28 ENE. 2023 INFRAGANTI Amagoia Arrieta Amagoia Arrieta (Deba, 1974) atleta paralinpiarra da; zehazki, boccia jokalaria. Duela 27 urte luze deskubritu zuen petankaren edo curling-aren tankera duen kirol hori, eta entrenamendu askoren ondoren, munduko onenen artean izatea lortu du. Brasilgo Munduko Txapelketan bosgarren izan berri da eta Parisko Jokoak ditu begiz jota. Amagoia Debako kiroldegian entrenatzen da, eta bertako gimnasioan egin genion elkarrizketa. (Jon URBE | FOKU) Asier Aiestaran Abendu hasieran hartu zuen parte Amagoia Arrieta debarrak Rio de Janeiron egindako Munduko Boccia Txapelketan. Emaitza bikaina dirudi, baina gehiago lortu zezakeenaren sentipenarekin itzuli zen gipuzkoarra, bere buruari jartzen dion exijentzia maila altuaren erakusle. Garun paralisia du Amagoiak, eta hitz egiteko zailtasun batzuk ditu, baina Brasilen egindako lanarekin pozik geratu ote zen galdetu diogunean azkar antzeman diogu balantzea ez zela erabat positiboa izan. Eta bere ibilbidean beti aldamenean izan duen Juanjo aitak azaldu digu arrazoia: «Aulkiarekin arazoak izan zituen eta kirol honetan aulkia ez badaukazu ongi zaila da emaitza onak lortzea. Bosgarren amaitu zuen, baina guk uste dugu arazo horregatik izan ez balitz dominaren bat eskuratuko zuela». Balantze hori ulertzeko ezinbestekoa da Amagoiak azken urteotan lortu dituen emaitza paregabeak aipatzea. Sevillan jokatutako 2021eko Europako Txapelketan brontzezko domina golkoratu zuen, eta iaz beste bi domina lortu zituen: urrezkoa Erromako World Challenger txapelketan eta zilarrezkoa, Povoa de Varzim-en (Portugal) jokatutako Munduko Kopan. Nazioarteko lehiaketak oso garrantzitsuak dira debarrarentzat, rankingean gora egiteko eta Olinpiar Jokoetara sailkatzeko puntuak banatzen dituztelako. «Hirugarren eta bosgarren postuen artean, agian, 20 puntuko aldea dago», azaldu digu Juanjo Arrietak, nahiz eta, dioenez, ondo bidean, 2024an Parisko Jokoetan lehiatzeko arazorik ez lukeen izan beharko Amagoiak. «Olinpiar Jokoetarako txartela ez dago arriskuan; beste bi torneo on eginez gero, ohiko postuetan ibilita, barruan beharko luke», gehitu du Juanjok -hitz horiek esatearekin batera, begirada konplizea gurutzatu dute aita-alabek-. Eta Amagoiak Tokioko Jokoetan gertatutakoa gogorarazi nahi izan du, ez minik gabe. Aitak eman dizkigu xehetasunak. «Tokiora Amagoiak joan behar zuen. Herrialdeka ez sailkatu arren, bakarkako postu bat zegokion rankingaren arabera. Arropa bidali zioten, Bilbon hotel bat ere jarri zioten burbuila egiteko... baina azkenean brasildar bati eman zioten txartela Amagoiari kenduta. Kontseiluko lehendakariordea zen... Horrelakoak gertatzen dira», hausnartu du oroitzapen mikatzaren inguruan. Hasieratik kirolaz maiteminduta Boccia nola ezagutu zuen galdetuta, Amagoiak ederki gogoratzen du gaztetan zuen nahia. «Nik kirolen bat egin nahi nuen, eta bila hasi nintzen. ONCEk zerrenda luzea zeukan», dio. Eta, hain justu, boccia lehiaketa garrantzitsu bat egin zen Euskal Herrian garai hartan. «Etxera etorri zitzaigun esanez Gasteizen Europako Boccia Txapelketa jokatzekoa zela eta ikustera joan nahi zuela. Egunero joan ginen eta kirol horrekin maiteminduta geratu zen», oroitu du Juanjok. Jokatzen nola hasi zen, ordea, ez dute horren ongi gogoratzen; izan ere, 27 urte igaro dira lehen bolak jaurti zituenetik. Amagoiak buruan oroitzapen suelto batzuk ditu: Bergarara joaten zela entrenatzera, ordu pare batez astean; bigarren eskuko bola joko bat erosi zutela; asko gustatu zitzaiola... Amagoia Arrieta, hasieran jaurtitzen den bola zuria erakusten. (Jon URBE / FOKU) Aitak ere ezin izan dio asko lagundu hasiera hura oroitzen, baina pare bat partida gogoan du bereziki, bere ibilbidearen garapena erakusten dutenak. Lehena, Amagoiak jokatu zuen lehen Espainiako Txapelketa -«15-0 galdu zuen, nolako negarrak egin zituen, 20 urte pasa izango dira»-. Eta bigarrena, inork espero ez zuen garaipena: «Ezagutzen dugu jokalari bat, Raul, BC2 mailakoa. Amagoia BC1 da, ezintasun handiagoa dutenen mailakoa, alegia. Bada, egun batean, Amagoiak irabazi egin zion Rauli. Benidormen izan zela gogoratzen naiz. Espainiako jokalari onenetako bati, zailtasun txikiagoko maila batekoari, irabazi egin zion. Eta hor esan zigun: ‘Bide onetik noa. Rauli irabazteko gai banaiz, nahi dudan lekura heldu naiteke’». «Hori duela sei bat urte izango zen, eta hura ikusita, Espainiako selekziorako aurkeztu zen. Azkenean, federazioko arduradunek ikusten dituzte gauza horiek, eta berehala konturatzen dira nork daukan gaitasuna gora egiteko», gehitu du Juanjok, zeinak une horretan kokatu baitu, nolabait, Amagoiaren ibilbideko jauzi garrantzitsuena. Dordoka Kirol Elkartean sartuta eta gaur egun Javi Camacho entrenatzailearen eskutik, Espainiako Txapelketa hiru urtez jarraian irabazi zuen debarrak, eta nazioarteko lehiaketetara joaten hasi zen. «Nire bizitza erabat aldatu da. Lehen lan egiten nuen eta kirola denbora-pasa zen, aisialdian egiten nuen zerbait; orain kirola nire lanbide bilakatu da», onartu du Amagoiak, bizitza horrekin pozik baina suposatzen duen ardura handia ere ezkutatu gabe. Lehiatzeko gaitasuna Arrakasta hori lortzeko gako nagusietako bat Amagoiak tentsio handiko uneetan inguruaz ahaztu eta jokoan soilik pentsatzeko duen gaitasuna dela azpimarratu digu Juanjok. «Alde batetik, bere entrenatzeko modua dago. Bere sekretutxoak ditu -aita bera ere askotan kanpora bidaltzen omen du kontzentratu ahal izateko-, azken batean gauza txiki asko ongi egiteak ekartzen dituelako gero emaitza onak. Automatismo asko ditu barneratuak. Eta bestetik, lehiatzeko duen gaitasuna. Aurreko selekzionatzaileek horregatik esaten zioten "La Roca" (“Harkaitza”), ez delako inoiz bere bidetik ateratzen. Denek gauza bera nabarmentzen dute Amagoiaz: berdin-berdin zaio munduko txapeldunaren aurka edo hasiberri baten kontra jokatzea». Eta, noski, jarrera hori abantaila handia da lehiatzeko orduan. «Amagoiak gauza bat dauka: oso ongi jasaten du tentsioa. Hautatzaileek esaten digute Amagoiak puntu bat gehiagorekin hasten dituela lehiaketak, aurkariak beldurtu egiten direlako bere kontra jokatu behar dutenean. Amagoia oso lasaia delako. Eta beste baliabide bati ere zuku handia ateratzen dio: “azken bola” deitzen zaiona. Zuk pentsa dezakezu partida irabazita daukazula, baina Amagoiak azken bolarekin dena irauli dezake. Povoan horixe egin zuen, adibidez», gogoratu du Juanjo Arrietak. Estrategiaren garrantzia Behin puntu honetara iritsita, komeni da bocciaren arauak apur bat errepasatzea, Amagoiaren lorpenek duten meritua hobeto ulertzeko. Banaka, binaka eta taldeka (hirunaka) jokatzen da. Jokalari bakoitzak sei bola ditu: batek gorriak eta besteak urdinak. Zozketa bidez erabakitzen da nor hasten den jaurtitzen. Horrek lehenik bola zuria jaurtitzen du, eta ondoren berari dagokio gorriekin jokoari ekitea. Gero urdinekin jokatzen duenak jaurtitzen ditu eta, hortik aurrera, galtzen doanak, alegia bola zuritik urrutien dagoenak, jaurti behar du. Helburua nork bere koloreko bolak zuritik aurkariarenak baino gertuago uztea da. Partida bakoitzean lau partzial jokatzen dira -taldekakoan sei- eta lortutako puntu guztiak batzen dira azken emaitza erabakitzeko. Aulkiak sekulako garrantzia du lehiaketetan, eta aulkia onik iristea izaten da atzerrira egindako bidaietan kezka nagusia. (Jon URBE / FOKU) Argi dago zehaztasuna garrantzitsua dela, baina batez ere estrategia kirola da boccia. «Batzuetan zuria jotzea erabakitzen da, beste batzuetan aurkarienak mugitzea edo defentsa bat egitea... Pentsa zenbat urte daramatzadan joko hau jarraitzen, eta batzuetan esaten diodanean ’Amagoia, nik hau egingo nuke’, berak ezetz esaten dit», onartu du Juanjok. «Povoan Bermuda Irletako neska baten aurka jokatzen ari zen, eta partida ia ezinezkoa zeukan, hark bola zuria inguratuta zeukalako haren bola urdinekin. Nik galdutzat ikusi nuen. Baina azken jaurtiketan zuria jo, bere bola gorrietara inguratu eta partida 4-0 irabazi zuen», gaineratu du, adibide moduan, Amagoiaren aitak. «Azkenean hemen tenisean-eta gertatzen den gauza bera gertatzen da: txapelketa nagusi ia guztietan antzeko jokalariek elkarren aurka jokatzen amaitzen dute. Elkar ongi ezagutzen dute eta badakite bakoitzak nola jokatzen duen; hori ere ikasten joaten dira. Jokaldi batzuei, adibidez, hori egin ohi duen jokalari baten izena jartzen diegu. Aurkariaren bolen eta zuriaren artean sartzeari, adibidez, ‘Leti’ esaten dio, askotan hori egiten dion aurkari bat duelako», kontatu digute sekretutxo moduan aita-alabek. Eta ezagutza horretatik abiatuta ohikoa da jokalari bat bestearen baliabideak eta estrategiak erabiltzen saiatzea: «Adibidez, oso garrantzitsua da jaurti aurretik boxean aulkia egoki kokatzea, norabide egokian. Normalean aurkariak boxean bertan mugitzen dira ezker-eskuin. Amagoia, aldiz, atzera etortzen da eta aulkiarekin gerturatzen joaten da kokapen egokia hartzeko. Eta eskuarekin markatzen du norabidea. Eta orain beste batzuk hasi dira gauza bera egiten». Alde horretatik, kontuan izan behar da behin partida hasita jokalariek ezin dutela inolako komunikaziorik izan kanpoko pertsonekin, bolak eskatzeko ez bada. «Epaileak une oro kontrolatzen dituzte komunikazioak. Hor ere tranpa asko egoten delako. Eta kontuz ibili behar da. Azkenean ni Amagoiaren partida bat ikusten ari naizenean nahigabe ere keinuak egiten ditut, jaurtiketa bat ez zaidalako gustatu, oso ona iruditu zaidalako edo nik beste modu batera egingo nukeelako, eta epaile batek keinu hori mezua izan dela pentsa dezake». Babesak eta zailtasunak Kirolari bizitza duintasunez garatzeko laguntza nahikoa ote duten galdetuta, Juanjo Arrietak onartu digu Amagoiaren gaur egungo egoera eskertzekoa dela, baina goi-mailara iritsi arte gauzak oso bestelakoak izaten direla. «Amateurra zaren bitartean zuk egin behar diezu aurre gastu guztiei, baina iristen da momentu bat, gure kasuan bezala, non errendimendu altuko kirolari izendatzen zaituen Kirol Kontseilu Gorenak (CSD), eta hor laguntza sorta eder bat daukazun. Hainbat beka daude, bizitzeko aukera ematen dizutenak. Baina horra iritsi artekoa oso garestia da», dio Amagoiaren aitak. Solasaldi goxoa izan dugu Amagoiarekin Debako kiroldegian (Jon URBE / FOKU) Gastuak, batez ere, bidaietan -«ahal genuen guztietan berekin joan nahi izaten genuelako, eta hori ez du federazioak ordaintzen»- eta aulkian -«hauetako bat ez duzu 9.000 eurotik behera erosiko eta, noski, goi mailara iritsi aurretik erosi behar duzu, zure poltsikotik jarrita»- pilatzen dira. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiete laguntzaile dituzten SD Eibar, Kirolgi, Basque Team eta Debako kiroldegiari. Eta salaketa bat ere bai, aireportuetan aulkiak zein gaizki tratatzen dituzten ikusita. «Bidaietako kezka bakarra aulkia izorratzea izaten da. Zeren aulkia matxuratuta itzultzen zaigu bidaia guztietatik. Ekipajearekin batera fakturatzen dugu. Txekiar Errepublikan, adibidez, hegazkinetik ikusi zuen nola tratatzen zuten aulkia, eta berria erosi beharko zela pentsatuz etorri zen». Baietz dio Amagoiak: «Atzeko aldea ireki zioten, kableak kendu... Batez ere, garrantzitsua da kirolerako. Bizitza normala ia edozein aulkirekin egin dezaket, baina kirola egiteko nire aulkia behar-beharrezkoa dut». Baina zailtasunak zailtasun, oso argi du kirola dela gehien gustatzen zaiona eta horretan jarraitu nahi duela beste urte luzez. • Kirolen bat probatu nahi zuen gaztetan eta Gasteizen jokatutako Europako Boccia Txapelketa ikustera inguratu zen. Erabat maiteminduta geratu omen zen Parte hartu zuen lehen Espainiako Txapelketan 15-0 galdu zuela gogoratu du Juanjo aitak. Negarrez amaitu zuen lehiaketa, baina entrenatu eta hobetzeko asmo sendoarekin Behin goi-mailara iritsita laguntza politak omen dituzte atleta paralinpiarrek, baina horra iritsi arteko ibilbide luzean gastu ia guztiak norberak ordaindu behar ditu, eta ez dira gutxi Asko bidaiatzen du orain Amagoiak hegazkinez, eta kezka nagusia bere aulki garestia nola iritsiko den ikustea izaten da. Kexu da aireportuetan oso gaizki tratatzen dutelako