14 ENE. 2023 { KOADERNOA } Bertsoaren kate motzean Joana Garmendia Pertsona batzuez ezer gutxi dakigu, baina, dakigunarekin, haiei buruzko irudi osatu samarrak egiteko joera dugu. Edo, hobeto esanda, norbaiti buruz dakigunak hari buruzko kontu intimoagoak edo ezkutuagoak iradoki ohi dizkigu. Bakarra al naiz, akaso, trenean jendeari begiratu eta haien itxura hutsean oinarrituta euskaraz nork egiten duen eta nork ez asmatzen aritu dena? Ezertaz ezagutzen ez dudan bizkaitar bati Twitterren txio bat irakurri eta haren konbikzio politiko-etikoak goitik behera ezagutzen ditudala uste izan duena? Ez dugu asko jakin behar besteez dena dakigun irudipena izateko. Joan diren asteetan, nire inguruko eta ez horren inguruko batzuek niri buruz emantzat jo duten datu bat ezagutu dut. Nitaz dakitenetik abiatuta ondorioztatu dutena, gehiegi erratuko ziren beldur izan gabe. Agidanean, bertsozale tankera eman didate. Txapelketa nagusiak iraun duen garaian, batek baino gehiagok galdetu dit ia zer iruditu zitzaidan halako edo halako saioa edo honen edo bestearen kantaldia. Ezagun batek, abenduaren hasiera aldera, «ia Iruñean topo egiten dugun» esanaz agurtu ninduen emailean; eta, ni, buruari hazka, Iruñean bilera, bazkari, kontzertu edo manifarik laster ote nuen ezin gogoratu. Ez naiz bertsozalea. Ez zaizkit bertsolaritzak eskutik ekarri ohi dituen alderdi batzuk gehiegi gustatzen. Horiek ez ditut gaurko kontu, ordea. Izan ere, badu bertsogintzak interesa pizten didan gauza bat, ulertu nahi dudana, eta horregatik entzuten ditut pozik, tartean behin, bertso-sorta batzuk, eta miresten ditut horiek kantatzeko abilezia dutenak. Badu bertsoak zerbait oso eder iruditzen zaidana. Bertsoak ba omen du performatibotik, estetikotik, gorputzetik eta poetikotik zerbait; baina, bertsoa, zerbait bada, hizkuntzaren erabilera da, ekintza komunikatiboa bere soilean. Bertsolariak, hiztun denez, hizkuntza bati dagozkion hitz eta esamoldeak josten ditu, horren bidez entzuleari zerbait adierazteko. Hizkuntza orok arau zehatzak ezartzen dizkio hiztunari, eta hitzekin zer eta nola egin dezakeen mugatzen dio. Bertsotan ari denean, hiztunak arau eta muga are zorrotzagoak ezartzen dizkio bere buruari: adierazi nahi duzun hori adierazi, baina errimei eutsiz, errepikak zainduz eta hitz-silabak neurtuz. Hizkuntzarekin egindako ariketa polita iruditzen zait hori. Hitzen esanahi soilaren bidez literalki eta zuzenean adieraz daitekeena minimoetara murriztu, eta soiltasun horretatik ahalik eta mezurik aberats, ñabartu, argi eta osoena helarazi entzuleei. Gutxi esan, asko adierazteko. Hizkuntzaren erabilerak berebiziko garrantzia du jolas horretan. Bertsolariari lagunduko dio, erronka horretan, hizkuntza figuratiboa erabiltzeak: metaforak, ironia, hiperboleak, meiosiak. Hizkuntzaren erabilera ez-literal horiekin, esan, ez da benetan asko esaten, baina gauza asko iradokitzen dira. Iradokitzen dena zehaztugabe samarra izan ohi da, eta entzuleak behar izaten du testuinguruko informazioa eta hiztunarekin partekaturiko ezagutza, iradoki zaion horri forma eman eta hobeto zehazteko. Gisa honetako ekitaldi jendetsuetan, bat denei ari zaienean, ez dago testuinguru intimoentzat leku handirik, ordea. Horregatik, bertsolariak tiratu beharko du denok-edo partekatzen ditugun irudi eta ideietatik, eta baliatu beharko ditu estereotipoak eta gauza jakinak. Edo izan beharko du oso abila, askotariko askori zerbait zehatza eta fina adierazteko; esan, esan gabe, baina adierazi nahi duenaz zalantzarik utzi gabe. • Bertsoak ba omen du performatibotik, estetikotik, gorputzetik eta poetikotik zerbait; baina, bertsoa, zerbait bada, hizkuntzaren erabilera da, ekintza komunikatiboa bere soilean