GAUR8
GERRAREN HERENTZIA

Errusiak Ukrainako gerra Stalingradeko guduaren herentziarekin lotu du

Errusiarrentzat Stalingrad nazismoarekiko garaipenaren sinonimoa da. Eta Kremlinek bultzatzen duen abertzaletasunean ere toki zentrala du gudu hark. Gaur egun, 80. urteurrenean, eta oraindik ere sarraskiaren gorpuak agertzen diren bitartean, Ukrainako gerra herentzia horrekin lotzen ari da Errusia.

Vladimir Putin Errusiako presidentea Mamayeven, Volgogradeko II. Mundu Gerrako oroigarrian, bisitan otsailaren 2an.
Vladimir Putin Errusiako presidentea Mamayeven, Volgogradeko II. Mundu Gerrako oroigarrian, bisitan otsailaren 2an. (SPUTNIK | AFP)

Laurogei urte igaro dira, baina Stalingradeko guduan soldadu sobietarrek nazien aurka egindako sakrifizioak hiria definitzen du oraindik ere, orain ‘Volgograd’ bihurturik. Gaur egun agintari errusiarrak Ukrainako gerra herentzia horretan kokatzen saiatzen ari dira.

Borroka titaniko hark Volgaren ertzetako hiria markatzen duela gutxi esatea litzateke. Milioi bat hildako baino gehiago izan ziren sobietarren aldean 1942an eta 1943an, eta Adolf Hitlerren erregimenaren bukaeraren hasiera izan zen hura.

Oraindik ere, hiria inguratzen duten estepetan, bi aldeetako soldaduen ehunka gorpu agertzen dira urtero.

«2022an, Armada Gorriaren 1.200 militar baino gehiago aurkitu zituzten, baina 30 baino ezin izan zituzten identifikatu», adierazi du Andrei Orechkinek, gorpuak aurkitzeko eta hilobiratzeko indusketen antolatzaileak.

Errusiarrentzat Stalingrad nazismoarekiko garaipenaren sinonimoa da. Eta Kremlinek bultzatzen duen abertzaletasunean ere toki zentrala du bataila hark.

«Faxismoaren kontra»

Duela bi aste, hiria garaipenaren 80. urteurrena ospatzeko prestatzen ari zen bitartean, agintariek aprobetxatu zuten herentzia horretan kokatzeko ia duela urtebete Ukrainaren kontra hasitako inbasioa.

Ofentsibaren hasieratik Vladimir Putin presidenteak behin eta berriro azaldu du helburuetariko bat Ukraina «desnazifikatzea» dela, eta agintari ukrainarrak errusiar hiztunak sarraskitzeko helburua duten «neonaziak» direla salatu du.

Errusiar asko bat datoz mezu horrekin. Horien artean dugu Andrei Orechkine. «Argi dago faxismoari aurre egiten diogula» Ukrainan, dio Rossoshkako hilerrian, Volgogradetik hurbil. Bertan lurperatuta daude Stalingradeko sobietarrak, alemaniarrak eta errumaniarrak.

Bere ustez, Mendebaldea, Ukrainari laguntzen, naziena bezalako akatsa egiten ari da. «Garai hartan, Alemania naziak eta bere aliatuek gutxietsi zituzten Sobiet Batasunaren berezitasunak, haren potentzia eta herriaren patriotismoa», adierazi du.

Eta «gaur egun Mendebaldeak espero du Errusia ahul izatea», gaineratu du.

Volgograden, Sobietar Batasuna goraipatzen duten sinboloek Ukrainan dauden tropen aldekoak dituzte orain ondoan, errusiar ibilgailuetan ikus daitezkeen Z eta V letrak.

Stalingradeko Guduaren museoa ez da atzean geratu eta Ukrainan hildako soldaduen familien kondekorazioak banatzeko ekitaldiak antolatzen ditu. «Mezua hau da: (Ukrainan hildako) pertsonen arbasoek faxismoaren kontra borrokatu zuten», azaldu du Tatiana Prikaztchikova museoko langileak, Stalingradeko guduaren irudi bat erakutsiz. «Tradizio horren ondorengoak dira, benetan beraiek ere faxismoa borrokatzen ari direlako», gaineratu du.

Volgogradeko biztanle gehienak Stalingradeko guduaren urteurrena ospatzeko ekitaldi arranditsuen alde daude, AFPk baieztatu duenez, baina agentziak gutxi aurkitu ditu Ukrainari buruz hitz egiteko prest.

Ekaterina Sedovaren birraitonak Stalingraden borrokatu zuen, baina ez ditu gauzak «nahasi» nahi.

Kimika ikasten duen 21 urteko neska honek Ukrainari buruz informazio gutxi jasotzen duela aitortu du, «psikologikoki minik ez hartzeko».

Viatxhelsav Iachtchenko Volgogradeko historialariak dio garaipena ospatu duten azken urteetako zeremoniak ez direla izan sobietar garaikoak bezain hotsandikoak.

Eta aurten auzokidearen kontrako erasoa suspertzeko erabil dezaketelako kezka adierazi du. «Onartezina da horrelako paralelismoak egitea», adierazi du, Errusian Ukrainako operazioa kritikatzeak espetxeratzeko arriskua duen arren.

«Agintariek iraganeko garaipenak eta historiako gertaerak erabiltzen dituzte herriaren irudia moldatzeko eta jendearen kontzientzia manipulatzeko», esan du.

Rossoshkako hilerrian Orechkinek, Bigarren Mundu Gerrako Aztarnen Bilatzaile Boluntarioen Batzarreko buruak, gauzak oso modu ezberdinean ikusten ditu. «Etorkizuneko belaunaldiek agian guk egiten duguna egingo dute», adierazi du Volgograd inguruko lur buztintsuan aurkitutako dominak erakusten. «Boterean daudenek gure esperientziatik ikasi izana espero dut, eta hildakoak ez direla geratuko zelaietan abandonaturik», gaineratu du Orechkinek.

Gennady Zyuganov Alderdi Komunistako burua eta beste militante batzuk soldadu ezezagunaren hilobian, omenaldi batean, Stalingradeko garaipenaren 80. urteurrenean. (Natalia KOLESNIKOVA / AFP)

ARMADA GORRIA NAZIEN GARAILE STALINGRADEN

Duela 80 urte, tropa naziek sobietar indarren aurrean amore eman zutenean amaitu zen Stalingradeko gudua. Berrehun eguneko borroka bortitzen ondoren, Bigarren Mundu Gerrako inflexio-puntu hura Errusiarentzako harrotasun eta abertzaletasun sinbolo bihurtu zen.

Moskutik hego-ekialdera 900 bat kilometrora, gerra baino lehen, Stalingrad Sobietar Batasuneko industriaren aitzindaria izan zen. Bertako fabrikek bereziki material militarra ekoizten zuten. Hiriak orduan 600.000 biztanle inguru zituen. Volga ikaragarriaren ondoan zabalduta, Kaukasoko petrolio-baliabide aberatsen bidea kontrolatzen zuen, baita Erdialdeko Asiarako eta Kaspiar itsasorako bidea ere.

Adolf Hitlerrentzat komunikazio nodo hau apustu estrategiko eta ekonomiko bihurtu zen alemaniarren eta sobietarren arteko erasorik gabeko ituna hautsi zuenean 1941eko ekainean. “Stalin hiria” helburu sinboliko ere bihurtu zen.

Stalingradeko gudua 1942ko uztailean hasi zen. Alemaniarren aire-bonbardaketek hiria zapaldu eta hondamen-eremu bihurtu zuten. Indarkeria ikaragarrizko borrokak izan ziren kaleetan, baita suntsitutako eraikinetan ere, non soldadu eta zibil sobietarrek aurre egin zieten tropa naziei. Zibilei Stalinek kontsigna bat eman zien: «Atzerapausorik ez!». Unitate berezien zeregina erretiratzen zen edonori tiro egitea zen.

Friedrich von Paulus jeneral alemaniarraren Seigarren Armadak hiriaren %90 kontrolatzea lortu zuen. Baina, azaroan, Armada Sobietarraren kontraerasoak, pintza mugimendu batez, etsaiak inguratu zituen hirian, negu gorrian eta hornitzeko aukera gabe. 1943ko urtarrilean hasi zen azken erasoa, batik bat soldadu errusiarrek, bielorrusiarrek eta ukrainarrek osatutakoa.

Suntsitutako hiria auzoz auzo hartu zuten. Otsailaren 2an, Von Paulusen tropek amore eman zuten. Berrehun egun eta berrehun gauez, Historiako gudu odoltsuenetarikoak milioi bat eta bi milioi arteko hildako utzi zituen bi aldeetan.

1589an Tsaritsyngo gotorleku gisa jaioa, ‘Stalingrad’ izena hartu zuen 1925ean, Stalinen omenez, bere defentsa ziurtatu baitzuen Armada Zuriaren aurka 1917ko Urriko Iraultzaren ondorengo gerra zibilean.

Sobietar Batasuneko agintarien aginduz Bigarren Mundu Gerraren ondoren erabat berreraikia, Stalingradek ‘Volgograd’ izena hartu zuen 1961ean, Joseph Stalin hil eta zortzi urtera.

Soldadu errusiarrak, Stalingradeko guduan (GAUR8)

Baina 2013az geroztik, hiriak berriro ere ‘Stalingrad’ izena berrartzen du urtero sei aldiz, bereziki otsailaren 2an, guduaren amaieraren urteurrenean, eta maiatzaren 9an, Alemania naziarekiko Errusiaren garaipena ospatzeko.

Hala eta guztiz ere, badago behin betiko aldatzeko proposamena. Garai batean ofizialki Stalinen figura ikuspuntu kritiko batetik hartzen zuten arren, gaur egun bere irudia goraipatzen ari dira eta Molotov-Ribbentrop ituna salatzea delitu bihurtu dute.

Ildo horretan, hiria berriro ere ‘Stalingrad’ izateko aukeraz Kremlinek ez du iritzirik eman, baina ez du ezeztatu ere egin. Biztanleak kontra daude, inkesten arabera, dirua alferrik gastatzea zentzugabekeria delakoan.

Borroka goretsia

Bigarren Mundu Gerra hasi zenetik Wehrmachten lehen errendizioaren eszena moduan, Stalingradeko bataila goraipatu izan da errusiarrek Europa nazismotik salbatu zuten gertaera bezala. Hiriaren erdigunea SESBen boterearen nostalgiaz blaitutako oroimen-turismoaren epizentro bihurtu da.

Hondakin batzuek borroken bortizkeriaren lekukotasuna ematen dute oraindik. Mamayev Kurgan-en, liskar ikaragarriak hartu zituen muino estrategikoan, sobietarrek monumentu faraoniko bat inauguratu zuten 1967an, zerurantz altxatutako ezpata duen Ama Aberriaren estatua batek menderatua.

«Stalingraden defendatzaileek ondare handia utzi ziguten: Aberriarekiko maitasuna, haren interesak eta independentzia defendatzeko borondatea eta proba guztien aurrean indartsu izateko gaitasuna», adierazi zuen 2018an Vladimir Putin Errusiako presidenteak guduaren 75. urteurrenean.

Zinemak ere gertakari tragiko hura bereganatu du, Joseph Vilsmaier alemaniarraren “Stalingrad” (Alemaniak amore eman eta 50 urtera estreinatua) edo Jean-Jacques Annen “Etsaia atarian” (2001) bezalako filmen bidez.

2014an, Fedor Bondarchuk zinemagile errusiarraren “Stalingrad” filmak Errusiaren ordezkari izan zen Oscar sarietan, atzerriko hizkuntzari dagokion atalean. Filma, hein batean, “Bizitza eta patua” Vassili Grossman eleberri ospetsuan oinarrituta dago eta totalitarismo sobietarrari buruzko gupidarik gabeko fresko bat da. Iakov Pavlov sarjentuaren istorioa, gudu hartako heroietariko batena, herri kulturan sartu da “Call of Duty” bideojokoaren bitartez.