GAUR8 - mila leiho zabalik
URTEA 10 ARGAZKITAN (II)

Maialen Lujanbio eta Leo Messiren bideek bat egin zuten berriz urte amaieran


Egun gogoangarria izan zen abenduaren 18a. Euskal Herriko etxe askotan borroka sortu zen Bertsolari Txapelketa Nagusiko edo Munduko Futbol Txapelketako finalaren artean hautatu behar horretan. Leo Messiren Argentinak Munduko Kopa hirugarren aldiz altxatu eta minutu gutxira jantzi zuen Maialen Lujanbiok bere hirugarren txapela.

> Euskadi Sariak

Historian lehen aldiz, Euskadi Literatura sarietako irabazle guztiak emakumeak izan dira 2022an. Euskarazko Literaturan Uxue Apaolaza izan da saritua, “Bihurguneko nasa” lanarengatik; Gaztelaniazko Literaturan Edurne Portelaren “Los ojos cerrados”; Itzulpengintzan Koro Navarro eta “Fiesta. Eguzkia jaikitzen da”; Haur eta Gazte Literaturan Leire Bilbaoren “Barruko hotsak”; Ilustrazioan Maite Mutuberriaren “Irrimola”; Euskarazko Saiakeran Irati Jimenezen “Begiak zabalduko zaizkizue. Literaturari buruzko elkarrizketa bat”; eta Gaztelaniazko Saiakeran Teresa Maldonadoren “Hablemos claro” izan da irabazlea.

(Idoia ZABALETA / FOKU)

«Atzera begirakoa egiterakoan, garai hauen ezaugarri bat izango da emakumeen presentzia eta emakumezkoak egiten ari diren eta egin dioten ekarpena», aipatu zuen sari banaketan Bingen Zupiria Kultura sailburuak.

> Oinatz Bengoetxea

Oinatz Bengoetxearen agurrak esku pilotaren urrezko belaunaldi bati amaiera ipini dio. Baina leitzarrarena ez da ohiko agurra izan. Aurrelariaren ametsa debutatu zuenetik 20 urte betetzen ziren egunean Leitzan bertan, herriko zaleen aurrean, jokatuz agurtzea zen. Baikok, ordea, ez zion aukera hori eman eta otsailean jokatu zuen Labriten bere azken partida enpresa “handien baitan”.

Baina Oinatzek ez zion bere ametsa betetzeari uko egin, eta bere ibilbidea udazkenera arte luzatu zuen, herri txikietan afizionatu mailako pilotariekin edo maila apalagoko beste profesional batzuekin neurketa mordo bat jokatuz, bai Euskal Herrian eta bai Euskal Herritik kanpo.

(Jagoba MANTEROLA / FOKU)

Azkenean, agurra urriaren 15ean iritsi zen Leitzako plazan, azken partida Asier Garcia bere lehengusuarekin jokatuz Xala eta Barriolaren aurka. Eguraldi bikainarekin, sekulako jendetza bildu zen agurraz gozatzeko, eta ondorengo bazkarian ere 800 bat lagunek hartu zuten parte.

> Maialen Lujanbio

Pandemiak hala behartuta, urtebeteko atzerapenarekin jokatu da 2022an Bertsolari Txapelketa Nagusia, eta txapela Maialen Lujanbiok irabazi du hirugarren aldiz. Irailaren 24an hasi zen lehia, 42 bertsolarik hartu dute parte eta finala abenduaren 18an iritsi zen lehen aldiz Nafarroara, Nafarroa Arena pabiloira.

(Iñigo URIZ / FOKU)

Gainera, finalera emakume bat baino gehiago sailkatu dira lehen aldiz, hiru zehazki: Maialen Lujanbio, Alaia Martin eta Nerea Ibarzabal. Nolabait, azken urteetan oinarrian izan den aldaketa gailurrera ere iritsi dela esan daiteke, beste datu batek erakusten duenez: lehen faseari ekin zioten 14 emakumeetatik 10 bigarren faserako sailkatu ziren.

Lujanbiok 2.240 punturekin irabazi zuen, Amets Arzallus izan zen bigarren 2.166rekin.

> Argentina

Argentinak hirugarren aldiz irabazi du Munduko Futbol Txapelketa. Seguruenik munduan jende gehien mobilizatzen duen kirol ekitaldia Qatarren ospatu da urte amaieran eta zale askok eta askok espero zuten argazkiarekin amaitu da: Leo Messik bere ibilbide arrakastatsua falta zitzaion garaikur nagusi bakarrarekin borobildu du.

Txapelketa gorabehera askorekin hasi zen. Zelai barruan Argentinak berak lehen partida galdu egin zuen, esaterako, Arabia Saudi bezalako selekzio apal baten aurka. Zelaitik kanpo asko hitz egin zen Qatarrek errespetatzen ez dituen giza eskubideen inguruan.

(Franck FIFE / AFP)

Lehiaketa aurrera joan ahala, ordea, interesa kirol arloan zentratzen joan zen. Maroko izan zen, adibidez, protagonista nagusietako bat, ezustean Espainia eta Portugal kanporatu eta finalerdietaraino helduz. Azkenean Frantziak utzi zuen finaletik at. Kroaziak ere eman zuen ezustekoa, Brasil, faborito nagusietako bat, final-laurdenetan kaleratuz.

Finala 3-3 amaitu zen luzapenean eta penaltietan Argentina gailendu zen.