Arantxa Urbe - @arantxaurbe
Hezitzailea eta Hik Hasi-ko kidea
3 BEGIRADA:

Hamaika ikusteko jaioak

Irudian, Beskoitzeko ikastolako komunitateak deitutako protesta.
Irudian, Beskoitzeko ikastolako komunitateak deitutako protesta. (Patxi BELTZAIZ | FOKU)

Bada Beskoitzen (Lapurdi) hiru urteko haur bat bertako ikastolan eskolatu dena. Herriko Etxeak ez dio utzi bere ikaskideekin kantinan (jangelan) bazkaltzen. Axuantak (alkateordea) argudiatu duenez, han ez da lekurik beretzat, eta «haurrek egoera erosoan jaten dutela» segurtatu behar du; ikastolak, bere aldetik, salatu du haurrak eskola publikokoekin bazkaldu behar duela erabaki duela Udalak, «ezagutzen ez dituen» beste haur eta zaintzaile batzuekin, bere ikaskideak baino ordubete geroago. Ikastolak oroitarazi du, gainera, irailean 54 haurrentzat izena eman zuela eta urtarrilean 55.a gehi zitekeela jakinarazi zuela. Herriko Etxeak, haatik, ikasturte osorako kantinan gehienez 54 haur egon zitezkeela erantzun zuen; haurraren gurasoek, bestalde, alkateordeari adierazi diotenez, «gure haurra da Beskoitzen eskolatutako haur bakarra zure erabaki zitalak jasan behar dituena». Haien ustez, alkateordearen erabakia ez da pragmatikoa izan, politikoa baizik.

Egoera salatu dute “Diskriminazioari stop! Beskoitzeko ikastolak bizi nahi du” aldarrikatuz, Udalaren «metodoak eta manerak» arbuiatuz eta haurren kuoten bukaera eskatuz. Izan ere, Beskoitzeko ikastolaren arabera, urtarrilaren 10ean hiru hautetsi joan ziren kantinara haurrak zenbatu eta haiek galdekatzera, ikuskatzeko ia hiru urteko haurra han zegoen. Alkateordeak, ordea, ez daki non dagoen arazoa. Hiru urte ditu jangelan kideekin bazkaltzea debekatu dioten ikasleak: haurraren txikitasunak erakusten digu arazoaren handitasunaren neurria.

Herriko Etxeak, baina, ez du txiki geratu den ikastola handitu nahi, ez du beharrik ikusten. Ikasle kopurua 50era murriztearen argudioa erabili izan du askotan, langa hori gainditu bada ere. Ikastolak ez du dirurik eskatzen, baizik eta eraikitzeko eskubidea.

Azken aldian hezkuntza arloan sortzen ari zaizkigun arazoei eta erronkei aurre egiteko matematika aplikatzeko joera gailentzen ari dela dirudi. Eta hor dabiltza ehunekoak atera, portzentajeak kalkulatu eta, hizkuntzaren kasuan bezala, zatiketa sinpleegiak planteatuz euskal herrietan ditugun hiru hizkuntzei ustez trataera berdina ematen dien hizkuntza eredu hirueleduna ezarri nahian. Kasu gehienetan, matematikak irtenbidea eskaini beharrean arazoa areagotzen badu ere. Beskoitzekoa adibidez, okurritzea ere!

Nork zaindu behar du ikasleen ongizatea? Nork bermatu behar du ikasleak ongi daudela eskolan? Nori dagokio haien duintasuna bermatzea? Denon betebeharra da haurrek eta gazteek dituzten eskubideen ulerkera etikoa egitea.

Nago ongizate eta duintasun hori eragiketa matematikoetatik baino gertuago dagoela haurrekiko errespetutik eta haurren kultura ezagutzetik. Euskal herrietako haurrek errespetua merezi dute eta errespetua zor diegu, ikasten duten ikastetxea edozein dela ere: izan sare publikoan, sare itunduan, ikastolan, eskola librean, autogestionatuan, pribatuan edota beste edozein eratako antolaketan.

Hamaika ikusteko jaioak omen gara. Ez gaitezen nahastu, ostera: ez 10+1 matematikoarekin, baizik eta aniztasunarekin eta askotariko aukerekin zerikusia duen Hamaika. •