Gilen Txintxurreta Beitia
Arkitektoa

Ibaiaz

Irudia: Gilen TXINTXURRETA BEITIA
Irudia: Gilen TXINTXURRETA BEITIA

2022. urtea joan zaigu eta honekin batera joan dira zenbait pertsonaia ezagun ere. Abenduaren 28an Arata Isozaki zendu zen, Pritzker saria jasotako 91 urteko arkitekto japoniarra, gurean ezaguna Bilboko Uribitarte pasealekuan Isokazi dorreak diseinatzeagatik.

Pare bat egun lehenago, Bilbo bisitatu nuen kasualitatez, eta biharamunean, goizean goiz itzuli nintzen paseoan autobus geltokirantz. Bilboko ibaiertza egunez zein gauez ezagutu izan dut, eta beti iruditu zait berezia eta ederra. Itsasadarren ezkerraldea, Zabalguneko hiria, ibaia baino altuago dago, eta eraikinak pasealekurantz erortzen dira, garai eta estilo ezberdineko harresi arkitektoniko ikusgarri bat sortuz. Harresi horretako atea bailiran, kristalezko bi dorre, Isozaki dorreak, beste eraikinen gaindi altxatzen dira, ibaiaren eta hiriaren arteko tartea antolatuz eta batetik besterako zeharbidea sortuz. Hau ez zen berria niretzat, baina azken bisita honetan, egunsentian ikusi ahal izan nuen inguru hau, eta xarma berezi bat nabaritu nion. Zeruaren kolore gorrikarak hiria argitzen zuen, eta kaleetako farolak eta etxe zein bulegoetako argiek dir-dir egiten zuten uraren gainazal leun baina apurtuan. Esnatzen ari den hiri baten irudia, eguerdiko zarata eta kaosetik urrun, lasaia baina energiaz betea.

Bilboren pare, munduko “hiri handi” guztiek ibaia dutela esan ohi da, eta hala da Paris, Londres, Berlin edo Erromaren kasuan. Sorrentinoren “La Grande Bellezza” ikusi duen orok gogoan izango du protagonista, gaupasa egin ostean, Tiber ibaiaren alboan paseoan dabilen unea. Goizaren lasaitasunean, hiria bera desagertu egiten da: ura, hormak, zuhaitzak eta zubiak soilik ikusten dira; hala ere, hiriaren bihotzean dagoela antzematen da zalantzarik gabe. Erroma, bere ibaian da inon baino «Erroma-ago».

Hiriaren eta ibaiaren arteko lotura hau lortzeko baina, naturaren artifizializazio bortitza egin behar izaten da; haren ibilgua, goraldi eta beheraldiak izatera ohitua eta noizbehinka gainez egiten duena, harri edo hormigoizko kortse batekin lotzea suposatzen baitu, bere jardun naturala oztopatuz. Hasi berri dugun 2023 honetan 40 urte beteko dira zehazki, Bilbok inoiz ikusitako uholderik larrienak jazo zirenetik. Hura bezalako momentuek agerian uzten dute naturaren aurka joatearen arriskua.

Gizakion mundua eraikitzeko, natura eraldatu eta menderatzeko joera izan dugu beti, eta gure hiri eta herriak ezinezkoak lirateke hala egin izan ez balitz. Giza jarduera naturaren eraldaketan oinarritzen da, dela gure habitata eraikitzeko, dela lehengaiak eskuratzeko, dela hauek transformatzeko beharrezko energia produzitzeko… Edozein delarik jarduera, ingurua ez da jada guztiz naturala izango, gure basorik berdeena ere kudeatuta baitago.

Hau horrela izanik eta urte berriari begira, desioen zerrendan, gure jardunean praxi ona eskatu nahiko nuke. Praxi on gisa honakoa ulertzen dut: beharrezkoa dena bakarrik egitea, eta egiten den oro ondo egitea. Hiriari eta arkitekturari dagokionez, lurzoruen okupazioa eta errekurtsoen gastua dakarren prozesu oro, gizartearen garapen orekatu eta jasangarri baterako ezinbestekoa denean baino ez egitea, eta egiten den oro, funtzioari soilik ez, haren kalitate formal, material eta sozialari begiratuz egitea. Ñabardurak ñabardura, Isozakik Bilbon jardun zuen bezala jardutea, dorre funtzional soil batzuk egin beharrean, hiriarentzat ate bat sortzea. Urte berri on! •