GAUR8 - mila leiho zabalik

Gurutze Gorriaren lehen anbulantzia Orokietako guduan

(GURUTZE GORRIAREN NAZIOARTEKO BATZORDEAREN ARTXIBOA GENEVAN.)

1863an Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordea sortu zen. Lehen urte haietan Nicolas Landa mediku militar liberalak oso aktiboki parte hartu zuen, urte batzuk geroago Iruñeko “Euskera” aldizkariaren sortzaileetako bat eta Donostian argitaratutako “Euskal-Erria” aldizkariaren kolaboratzailea izan zenak. II. Karlistaldian eta 1872ko maiatzaren 4ko Orokietako guduaren ondoren, Landak, Orokietako zaurituei laguntzeko, Gurutze Gorriaren lehen anbulantzia izango zena antolatu zuen. Anbulantzia ez zen gaur egun ezagutzen ditugunak bezalakoa; garai hartan gurdi, andazain, mediku, erizain eta osasun-langileen multzoa zen. Maiatzaren 5ean argazkilariarentzat posatu zuten, Orokietan, anbulantziako kideetako batzuek: Nicolas Landa banderari eusten, Palacios eta Oskia mediku kirurgialariak, Borra farmazialaria, Moratel praktikantea eta ospitaleko laguntzaileak: Iturralde Suit, Bonifacio Landa, Lagarde eta Egozkue. Argazkian espedizioaren gidaria ere agertzen da, Agirre.