11 FEB. 2023 ARRAUNA NEGUAN Udako estropadetan ikuskizuna emateko beharrezkoa da neguko lan isila Arraunari buruz oroitzapenen bat gogora ekartzeko eskatuz gero jendeari, ia denok udako pasarteren bat aipatuko genuke: traineru estropadaren bat, Kontxa, irabazleei egindako harrerak... Baina horra heltzeko ezinbestekoa da klubek eta arraunlariek neguan egiten duten isileko lana. Hauxe duzue hurbilpen xume bat. Donostia Arraun Lagunak taldearen entrenamendua, aste honetan bertan. Eli Pescador, behean eskuinean, beste taldekide batzuekin batera ergometroa egiten. (Maialen ANDRES | FOKU) Asier Aiestaran ORIOKO KADETEEN ENTRENATZAILEA Arrauna udako kirola da. Esaldia borobila da eta egia da eguraldi onak asko janzten dituela arraun estropadak. Baina uda partean ohiko bilakatzen diren arraun ikuskikun eder horiez gozatu ahal izateko, behar-beharrezkoa da neguan egiten den prestatze lan ezezaguna. Egun motzak, tenperatura baxuak, haizea, itsaskiak... Naturak erabat baldintzatzen duen kirola da arrauna. Hala gertatzen da udan ere estropada bakoitzean, eta zer esanik ez arraunlariek neguan egiten duten lanari dagokionez. Eta noski, arraunlarien entrenamenduak baldintza horien arabera planifikatzen dira. «Gu normalean azaroan hasten gara entrenatzen, aurreneko astean. Hasiera horretan, batez ere, lehorreko lana egiten dugu gorputza berriz ere prestatzen hasteko. Ariketa fisikoak, ergometroa, korrika... Apur bat gorputzari eman diogun atseden horren ondoren gehiegi ez alfertzeko, berriz ere martxan jartzeko. Lehenengo gihar-minak sentitu eta gorputzari gogorarazi berriz ere aktibatzen hasi behar duela», azaldu digu Iñaki Errasti Ondarroako entrenatzaileak. «Guk ohitura dugu, lehen aste horietan, Gabonak pasatu arte, uretako entrenamendua larunbatetan egitekoa. Eta igandeetan oraindik jai hartzen dugu. Aste tartean lau egunetan lehorreko lana eta egun batez, atsedena. Behin Gabonak pasatuta, urtarriletik aurrera, larunbat eta igandeetan uretako entrenamendua eta aste tartean, berdin: lau egunetan lehorreko lana eta egun batez, atsedena», zehaztu du igandean 44 urte beteko dituen ibilbide luzeko arraunlari eta prestatzaile aginagarrak. Uretako entrenamendua asteburuetan egiteak arrazoi bakarra du: astegunetan arratsaldez entrenatuta ilundu egiten duela ia hasterako. «Neguan azkar iluntzen du eta arraunlari guztiak ikasleak edo langileak dira, eta badakigu zer ordutegi izaten diren. Lanetik irteterako ilunduta egoten da eta horregatik uzten da uretako lana larunbatetarako, egun argiz egiteko. Jendeak normalean ez du arazorik izaten larunbatean eta horregatik aprobetxatzen dugu. Behin ordu aldaketa iristen denean eguna luzatzen hasten da eta errazagoa da arratsaldez uretara irtetea», dio Errastik. Ordura arte, lehorreko lanak hartzen du pisu handiena, eta Errastik jakinarazi digunez, badira entrenamendua “etxean” egiten duten arraunlariak ere. «Ni klubera etortzen naiz lehorreko lan hori egitera, baina arraunlari guztiak ez dira Ondarroakoak eta batzuek beren herriko kiroldegian, etxeko garajean edo aukera daukaten lekuan entrenatzen dute. Gero egin dutena niri bidaltzen didate. Nahiz eta elkarrekin ez entrenatu, jendea nahiko kontrolatuta izateko aukera daukat». Erritmoa baino, bolumena Eli Pescador ere esperientzia handiko arraunlaria da. 41 urte beteko ditu aurten, hirugarren denboraldia du Donostia Arraun Lagunak taldean -bere ibilbide ia guztia Hibaikan egin ostean-, eta barru-barrutik ezagutu du emakumezkoen traineru estropadek azken urteotan izandako bilakaera nabarmena. Kontatu digunez, gizonezkoen entrenamendu errutina berdintsuak jarraitzen dituzte eta helburua oinarri fisiko on bat hartzea izaten da. Arraunlari gazteak, Orion zodiac-a uretaratzen. (Gorka RUBIO / FOKU) «Neguko entrenamenduen ezaugarrietako bat izaten da bolumen handiko entrenamenduak direla. Finean, makineria prestatu behar da udara ahalik eta ongien iristeko. Erritmo aldetik esplosiboak baino gehiago, luzeak. Alde batetik pisuak altxatzen ditugu: astean bi edo hiru egunetan indarra lantzen dugu. Beste pare bat egunetan-edo ergometroan ibiltzen gara. Eta beste bizpahiru egunetan uretara irteten gara, baina esandakoa: oraindik erritmo baxuagoan ibiltzen gara. Behin uda gerturatu ahala, entrenamenduak mozten joaten dira eta erritmoak igotzen», azaldu du. Uretara gehiagotan edo gutxiagotan irten, hori izan liteke talde batzuen eta besteen prestaketan egon daitekeen desberdintasuna. Eta askotan arraun talde bakoitzak inguruan dituen aukeren araberakoa izaten da. «Gure kasuan normalean Pasaiako badian entrenatzen dugu, eta horrek aukera ematen digu, itsaso zakarra badago, badia barruan entrenatzeko. Kanpora irten edo ez itsasoaren egoerak baldintzatzen du. Aurten egia da, oraingoz, nahiko eguraldi konplikatua tokatzen ari zaigula. Haize egun asko izan ditugu, haize indartsukoak gainera, egun oso-oso hotzak ere bai, euri askoko batzuk... Alde horretatik uretako egunak nahiko gogorrak suertatzen ari dira», onartu du Eli Pescadorrek. Alde horretatik, Ondarroan ibaiak ez du aukera handirik ematen arraun egiteko eta erabat itsaso zabalera begira bizi den taldea dela esan liteke. «Ibaian entrenatzeko aukera gutxi dago Ondarroan, ur gutxikoa delako. Horregatik itsasoan ordu asko sartzen ditugu. Itsaso oso txarra egon behar du gu Ondarroan ez itsasoratzeko. Beste klub batzuek badute ibaia eta itsasoa uztartzeko aukera. Gu hor apur bat mugatuta gaude, baina saiatzen gara itsasoan ordu asko sartzen. Eta noizean behin Oriora joaten gara, klubaren baimena dugulako bertan entrenatzeko, ibaian», eskertu du Errastik. Monotoniari ihes egin Ibaian entrenatzeko aukera izateak beste arraun modalitate batzuk lantzeko aukera ere eskaintzen du; aulki mugikorra egitekoa, adibidez. Gaur egun, Orio eta Hondarribia dabiltza horretan gehien murgilduta, baina ez da Ondarroa eta Arraun Lagunaken kasua. Neguan eta udaberrian jokatu ohi diren ontzi motzetako estropadei ere ez diete garrantzi berezirik ematen. «Senior mailan ez dugu batela ateratzen, jubenil mailan bai, baina seniorretan ez. Eta trainerilletan ligako estropada batzuk egiten ditugu, txapelketara ere joaten gara, baina ez dugu buru-belarri prestatzen, ez dugu entrenamendu espezifikorik egiten horretarako. Trainerurako prestaketa bezala hartzen dugu», onartu du Iñaki Errastik. Ondarroako trainerua, lehen planoan, iazko Oriako Jaitsieran. (Jon URBE / FOKU) «Traineru jaitsieretara joatea gustatzen zaigu. Ahal dugun gehienetara joaten gara eta helburua eguneroko monotoniatik irten eta lehiarako prestatzea izaten da, batez ere. Aurten gazte asko dauzkagu eta, alde horretatik, uste dut ongi etortzen dela lehiak suposatzen duen guztia barneratzen joateko. Aurrekoan Portugaleten izan ginen, duela bi aste jubenilekin Pedreñan izan ginen, hemendik bi astera Kaikuren jaitsierara joango gara bi trainerurekin... Iruditzen zait ongi etortzen zaigula», gaineratu du. Arraun Lagunak-en ez diete horrenbesteko garrantzia ematen traineru jaitsierei, baina Eli Pescador bat dator Errastirekin monotonia haustea ongi etortzen dela aipatzerakoan: «Momentuz ez gara jaitsiera bakar batera ere joan, eta ez ditugu bereziki prestatzen. Guk beste entrenamendu baten moduan hartzen ditugu. Askotan egiten dugu, adibidez, goizean entrenatu eta arratsaldean jaitsierara joan. Ez diegu garrantzi berezirik ematen. Baina laguntzen dute asko monotoniatik urruntzen. Negua oso luzea da, hilabete asko dira lehiaketarik gabe, eta kirolarioi lehia gustatzen zaigu; bestela, seguruenik, ez ginateke kirol honetan ibiliko. Baina, bestalde, neguan estropada asko egiten badituzu, udan hori nabaritzen da. Gorputza nekatuta iristen da». Finean, talde bakoitzak eta entrenatzaile bakoitzak bere joerak izaten ditu, Orion, Astilleron, Arkoten eta Kaikun ere arraun egindakoa den Iñaki Errastik zintzo onartu digunez. «Batzuek gehiago egingo dute pisua altxatu, edo korrika gehiago eta ergometro gutxiago, edo alderantziz, uretako egun gehiago edo gutxiago... Ni, adibidez, ez naiz hainbeste aldiz uretara joatekoa, baina badira aste tartean ere uretara joaten oso azkar hasten direnak. Zenbaitek entrenamenduetan serie gehiago jotzen dituzte; beste batzuek, agian, gutxiago eta gehiago aprobetxatzen dituzte jaitsierak eta horrelakoak erritmoa hartzen joateko. Beharbada, daukazun taldearen arabera ere entrenamenduak era batera edo bestera planteatuko dituzu: plantilla motza daukazun, plantilla zabala daukazun... Daukazunera moldatu behar duzu, momentuan ikusten dituzun beharren arabera». Eta bera hasi zenetik prestaketa ereduan aldaketarik nabaritu ote duen galdetuta, baietz erantzun digu. «Ziur nago talde batetik bestera gauzak dezente aldatuko direla, baina esango nuke ni hasi nintzenean, 2000ko hamarkada hasieran, askoz pisu gehiago altxatzen genuela. Ordubetez edo ordu eta erdiz ere ibiltzen ginen pisuekin, baina urte batzuk geroago ikusi zen pisu gehiegi jarri gabe errepikapen asko egitea, agian, ez zela horren beharrezkoa. Gaur egun, pisu gutxiago altxatzen da, baina aldi berean gorputza asko lantzen da: "core" eta mota horretako ariketa asko egiten dira. Esango nuke aldaketa nagusia horixe dela, garai batean astakeriak egiten genituela, pisu asko mugitzen genuela gorputzaren kontrol handirik gabe. Uste dut gaur egun gauzak hobeto egiten direla, buru gehiagorekin eta gorputza horrenbeste zigortu gabe». Emakumeak ere trainerura Eli Pescadorren kasuan, zailagoa da garaien arteko konparazio zehatza egitea, urte gutxian emakumezkoen traineru denboraldiak sekulako eraldaketak izan dituelako. «Euskotren Liga sortu zenean (2009an) hantxe nengoen ni, eta orain atzeraka begiratzen badut, gezurra iruditzen zait erabili ziren formatuak ikustea. Hor egon ziren sailkatze estropada arraro batzuk, selekzioka jokatutakoak, Euskotren Ligak eta Gipuzkoako Ligak bat egiten zuten egunak... «Posiblea da?», pentsatzen duzu orain. Baina uste dut, azkenean, horrek ere balio izan duela aurrerapausoak ematen joateko, eta azkenean lortu da Liga egonkortzea, beste oinarri eta ziurtasun batez egitea». Eli Pescador, entrenamenduan ariketak egiten (Maialen ANDRES / FOKU) Sendotze horrek prestaketa askoz hobeto egokitzeko ere balio izan duela dio: «Lehen oso zaila zen ezer planifikatzea. Ez zenekien ziur udan zenbat estropada izango zenituen. Itsu-itsuan egiten zenuen prestakuntza. Bakoitzak bere sentsazioak izango zituen, ontzia ondo zihoan edo ez, baina asteburu hori iristen zenean [Euskotren Ligarako sailkatze estropadena] jokatzen zenuen dena. Ez bazen ongi ateratzen, kanpoan geratzeko arriskua zenuen eta hasierako planteamendua erabat aldatu beharra izatekoa». Eta bilakaera horretan beste urrats bat iritsiko da aurtengo udan, lehen aldiz Euskotren Ligan zortzi traineruk hartuko dutelako parte. Eli Pescadorrek begi onez ikusten du pausoa: «Nik uste dut ikuskizun aldetik Ligak asko irabaziko duela. Lau ontzi bakarrik izateak lehiaketa nahiko motela izatea dakar. Orain bi txanda izango dira, txanden arteko desberdintasunak egon daitezke... Finean, txapelketak emozio handiagoa izango duela iruditzen zait». Eta gu ikuskizunaz gozatzeko prest egongo gara; are gehiago, arraunlariek neguan egindako lana ezagututa. «Badakigu haurrak hemen mantentzea zaila dela» Iñigo Tapia, OAEren instalakuntzetan. (Gorka RUBIO / FOKU) Iñigo Tapia Orioko kadeteen entrenatzailea da. Ez zaio «entrenatzaile» deitzea gustatzen, «laguntzaile» esanda nahikoa omen da, baina bi horiez gain beste makina bat kargu ere betetzen ditu Orio Arraunketa Elkarteko eguneroko jardunean: antolatzaile, kudeatzaile, irakasle... Bera bezalako pertsonei esker ehunka gaztetxok arraunean dihardute negua joan eta negua etorri. Arrauna udarekin lotzen dugu, baina zuek uda amaitutakoan hasten zarete lanean, hain zuzen. Kontxako bigarren igandea pasatu eta astelehen horretan hasten gara. Deialdiak egin lehenik, eta gero lehen bilerak. Gaztetxoekin hitz egin, gurasoekin ere bai, eta denboraldia planifikatzen dugu apur bat. Irailaren hirugarren asterako entrenamenduekin hasten gara. Maila bakoitzak -alebinak, infantilak, kadeteak eta jubenilak- bere egunak izaten ditu entrenatzeko: azarora arte, igandeak kenduta, beste egun guztietan izaten dira entrenamenduak; astean bi, hiru edo lau, arraunlari bakoitzak, mailaren arabera. Igandeak libre uzten ditugu eguraldi ona egiten duelako oraindik eta gurasoekin aprobetxatzeko. Azaroaren 1etik aurrera igandeetan ere entrenatzen dugu. Neguan entrenamenduak uraren egoeraren arabera planifikatzen dira. Haize handirik ez badago eta aulki mugikorrean ibiltzeko moduko giroa badago uretara irteten gara; bestela, gimnasiora igotzen gara. Ergometroa egin daiteke, fosoa ere badaukagu... Batzuk hasiberriak izango dira eta beste batzuk, arraunean dakitenak... Lehenengo gauza, eta zailena, lan honekin laguntzeko boluntarioak aurkitzea izaten da. Kopuruaren arabera asko aldatzen da egoera. Aurten, adibidez, 40 alebin dauzkagu, ia denak arraunera lehen aldiz datozenak. Horiek guztiak bi pertsonekin bakarrik entrenatzea oso zaila da. Gero, bai, infantiletarako jauzia prestatzen hasten gara, zein datorren aurreko urtetik ikusi, taldeak prestatu... Eta mailaz igo ahala ere prozesua antzekoa da: hasiberrientzat ontzi berezi batzuk dauzkagu ikasten joateko, eta teknika hartzen joan ahala, ontzi luzeagoetan dakitenekin batera sartzen joaten gara. Hasiberriak dakienari traba egingo dio lehen aldietan, noski, baina ikasi ere azkarrago ikasiko du dakienaren alboan. Gaztetxoentzat txapelketa nagusiak neguan izaten dira, ezta? Nik zortzi urte daramatzat hemen eta betidanik lan asko egin dugu, bai aulki mugikorrean bai bateletan. Aurten, ordea, garai batean jarraitzen zen metodora itzultzea erabaki dugu: aulki mugikorrari garrantzi handiagoa eman, teknika aldetik lan handiagoa egiten delako eta trainerurako ere askoz prestakuntza hobea dela iruditzen zaigulako. Horregatik, aurten batelak dosifikatzea erabaki dugu; ez erabat baztertu, baizik eta estropada jakin batzuetara joan eta txapelketak jokatu. Zer da garrantzitsuagoa: arlo teknikoa edo fisikoa? Dena da garrantzitsua. Haurrez ari garenez, esan dezagun prestatzaile fisikoak dauzkagula, ez diegula guk edozein moduz esaten zer egin. Gure kasuan aurten Rafa Gonzalez de Txabarri arduratzen da arlo horretaz. Talde jarrera, bai, lantzen dugu: elkarren artean lan egiteko modua, mutilen edo nesken arteko harremanak, talde mistoak ere atera izan ditugu... Lanketa horiek ere egiten ditugu, etorkizunerako baliagarriak izango direlakoan, ez horrenbeste orain emango dituzten fruituetan pentsatuz. Noski, emaitza onak lortzen badituzte, askoz hobe, baina batez ere etorkizunean pentsatuz eta egunen batean bai nesken bai mutilen trainerura iritsiko diren ilusioarekin. Nola lortzen duzue hainbat mailatan egiten den lana bateratzea? Koordinatzaile bat daukagu, Ekain Zubizarreta, eta bere bitartez hilean behin elkartzen gara beheko mailetako entrenatzaile guztiak, alebinetatik hasi eta jubeniletaraino, zuzendaritzako kideren bat ere bertan dela. Hilabete horretan bakoitzak zer lanketa egin duen komentatzen dugu, eta ondorengo hilabetera begira zer landuko den ere bai, denok bide beretik joateko. Aurten oso emaitza ona ematen ari zaigu egindako lana, ikusi besterik ez dago Euskadiko Txapelketan zer emaitza lortu ditugun; urteak ziren horren ongi ibiltzen ez ginela. Uste dugu bide onean gabiltzala. Bide luzea izango da, zalantzarik gabe, aurten hasi garelako eredu honekin. Badakigu haurrak hemen mantentzea zaila dela, eguraldi txarra egiten duelako eta abarrarengatik, baina ia lortzen dugun beste kirol batzuetara ez alde egitea, besteek merezi duten errespetu osoarekin esanda. Pozgarria izango da zuekin lan egindako arraunlariak goi-mailara iristen ikustea. Bai. Nire kasuan Altxerritarrak aipatu ditzaket, Mikel Lizarralde, Ion Lizarralde eta beste mutil batzuk ere bai. Nesketan, Ane Arruti, Maddi Alkain, Edith Uranga... iaz Kontxa irabazitakoak. Hori ikusten duzunean, pentsatzen duzu: «Zerbait ongi egiten ari gara». Poz handia ematen du eta azkenean helburua hori da. Eta ikusitakoan kasu egitea; ikustea ez direla zurekin ahaztu. Niretzat hori da sari handiena. «Ligek garrantzi handia hartu dute eta traineruarekin helburu batzuk lortu nahi badira, prestatze lan gehiena horretara enfokatu beharra dago», Pescadorren ustez «Neguko entrenamenduen ezaugarrietako bat da bolumen handiko entrenamenduak direla. Makineria prestatu behar da udara ahalik eta ongien iristeko», azaldu du Eli Pescadorrek Iñaki Errastiri entrenatzen hasi aurreko lana gustatzen zaio gutxien: «Entrenatzaileontzat urteko datarik okerrenak izaten dira, berriz ere taldea osatu behar duzulako» «Batzuek gehiago egingo dute pisua altxatu, korrika edo ergometro gehiago, uretako egun gehiago edo gutxiago...», dio Errastik entrenatzaileen arteko desberdintasunez