GAUR8 - mila leiho zabalik
{ DATORRENA }

Azkeneraino joan, plazer hutsagatik


Maiz egiten dut Hendaia eta Urruña-Zokoa lotzen dituen errepide tarte zoragarria. Autoa hartu, bakarrik, eta itsasoak eskaintzen duen panoramaren erabilpen partikularraz gozatzeko pribilegioa daukat. Negu garaian milaka autozalek erabiltzen dute egunero itsaslabarraren higadurari iskin eginez zabalik jarraitzen duen bidea. Udan hamarnaka mila dira.

Dagoeneko Abadiako eremutik Zibururantz abiatzen diren ibiltariek sendrak zapaltzea debekatuta dute. Domaia, beraiek oinez ez, baina nik autoz ahal dut begirada itsasoan galdu. Tira, horretan ere salbuespen txiki batzuk badira. Belharra olatu mitikoa lozorrotik ateratzen denean ehunka eta ehunka jende, autoa bide bazterrean hala edo hola utzita, 2020ko urrian amildegiratu zen itsaslabarrak finkaturiko lerro berriaren inguruan pilatzen dira. Plazer hutsagatik, azkeneraino nahi dutelako gozatu mehatxupean dagoen edertasunaz. Jakin ezazue ilunabar gorrien garaian, lanetik bueltan, itsasoaren erotikari zeruak hartzen dion itxura gozamenerako iturri berria bilakatzen dela enetarako.

Bigarren Mundu Gerraren lekuko isilak diren bunkerren gainean, batzuk kadiretan eserita, beste batzuk smartphoneko kamerari zukurik onena atera nahian, hantxe paratzen dira jendeak, Pirinio Atlantikoetako Prefeturak idatzitako afixetan aipatzen diren arriskuak alboratuta, norberaren gogoa lehenetsiz.

Alta, latzak dira, ondare geologiko handiko eremuan zauria eginez, XX. mendearen hasieran eraiki zen errepidearen etorkizunari buruz adituek landu dituzten aurreikuspen guztiak. Bide batez, oroit dezagun autoaren erabilpena hobetsi aurretik Lapurdiko hiriburua hondartzekin lotzen zuen tranbia zerbitzuan zela. Finean, ongi pentsatuz gero, norberak noiznahi eta nonahi autoz joateko premia sorrarazi zigutenetik ez da hainbeste denbora ere igaro. Bref, nire errepide kuttuna noiz arte erabili ahalko dudan burutazioetan nintzela, Akitania Berriko eskualdea tartean, ur gaineko haize erroten parkea plantatzeko egitasmoarekin lotu dela Baionako Portua entzun dut irratian. Hau amorrua! Egun batean mamu horiek nire panoramika zikinduko dute? Autoa eta haize-erroten artean hautatu beharko?

Horrela ez, horrela ez. Baina nola, bestela? Uhinetan eztabaida piztu da. Azkenaldian ohiko bilakatu zaigun bezala, sakoneko auziari adarretatik ez, adaxkatik helduta, norberaren bizipen, irudi eta kolorezko iruzkinak atera dituzte solaskideek platerera. Ez dut pentsatu nahi zer kolpe hartuko duten heldu den hamarkadatik aurrera, hamaika filmetan agertzen den nire kostaldeko errepide horretatik soilik ez itsusiago den saretik ere, esentza erretzen duten tarranta horiek desagertarazi nahi dituztela jakiterakoan. Hala ere, automozioaren sektoreak “shock” sentimendua nola areagotu aztertzen duen bitartean, lasaitzea hartu dut suge-errepide kudeatzaile nagusiak duen iritzia ezagututa.

Aspalditik dakigu epe oro gainditu dugula. Mugikortasunean eta, oro har, ekoizteko eta bizitzeko ereduan aldaketak egiteko premiaren jakitun gara, herritarrak eta eliteak. Jean-Jacques Lasserrek, ordea, nire «onanismoarekin» jarraitzeko aitzakia eman dit errepide ederraren erabilpena «azkeneraino» eraman nahi duela aitorturik. Arrazoi huts batengatik: plazer hutsa delako guztiz ezohikoa den bidea baliatzea. •