07 ENE. 2023 PANTAILA TXIKIAN Guraso (in)perfektuak Albiste bat: «Katixa Agirreren ‘Amek ez dute’ zinemara eramango dute. Mar Coll zuzendari kataluniarrak moldatuko du liburua pantailara, eta aurten hasiko dira filmatzen. Eskolakide batek bere bi ume bikiak hil dituela jakiten duen ama eta idazle bat du protagonista». Eta amatasunari loturiko hainbat gai jorratzen dituzten bi liburu: Erika Lagoma Pombar eta Estitxu Fernandez Maritxalarren «M ama* eme* ume*» eta Alaine Agirre Garmendiaren «Karena». Hiru elementu horiek izan dira azken egunotan hausnarketa txiki batera eraman nautenak: amatasuna, haurdunaldia, erditzea edo guraso izatea zineman nola dagoen irudikatua. Irudian, «Cinco Lobitos» filmaren fotograma bat. Gaizka Izagirre “M ama* eme* ume*” liburuan, esaterako, hamahiru lekukotza jaso dituzte, hamaika emakumezkorenak, profil ezberdinetakoak: erditu direnak eta ez direnak, ama ez izatea aukeratu dutenak, ama bakarrak, banatu diren amak, adopzio bidezkoak, amamak, migratzaileak, ama lesbianak... Eta gainerakoak bi aitaren testigantzak dira. Askotariko esperientziak kontatzen dituzte protagonistek: amatasuna eta gaixotasuna, indarkeria matxista, indarkeria obstetrikoa, migrazioa eta seme-alabengandik urrun bizi beharra, osasun mentaleko arazoak, galdutako umeak eta doluak... Gomendioen zerrenda hau osatzeko eta lehen aipaturiko hausnarketa hori behar bezala elikatzeko, gai horiek zeharka edo zuzenean jorratzen dituzten ikus-entzunezkoak topatzen saiatu naiz. Saiatu diot, zoritxarrez, gauzak asko aldatzen ari diren arren, kosta egin zaidalako ikuspegi feminista duten kontakizun errealistak, zintzoak eta benetakoak topatzea; ia guztia topikoak eta etengabeko faltsukeriak baitira, begirada heteropatriarkal batetik abiatzen diren kontakizunak. Iruditzen zait, ikus-entzunezkoek geure egunerokoan duten pisua kontuan izanik, feminismoan ere amatasunari eta gurasotasunari oro har merezi duen tokia emateko bidea ireki dezaketela. Esan ditudan azpigai horiek kontuan izanik, jarraian aipatuko ditudan proposamenak zehatz-mehatz aztertuko banitu, guztiei traba edo alderdi negatibo txikia aterako niekeen arren, honakoak iruditzen zaizkit interesgarrienak: Cinco Lobitos HBO Max eta Filmin Barrenak nahasten dituen film horietakoa osatu du Alauda Ruiz de Azuak. Pertsonaiak erdigunean jarriz, amatasuna, zaintza eta familiaren komunikaziorik ezaz diharduen bidaia emozional zoragarria eraiki du. Lan zintzo, natural, errealista eta hunkigarria oso. Laia Costak maisuki gorpuzten duen Amaia ama izan berri da, eta ez daki nola heldu egoera horri. Baina, aldi berean, alaba ere bada. Beraz, amarekin duen harremanak berebiziko indarra du harentzat. Ruiz de Azuak kontakizuna eszenaratzeko aukeratu duen naturaltasunak eta, batez ere, gertukoak senti ditzakegun pertsonaia horiekin bidaiatzeak lehen unetik pantailara itsastea eragiten dute, ikuslea protagonistaren eta familia horren bidaia-lagun eginez. Hunkigarria oso. Els dies que vindran Netflix eta Filmin Haurdunaldiaren prozesua denbora errealean bizitzeko aukera ematen duen Kataluniako proposamen hau errealismoaren eta naturaltasunaren eremuan urrats bat aurrerago doan filma da, pantaila zeharkatu eta ikuslearen alderdi emozionalenean eragiten duen istorioa baita. Filmak badu berezitasun bat, aktore-bikote protagonista bizitza errealean ere bikotea direla, eta pantailan ikusten dugun haurdunaldi prozesu osoa bene-benetakoa dela. Narratiban, beraz, fikziozko elementuak eta aktore protagonisten benetako bizi esperientziak uztartzen dira. 9 hilabetez, eta haurdunaldi bat tarteko -horrek suposatzen duen guztiarekin-, bi pertsonaren bizitzan sartuko gara. L’événement Filmin eta Movistar Kontzientziak astintzeko filma duzue honakoa, “abortu” hitza ahoskatzeak berak eskandalu handia sortzen zuen garaia irudikatzen duelako. Frantzia, 1963. urtea. Protagonista nagusia, Anne, etorkizun oparoa duen ikasle gaztea da, haurdun dagoela jakiten duen arte. Goizetik gauera, ikasketak amaitu eta bere inguruak ezartzen dizkion murrizketa eta debeku itogarrietatik ihes egiteko aukera zapuztu egingo da. Filma abortuaren aldeko alegatua izateaz gain, emakumearen askatasunaren aldeko garrasia ere bada. Gogorra da, deserosoa, inolako begiramenik gabe ikuslearen barrenak mugitzen dituen horietakoa. Askatasunaren aldeko defentsa oso beharrezkoa. Audrey Diwan-ek kameren atzean egiten duen lana eredugarria da, eta zeresanik ez Anamaria Vartolomei-k oparitzen digun txapela kentzeko moduko antzezlana. Mira lo que has hecho Movistar Guraso izateak bizitzan dakarren erabateko aldaketari aurre egin behar dion bikote baten gaineko erradiografia berritzailea eta nahiko ausarta iruditu zait, ohikoa ez den ikuspegi batetik eraikia. Berto eta Sandraren bizitza kontatzen duen telesail dibertigarria eta une batzuetan baita dramatikoa ere, bi generoen arteko joko ezin orekatuagoan sostengatzen dena. Lorik gabeko gauak eta argibide libururik gabeko “lana”. Bizitzaren errusiar mendiari fikzioaren bidez erritmoa jarriz, telesailak erakusten duen umore zorrotza eta drama ukituak apartak iruditzen zaizkidan arren, ekoizpenaren bertuterik handiena bizitza bera bezain erreala dela da. Hirugarren eta azken denboraldia maisuki itxi duen opari pozoitua iruditu zait, momenturik onenean agurtzen delako. Pieces of a Woman Netflix Lehen 30 minutuengatik soilik ikustea merezi duen filma. Ia denbora errealean kontatutako erditze eszena bat ardatz duen sekuentzia plano itogarri baten ernamuinetik heltzen dio ikusleari, oinaze sakonek zatikatutako emakume baten jarraipenean geure begirada iltzatzeko. Arazoa, ordea, gainerako metraje osoan zehar ez duela maila hori mantentzen, behin pertsonaien bizitza betiko markatzen duen ezbehar hori gertatzen denean, pelikula konbentzionalagoa bihurtzen delako eta ez hain zirraragarria. Hala ere, erritmo erakargarririk proposatzen ez duen arren, ausarta iruditu zait normalean tabu izaten diren hausnarketa oso sakonak eta interesgarriak mahai gainean jarri dituztelako, non kasu zehatz baten bidez denok isla gaitezkeen protagonistengan eta ezbeharren aurrean dituzten jarreretan. Denok ikusi beharko genukeen filma dela uste dut. Eztabaidatzeko, hausnartzeko, geure ikuspuntua zein den azaltzeko. Un heureux événement Hiru etapa edo zatitan banatzen den filma: haurdunaldia, erditzea eta hazkuntzaren lehen urratsak. Haurdunaldia eta horren inguruko ia guztia umorez jorratu izan da oro har zineman, eta film hau ez da salbuespena, baina hori ez da gailentzen den tonua. Amatasunari buruzko topikoak saihestu nahi dituen filma baita honakoa. Proposamen ausarta da, eta haurdunaldiaren idealizazio zinematografikotik urrunago doana, ikuspegi errealistagoa emanez. Amatasun zintzoaren eta taburik gabearen barne ikuspegiaren barruan, bikotearen bizitza eraldatzen duen esperientzia gisa ere azaltzen da. Ginekologoarengana egindako bisitak, ekografiak, bihotzaren taupadak entzutearen emozioa, fetuaren sexua ezagutu nahi izatea (edo ez), lehen ostikoak, hormona aldaketak, gorputz aldaketak, umore aldaketak, bereziki emakumeak jasotzen dituen etengabeko aholkuen tsunamia (ez erre, ez edan, ez jan gutxi kozinaturiko haragia, ez jan gazta...). Maid Netflix Bizitza berregiten saiatzen den ama gazte baten zailtasunetan zentratzen da, tartean abusu emozionalek uzten duten orbain sakonak bistaratuz. Lehen atalek istorio berri eta fresko bat aurkezten dute, gogorra eta latza hori bai, Alex protagonistaren bitartez, zeinarekin lehen kapitulutik azkenera arte sekulako enpatia maila lortzen den. Gidoiak indar handia du, ez baita denborarekin mugitzen, pertsonaiek beraiek sortzen baitute gidoi dinamiko eta erakargarri horren erregaia. Margaret Qualley protagonista eta Andie MacDowell-en arteko kimika eta bien antzezpen erakustaldia ere sekulakoa iruditu zait. Petite fille Filmin Zazpi urteko Sasha, mutil baten gorputzean harrapaturik dagoen neska da. Sebastian Lifshits zuzendariak era delikatu eta oso arretatsua erabiliz islatu du Sasharen eta haren ingurukoen esperientzia, dokumental eredugarri, hunkigarri eta zoragarri hau eraikitzeko. Dokumentala amarekin duen elkarrizketarekin hasten da. Hasieran, errua eta mina sentitzen dituen ama baten beldur errepikariak agertzen dira. Izan ere, ordu arte alabak bakarrik sentitu eta bizi behar izan du hori guztia. Ez da zuzenean amatasunaren gaia jorratzen, baina oso interesgarria iruditzen zait azaltzen den istorio horrek zein eragin duen horretan; gurasoak eredugarriak baitira arrazoinamendu eta portaeretan, baita anai-arrebak ere. Nowhere Special Amazon eta Apple tv+ Johnek, 34 urteko leiho garbitzaileak, bizitza eman du bere seme Michael hazten, lau urteko mutikoa, bere amak jaio eta berehala abandonatu zuena. Biek bizitza sinplea daramate, pitzadurarik gabeko maitasun harreman batean oinarritua. Zoritxarrez, Johnek hilabete batzuk besterik ez du aurretik, gaixotasun terminal bat diagnostikatu baitiote. Familiarik ez duenez, geratzen zaizkion egunak Michael adoptatuko duen familia berri bat bilatzen inbertitzea erabakitzen du. Filma modu sotilean idatzia dago, eta ikusleari familiaren egoera deskubritzen uzten dio metrajeak aurrera egin ahala. Gidoiaren meriturik handiena tratamenduan datza, nire ustez: zuzendariak, alde medikoa eta, partzialki, gaixotasunaren hondamenak alde batera uzten baititu, ez du ikuslea malko errazean erortzerik nahi. Pertsona baten, kasu honetan aita baten bizitzako azken asteak dira, eta helburua bakarra da: semeari bizitza berria eta segurua bermatzea. Modu iraunkorrean dago guztia azaldua, era sotilean, esplikatiboegia izan gabe, alde melodramatiko guztietatik ihes eginez eta hori eskertzekoa da oso, aita horren duintasuna azaleratzen delako. James Norton eta Daniel Lemont-en interpretazioak zoragarriak iruditzen zaizkit. Rara Filmin Lesbiana izateagatik alaben zaintza kendu zioten epaile txiletar baten benetako kasua du oinarri istorio honek eta Sara alaba zaharrenaren ikuspuntutik kontatuta dago. Istorio gogorra eta bidegabea izanik ere, filmaren tonua ez da ia inoiz dramara hurbiltzen. Pepa San Martin zuzendaria ez da melodraman erortzen, ezta estereotipoetan ere, eta, ahal den neurrian, egoera desdramatizatzen du umorezko dosi txikiekin. Familia baten parte sentitzearen poza ospatzen du filmak; ia guztia neska txikien ikuspegitik kontatua egoteak xalotasun eta samurtasun ukitua ematen dio, eta tokiko istorio hau kontakizun unibertsal bihurtzen du. Zintzoa, zuzena, egiazkoa eta oso gizatiarra da, eta batez ere ausarta. Auzia filmatu beharrean, San Martinek, alaba zaharrenaren ikuspegitik, gogo aldartea islatu nahi izan duelako; inguruko gatazkak ulertzen saiatzen den bitartean, nerabezaroko aldaketei aurre egin behar dien gaztea. La maternal Ama nerabeen inguruko film gogorra eta ezezaguna den errealitate bati buruzko istorio hunkigarria. Carlak 14 urte ditu eta amarekin batera bizi da jatetxe zahar batean. Gizarte langilea Carla bost hilabeteko haurdun dagoela konturatzen denean, La Maternal zentroan sartuko du. Ama adingabeentzako zentroa da, eta bere eguneroko bizitza egoera berean dauden beste gazte batzuekin partekatu beharko du. Carlaren ama ere haurdun geratu zen adingabea zela, eta aitarik gabe hazi da. Bien arteko harremana gatazkatsua da, eta gaitzespen etengabean oinarritzen da: amak uste du alabaren jaiotzak txarrerako aldatu diola bizitza, eta alabak ez duela inoiz amarik izan. Autoaurkikuntzarako izan behar lukeen etapa hori bat-batean eten egiten da seme-alaben beharrengatik eta amaren rola egokitzeagatik. Horren gai konplexua jorratzeko modurik onena zintzotasunetik da eta Pilar Palomero zuzendariak bide hori hartu du; kamera kokatu besterik ez du egin eta epairik gabe aktore profesionalak ez diren emakumeen bizipen eta kezkarik handienak partekatzea ahalbidetu du.