GAUR8 - mila leiho zabalik
3 BEGIRADA:

Iraganari

Norbere iraganari begiratzea ez da beti ariketa gozoa izaten. (GAUR8)

Egun hauetan zutaz ez pentsatzea ia ezinezkoa egin zait eta ez data seinalatuengatik bakarrik, azkenaldian ikusi dudan telesail batek ere eraman nau zugana. Eta hemen naukazu, zuri hitz hauek eskaintzen. Ez dakit oso ondo nolako harremana mantentzen dugun. Batzuetan begi onez ikusten zaitut, gustuko zaitut, zutaz hitz egiten dut. Une pozgarri eta atseginez beteta aurkezten zara nire aurrean. Beste batzuetan, ordea, beldurtu egiten nau zuri begiratzeak, ez zaitut ikusi ere egin nahi. Iluntasuna, mina eta sufrimendua erakusten dizkidazu.

Atzean dagoen hori zara, nire barruan hainbestetan bueltaka dabiltzan ideia eta oroitzapenak. Atzean esan dut, baina ez dakit hori den zu kokatzeko hitz egokia; barnean, atzean, inguruan, buruan, gorputzean… nork daki. Batzuek esaten dute bueltaka zabiltzala eta errepikakorra zarela oso, dena berriz bueltan datorrelako. Zu behin eta berriz etortzen zarelako. Dena delakoa izanda ere, ezin zaitut atzean utzi. Zergatik jarraitzen didazu denbora guztian?

Esan nahi dizut badirela bueltan etortzea nahi ez dudan oroitzapen eta bizipenak. Mina, lotsa, errua... sentiarazten didatenak dira eta ez ditut berriz ikusi nahi, ulertzen? Etortzen direnean gogor egiten diet, ezabatu egin nahi ditut eta bukle batean sartzen naizela nabaritzen dut. Negazioaren bukle madarikatuan. Hemen doa “1899” telesail honen ideia nagusietako bat (kontuz, spoiler); gure oroitzapenak ezabatzen saiatzen bagara, ezeztatzen, bukle batean harrapatuta geratuko gara. Ez aurrera eta ez atzera. Ataskatuta. Zure iluntasunak ataskatzen nau. Zuk ataskatzen nauzu.

Ez dakit zer egin zurekin. Zuri begiratzea mingarriegia da eta ez badizut begiratzen… edonolako trikimailuak egiten dituzu behin eta berriro nigana etortzeko. Zer egin behar dut zurekin? Nola tratatu behar zaitut? Ez zara inoiz joango?

Orain modan dagoen «hemen eta orain» horri ez dizkiozu gauzak erraz jartzen. Zuk daukazun pisua astunagoa dela sentitzen dut; indar gehiago, insistentzia handiagoa... errepikakorra zer zara, bada! Eta ikusi, badakit nola jokatzen duzun asko eta askotan, ikusten zaitut. Hala ere, aurrera noala sentitzen dudanean bidetik ateratzen banaiz hantxe zaude zu, nire zain. Berriro hemen? Galdetzen didazu. Eta nik zera… zer esango dizut, bada, berriro hemen edo han nagoela, bai.

Konturatu naiz zenbat eta zu ezabatzeko gogo gehiago izan, gero eta indar gehiago hartzen duzula, gero eta presenteago zaudela. Iragana izatetik, oraina izatera pasatzen zarela, alegia. Estrategia guztiz okerra nire aldetik, onartzen dut. Zu ikusi eta zuri begira jartzea izan da egin dudan gauzarik onena. Abesti batek esaten duen moduan, «ikusi eta ikasi eta ondo entzun». Zuk askotan erakutsi didazu pasatutakoa nik begiratu nezan, baina ezin izan dut beti. Egin dudanean soilik sentitu naiz hobeto, arinago, askeago.

Ni gaur naizena zara, zu gabe ezinezkoa izango litzateke izatea. Zu gabe ez litzake oraina egongo, ez eta biharra ere. Ikusten zaitut eta egun batzuetan onartzen zaitut, saiatuko naiz egun horiek maizago izatea. •