«Itxita zeuden ate batzuk ireki egin dira eta hori aprobetxatu beharra dago»
Pilota eta euskal selekzioen aldeko borroka izan dira Martxel Toledoren (Oiartzun, 1951) bizitzako ardatzetako bi. Espainiako Kirol Lege berriak atea ireki diezaioke ofizialtasunari pilotan.
Lasai topatu dugu Martxel Toledo Oiartzungo Elorsoro kiroldegiko kafetegian. Jubilatuta baina hamaika saltsatan sartuta oraindik, aspertzeko denborarik gabe. «Ez naiz jokatzailea, baina apustuzalea bai. Apustu egin beharko banu, 2026ko Munduko Txapelketan euskal selekzioa lehiatzen ikusiko dugula esango nuke», dio.
Nola dago Espainiako Kirol Lege berriaren prozesua?
Gaur bertan [abenduaren 22an egindako elkarrizketa da] onartu da Kongresuan. Buletinean argitaratzen denean hurrengo pausoa Kirol Kontseilu Goren delakora jotzea izango da, akordioa lortzeko. Hori Euskadiko Federazioari dagokio. Behin akordio hori lortuta, nazioarteko federazioaren aurrean eskaera egin beharko da, bertan onartu behar dutelako kide guztien artean kide berri baten onarpena. Pentsatu nahi dut urrats horiek negoziatuta daudela, kakotx artean, nazioarteko federazioko beste kideek trabarik jar ez dezaten. Logikoa litzateke, kakotx artean hau ere, agian Espainiak ezezkoa defendatzea, baina beste guztiek baiezkoa ematen badute aurrera egingo luke onarpenak.
Frantziak ere ezezkoa emango duela pentsa daiteke, ezta?
Ez dakit. Biarritzeko Munduko Txapelketan ibili nintzen eta bertan zenbait federaziotako presidente izandakoekin topo egin nuen, Pepe Musi eta hauekin. Eta haiek aurreratu zidaten laster berri onak jasoko genituela. Beraz, argi dago zerbait badagoela landuta. Eskaera egindakoan nik uste dut oso federazio gutxik esan dezaketela ezetz. Espainiak eta Frantziak, agian; baina Mexiko, Uruguai, Argentina, Venezuela, Estatu Batuak... horiek denak lehen behintzat alde zeuden. Munduko Koparen bat tokatuko da 2023an edo 2024an eta normalean hitzordu horiek baliatzen ditu nazioarteko federazioak bozketak egiteko. Eta hurrengo zalantza litzateke zer selekzio izango den: Euskadi? Nafarrik eta Iparraldekorik gabe?
Zer iruditzen zaizu zuri?
Gure barruko betiko arazoa da hori. Printzipioz Euskadiko federazioak ateratzen dituen lizentziak erkidegokoak dira: Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba. Nafarrek beraiena ateratzen dute hango federazioan eta Iparraldekoek federaziorik ere ez daukate, Iparraldeko Liga edo deitzen diotena besterik ez. Hori nola kudeatu? Kanpotik begiratuta nik ikusten dudan aukera litzateke Euskadiko federazioari aukera ematea hala nahi duten nafar eta Iparraldeko pilotarien lizentziak tramitatzeko. Zeren, noski, bai Iparraldean eta bai Nafarroan egongo da jendea aukera izanda ere ez duena euskal selekzioarekin jokatu nahi.
Federazio munduan mota guztietako adibideak ikusi izan ditugu. Nafarrekin batera joan direnak, une batean aldatzea erabaki zutenak...
Herri kiroletako federazioan egiten da Euskal Herriko Txapelketa nafarrekin batera, garai batean atletismoan ere bai... Federazio guztiek ez dute borondate berdina. Pilotan, adibidez, Euskadikoan, Gipuzkoakoan, Bizkaikoan eta Arabakoan argi ikusten da ofizialtasunaren alde egiteko prest daudela. Nafarroakoan, egia esan, ez dakit. Azkenean federazioko presidentea aukeratzen dute pilotariek, epaileek eta teknikariek, eta hor egin beharko litzateke lana jendea euskal selekzioaren alde egitera animatzeko.
Legearen aldaketa hau albiste ona da, zure ustez?
Bai, bai, zalantzarik gabe. Honek ate batzuk irekitzen ditu eta ate horiek aprobetxatu egin behar dira. Ate horiek beti itxita egon dira, politikoki ez zitzaielako interesatzen. Guk beti defendatu izan dugu arazoa politikoa dela eta orain argi ikusi da. Eta negoziazio hori egin dutenez, aprobetxatu beharra daukagu. Nik esango nuke urrats txiki bat dela. Ez naiz gai esateko kuantitatiboki edo kualitatiboki zenbaterainokoa den, baina urratsa dela bai. Eta aprobetxatu beharra dago denborarik galdu gabe, maiatzean Espainian hauteskundeak izango direlako eta orain batzuek lege hori onartu duten bezala besteek atzera egin dezaketelako.
Hala ere, argi geratu da euskal selekzioak onartzeko azken hitza nazioarteko federazioek dutela.
Argi izan behar dugu nazioarteko federazioak elkarte pribatuak direla, hemengo edozein txoko edo elkarte gastronomiko bezala. Horrelako eskaera bat onartu behar dutenak bazkideak dira, zuk ezin duzu hor sartu bazkideek ezezkoa ematen badute. Kasu honetan, Nazioarteko Pilota Federazioan ez dakit zehazki zenbat kide dauden sartuta (33 dira webgunearen arabera). Suposatzen da, Espainia eta Frantzia kenduta, euskal selekzioa onartzearen aurka ez dagoela inor. Teorian, eta negoziatuta baldin badago, ez litzateke arazorik egon beharko, baina ikusiko da. Gauzak egun batetik bestera aldatzen dira askotan.
Pilotariekin agerraldiak ere egin zenituzten.
Aurten Munduko Txapelketa Biarritzen jokatzen zela-eta, zerbait egitea pentsatu genuen. Nolabait presioa egin nahi genuen, ez delako logikoa 2022. urtean, ‘euskal pilota’ izena duen kirol batean, etxean jokatzen den lehiaketa batean, Espainia eta Frantziarekin jokatu beharra. Hortik abiatu ginen eta planteatu genuen bi agerraldi egitea: bata Durangon eta bestea Biarritzen. Durangoko agerraldian jende asko egon zen, federazioko presidente ohiak eta beste hainbat aurpegi ezagun. Aldarri ozen eta indartsua izan zen. Eta gero, Munduko Txapelketan beste agerraldi bat egin genuen. Ikusten dena da pilotariak, batez ere Iparraldean, kontzientziatuta daudela. Badaude kasuak aurten bertan Munduko Txapelketa jokatzeari uko egin diotenak.
Zer irakurketa egiten duzu Lakuako Gobernuak nazioarteko federazioen aurrean eskaera formalak egiteko martxan jarritako bideari buruz?
Alde batetik, hauteskunde garaian EAJk beti jotzen duela euskal selekzioaren inguruan dagoen saltsa hori bere aldera eraman nahi izatera. Eta bestetik, kasu konkretu batzuetan egoera nahiko eutsiezina dela; euskal pilotaren adibidea aipatuko nuke berriz. Beraz, urrats positibotzat hartzen ditut, gainera horrela delako: federazioei beraiei tokatzen zaie eskaera egitea. Baina egia da kutsu politikoa badagoela, federazio asko beraiek kontrolatzen dituztelako, futboletik hasita. Gehituko nuke borondatea behar dela, baina ez erdibidekoa, baizik eta zintzoa.
Urte asko izan ziren ESAITekin lehen lerroan. Zer oroitzapen dituzu?
Zoragarriak. Askotan hitz egiten ziguten hura guretzako lana balitz bezala, eta ez zen horrela. Guk gustura egiten genuen zerbait zen. Guretzat Bilbon 30.000 pertsona biltzea Euskal Herriaren eta Kataluniaren arteko partidaren egunean... sekulakoa zen. Egin genituen harremanak, kirolariekin tratua, jendeak erakusten zuen inplikazioa... Giroa bizi egiten zen eta niretzat ohore bat da bertan egon izana. 17 bat urte izan ziren ESAITekin eta bizipenak izugarriak izan ziren. Egia da batzuetan estresa sortzen zuela, baina oso pozik. Pena apur batekin amaitu genuen. Pentsatzen genuen atzetik etorriko zela jendea jarraipena emango ziona. Eta badago, baina beste modu batera. Apur bat kezkatzen nau egoerak.
Ofizialtasunaren aldeko jarrera aldatu da, edo garaiak dira desberdinak?
Nik uste dut jarrera apaldu egin dela, zalantzarik gabe. Eta gizartea ere aldatzen doa. Biak batera doaz, segur aski. Baina uste dut talde bat egoteak, buru-belarri horretan sartuta, gizartetik apur bat tiraka ibiliko dena, horrek ere izango duela eragina. Kanpotik hitz egitea erraza da eta ez diot inori kritikarik egingo, bakoitzak ahal duena egiten du, baina esango nuke guztion errua izan dela. Hasteko, gurea: agian ez genuen utzi behar hain azkar, transmisioa sendotu gabe.