11 FEB. 2023 IKUSMIRA Mozorroa jantzi edo erantzi? (Gorka RUBIO | FOKU) Amagoia Mujika Kaldereroek eman dute baimena eguneroko mozorroa kentzeko. Umore zirikatzailez, norbere buruaz barre egitearen plazerez, bizi dugun garaiari burla egiteak dakarren askatasunez, sikiera egun batzuetan penak erantzi, kalea, lagunartea, umorea janzteko. Lotsaren jantziarekin bizi direnei gehiago kostatzen zaie. Maiz espaloiko ikusle izaten dira. Baina hortik ere goza daiteke. Beste batzuentzat hutsik egin ezineko hitzordua da, etxeko bazterrak astindu zure zu eroena, harrigarriena, jostagarriena kalera ateratzeko. Normalean bizi ez duzun azalean bizi zaitezke inauterien aitzakian, eta toki horretatik mundua ikusi, desberdin seguruen. Normalean erakusten ez duzun aurpegia erakus dezakezu, inork espero gabeko zure talentuak bistaratu, zure izatearen ertz batzuk askatu. Ondo pasatzearen artea arte bat baita, norberak bere zapatetatik eta bere mozorroz gozatzen duena. Mozorroa erantzi beste zu bat janzteko. Inauterietan zer egiten dugu: mozorroa jantzi edo erantzi?