30 DIC. 2022 ELKARTASUNA EDO MIRENTXIN Urtarrilean eman zuen bukatutzat hogei urtetik gorako jardun solidario aparta Mirentxin Gidariak ekimenak Bi hamarkada pasatxoan urtero 100.000tik gora kilometro eginda elkartasun aktiboa banatu ondoren, joan den urtarrilean azken bidaia egin zuten Mirentxin Gidariak ekimenaren furgonetek. Trukean, euskal presoen «senideen, lagunen eta beste milaka euskal herritarren esker ona» jaso dute mirentxinkideek. Gradu erregresioen aurkako manifestazioa Durangon. (Monika DEL VALLEFOKU) Xabier Izaga Helburua beteta, pozik daude Mirentxin Gidariak ekimeneko lagunak. «Bai, bai, hori bete dugu. Beharrizana eduki dutenean hor egon gara, eta orain hori amaitu denean, harrotasun pixka bat sentitzen dugu. Pena... pena ez, jakina, baina horrelako zerbait ere bai. Ez da pena, baina oso gustura joaten ginen, oso hartu-eman ona geneukan jende horrekin», dio Mario Zamorak, hamar urte baino gehiagoan euskal preso politikoen senideak eta lagunak kartzeletara eramaten ibilitakoak. Sentipen bertsua dute senide eta lagun horiek. Batzuek eta besteek diotenez, «giro positiboa» zen bidaia horien ezaugarria. «Gu musu truk joaten ginen, baina euforiko joaten ginen gidatzeko eta eurei laguntzeko...». Mirentxinkideek beren bidaiariei idatzi zieten gutun batean ziotenez, «konplizitate bat sortu da kilometroz kilometro». Hamarkadetako egoera Amnistia Legeak frankismoaren aparatuen zigorgabetasuna bermatu bazuen ere, haren ondorioz preso politikoak kaleratu ziren. Azkena atera zenetik hurrengo faseko lehenbizikoa sartu artean ez zen hilabete ere igaro. Eta euskal presoen kopurua emendatuz joan zen berehala. Preso haientzako kartzela erregimena bereziki gogorra izan da zenbait hamarkadatan, polizia kartzela barruan izatetik urte askoan luzatu zen bakartze latzenera. Hori nahikoa ez eta Estatu espainoleko eta frantseseko kartzeletan zehar barreiatu zituzten. Urruntze horrek, baina, ez zuen zuzenean presoa zigortzen, baizik eta, batez ere, haren senide eta lagunak, errepideko etengabeko arriskuan jarriz eta senide preso bat izateak dakarren zama ekonomikoa biderkatuz. Lehenago ere urrundu zituzten presoak Carabanchelera, Puertora, Alcalara, Herrerara, baina senideak bidaiak elkarrekin egiteko moduan ziren. Sakabanatu zituztenez geroztik, gehienez senide edo lagunak kartzela berean zituztenekin baino ezin zituzten egin. Elkartasuna Urte horietan guztietan presoei eta haien senide eta lagunei egoera hori ahalik eta arinen gerta zekien, elkartasun mugimendu txalogarria izan da, eta elkartasun erakustaldi horren adierazlerik nabarmen eta ederrenetakoa Mirentxin Gidariak izeneko ekimena izan da, hainbat furgoneta atondu eta astero-astero presoen senide eta lagunak kartzela urrunenetara eramaten zituzten boluntarioak. Urtarrilean egin zuten azken bidaia. Mirentxin 1990eko hamarkadaren amaieran sortu zen, senarra Algecirasen preso zuen Mirentxin Aurrekoetxea zenaren omenez. Astero-astero joaten zitzaion senarrari bisitan eta hari eta alabei laguntzeko talde bat antolatu zen. Ondoren, Durangora eta berehala herrialde guztietara hedatu zen sare hori, «elkartasuna era aktiboan» gauzatzea erabakita, senideen egoera gogorra arindu, laburtu, goxatzeko. Urtero 100.000 kilometro baino gehiago egin dituzte. Hamahiru taldetan antolatutako 850 gidari inguruk osatu dute Mirentxin, Estatu espainoleko eta frantseseko errepideetan zehar bederatzi furgonetatan euskal presoen bisitariak eramateko. Boluntario sare hori, baina, bidaia luzeak egitea baino gehiago izan da. Momentuan momentuko egoerara moldatu behar izan dute. Baziren furgoneten mantenuaz eta bidaien koordinazioaz arduratzen zirenak ere, esate baterako, zenbait pieza konpondu behar izan dituzte, eta gastuei senideek eta lagunek eta Mirentxineko boluntarioek aurre egin diete. Dirua biltzeko, zenbait ekimen abiatu izan dituzte. Iluntasuna, kilometroak... Mario Zamora Etxebarrian bizi da; beraz, Lea-Artibaiko gidari taldeko kide izan da. Bidaia asko egindakoa, ez daki zenbat, hobeto gogoratzen da zer kartzelatan egon den, Estatu frantsesekoetan eta Estatu espainolean urrunen daudenetan: A Lama, Murtzia eta Andaluziakoetan, horien artean maizenik, Puerton. «Gau osoa furgoneta gidatzen, iluntasuna, eta kilometroak eta kilometroak, orduak eta orduak». Berak nolabait zortea izan duela dio, beste batzuek berak baino arazo larriagoak izan dituztela: istripuak, matxurak, kontrolak... «tira, pandemia garaian suertatu zitzaigun bat, gasolindegi batean atseden bat egiten, ezin ginela han egon, joateko... Beste behin furgoneta izorratu egin zitzaigun, bateria, baina bidean furgoneta gehiago egoten ziren eta gu denekin kontaktuan geunden, koordinatzaile bat zegoen, eta halakoetan nondik zebiltzan jakinda, jendea beste furgoneta batera sartzen zen. Guk matxura eduki genuenean, bi furgoneta gindoazen batera, eta bestean bazegoen tokia jendea sartzeko». Talde bakoitzak furgoneta bat zuen. Lea-Artibaikoek Ondarroa zuten koordinazio gunea, eta gidariak eskualde horretakoak ziren. Gidariek beren bidaiariei eskerrak emateko argitaratu zuten gutunean hala diote: «Urte hauetan guztietan argi izan dugu guretzat protagonista nagusiak presoen senideak eta lagunak izan zaretela, eta, bereziki, seme-alaba, senar-emazte zein gurasoak». Halaxe dio Zamorak ere: «Gu pozik... ez dakit zuzena den pozik esatea, baina gu laguntzeko joaten ginen, bidaia edukitzen genuen ostiralean oso animoso egoten ginen, gure indar guztiak prest, bisitan joaten zen jende horrekin egoteko gogoz». Noranzko biko esker ona Gidariok senideentzat, ingurukoentzat, baita presoentzat ere, elkartasun eredu izan dira. «Bai, komentatzen zuten eurek -dio mirentxinkideak-, eta presoek; adibidez, nik lekeitiar bat ezagutzen dut, ‘Pototo’, Puerton egon zena, eta batzuetan gurasoei edo senideei galdetzen zien norekin joaten ziren, eta haiek, ni nindoanean: ‘Kurtziakoarekin’, ni Ispasterko [Kurtziaga] auzo batekoa naiz-eta, Lekeitio ondokoa». Euren arteko elkartasuna azpimarratu nahi du, «denok bat egiten genuen», eta iltzatuta geratu zaio Arabako herrixka baten izena: Lopida. «Hantxe batzen ginen beti, gasolindegian. Beste leku batzuetan ere bai, joan behar genuen kartzelen arabera». Eta jendea, askotariko jendea ezagutu dute. Lea-Artibaiko gidariak bereziki gogoan du «andre bat, oso adinekoa, haren bila Atxurira joaten ginen. Semea zeukan barruan, ezin zen mugitu Lopidara, eta Atxurin hartu eta bertara eramaten genuen larunbatean. Andre hark zeukan meritua, ez dakit zer berba esan». Beren bidaiariei bidalitako gutunaren amaieran diote gidari lana amaitu badute ere, euskal presoak etxean nahi dituztela, «zuen alboan», eta beren elkartasun erakustaldia ez dela doakoa izan, beren furgonetetan eraman dituzten senideen, lagunen eta beste milaka euskal herritarren esker ona jaso zezaketen «ordainik onena» da-eta. Mirentxin, Mario Zamorak aukeratutako bost hitzetan: «Gaua, kilometroak, Lopida, jendea, elkartasuna». ESKUINEKO FRONTE JUDIZIALA, GRADU PROGRESIOAREN AURKAKO ERASO BETEAN Min handia eragin du presoak sakabanatu izanak, galera ekonomiko ikaragarria hainbat familiatan eta, mingotsena, 16 hildako. Gaur egun ezin da esan egoera latz hori amaitu dela, eta egoera aldatu bada ere, oraindik ere EPPK-ko 173 euskal preso daude; hori bai, gehienak Euskal Herriko kartzeletan. Otsailetik hona nabarmen azkartu dira presoen hurbilketak. Iragarritako guztiak gauzatutakoan, zortzi preso inguru geratuko dira Estatu espainoleko espetxeetan: Madrilgo Estremeran eta Alcalan, Leonen, Palentzian, Kantabrian, Logroñon, Sorian eta Darocan, eta Estatu frantsesean 12; horietatik 11 Lannemezanen daude. 30 lagun daude hirugarren graduan, eta gradu horren aplikazioari dagokionez, 13 helegite jarrita daude, bai Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak zenbait preso bigarren gradura itzultzeko aurkeztuak, bai presoen abokatuek aurkeztutakoak, Auzitegi horretako Zaintza epaileak onartu ondoren atzera botatzeko erabakien aurka. Tratamendu batzordeen aldeko txostenen ostean Gasteizko Administrazioak onartutako hirugarren graduen %80ren aurkako helegiteak aurkeztu dituzte Auzitegi Nazionalean. Bederatzi gradu erregresio izan dira, hirugarrenetik bigarrenera, eta sei presori eragin die gradu erregresio horrek, hiruri Administrazioak berriro eman baitie hirugarren gradua. Gutxienez 110 presok bete dute zigorraren erdia eta, beraz, hirugarren graduan sailkatzeko baldintzak betetzen dituzte. Presoen senide eta lagunei egoera ahalik eta arinen gerta zekien, elkartasun mugimendu txalogarria sortu zen, eta horren adierazlerik nabarmen eta ederrenetakoa Mirentxin izan da «Ez dakit zuzena den pozik esatea, baina bidaia edukitzen genuen ostiralean oso animoso egoten ginen, gure indar guztiak prest, bisitan joaten zen jende horrekin egoteko gogoz»