan nabarmen gora egin zuen aipatutako herrialdeetan barne produktu gordinak (munduaren batez bestekoaren bikoitza), eta berdintasunik eza murriztu egin zen, gutxiengo soldataren igoeraren eta giza laguntzen bitartez. Txiroen proportzioa %45,6tik (2003an) %27,8ra erori zen 2014rako.

Jazarpena eta erruak

Botere ekonomikoak ezin zuen hori jasan eta bereak eta bi egin zuen Brasilen -Roussef kargugabetu eta Lula kartzelatu-, Ekuadorren -Korrea erbestera bidali eta bere ondorengoa, Lenin Moreno, erosi-, eta Bolivian -Moralesen aurkako estatu kolpea- egoerari buelta emateko.

Hala ere, ezin da ukatu ezkerrak berak ere akatsak egin zituela, bere aurkako jazarpena samurtuz eta azkenean porrota ahalbidetuz. Eta ez bakarrik ustelkeria kasuekin -egon egon zelako eta ezin baitzaio eskuinaren manikeismoari manikeismoarekin erantzun-.

Ekonomia arloan, babes soziala zor publikoarekin bermatu zen -eta ez aberatsenei ezarritako zergen bitartez-, horrek duen atzera egiteko arriskuarekin.

Are gehiago, gobernuek ez zituzten zalantzan jarri benetan desberdintasun sozialaren arrazoi estrukturalak eta %1 aberatsenen ondasunen proportzioak ez zuen ia-ia batere behera egin. Aitzitik, igo egin zen Brasilen kasuan.

Hala ere, akats larriena -baina, egia esan, irtenbide oso zaila zuena- herrialde aurrerakoien politika ekonomikoan, estraktibismoan, oinarritu izana izan zen. Mende hasieran kapitalismo globalak ekonomia eskualdeka banatu zuen. Triangulu horretan, pobretutako munduari, Latinoamerikari tartean, lehengaiak eskaintzea zen plana.

Hasieran hazkunde ekonomiko orokorrak lehengaien prezioak igo zituen eta ekonomia estraktibistak tranpan erori ziren, handik urte batzuetara, errezesioaren haritik, prezioek behera egin zutelako.

Gainera, estraktibismo horrek sekulako eraginak izan zituen, eta ez bakarrik ingurumenean. Gobernu batzuek, Ekuadorrekoak kasu, modernitatearen kontzeptu hegemonista bat inposatu zieten, edo saiatu ziren, herri indigenei eta nekazari txiroei, eta horrek komunitateak hustera behartu eta bertako ekonomia txikiak desitxuratu zituen.

Giro horretan hazkunde ekonomiko orokorra eten egin zen eta 2013an protestak nagusitu ziren Latinoamerikako kaleetan, kasu batzuetan errepresioa jasan zutenak. Hor hasi zen marearen beherakada.

Erronka handiak

Bera ordezkatu zuen «bosturteko beltza», ordea, arazo bat bera ere konpondu ez eta egoera gaiztotzea lortu duen amesgaiztoa baino ez da izan, motzagoa baina luzeegia.

Uruguain ezik -2020an eskuinak lortu zuen gobernua-, gainerako herrialde gehienetan ezkerra gailendu da.

Egun Latinoamerikako sei ekonomia indartsuenak ezkerreko gobernuen eskuetan daude (Brasil, Mexiko, Argentina, Txile, Kolonbia eta Peru). Baina aurrean dituzten erronkak ez dira makalak.

Hasteko, klase herrikoien bizi baldintzak berehala hobetu behar dituzte, Brasilgo hauteskundeetan ikusi den bezala ultraeskuinaren mamua hor dagoelako eta, kasu honekin jarraituz, Lularen garaipena “stablishment”-arenarekin nahastu egin delako.

Horrez gain, estraktibismo hutsari uko egiten hasi beharko dute, ekonomia anitzagoa sortzen saiatuz, lehengaien prezioen mende ez egoteko. Are gehiago dagoeneko begi bistan delako kapitalismo globalaren mantra, hots, mundu merkatuan sartuz gero herrialde guztiek, esportatzaile hutsak tartean, garatzeko aukera izango zutela, gezur are hutsagoa dela.

Eta horrekin guztiarekin zerikusia duen azken erronka politiko bati eutsi beharko diote: norabidea. Zein izango da Latinoamerikako ezkerraren eredua? Txilen Gabriel Boricek edo Kolonbian Petrok ezarri nahi dutena? Feminismoaren eta ekologismoaren borrokatan oinarritzen dena?

Ez dirudi, Chavez zendu zenetik hamar urte beteko diren 2023an, eta bere ekonomia jota dagoela ikusita, Nicolas Maduroren Venezuela agintaritza mantentzeko gai izango denik. Are gutxiago soilik geopolitikan oinarritzen den Ortegaren Nikaragua. Kubak ere nahikoa du berearekin.

Erronka handiak baina itxaropentsuak. Garaipenetik soilik egin ahal zaielako aurre.